Txorierriko Mankomunitateak hondakinen kudeaketaren azterketa bat egiteko agindu du. Azterketa horretan atez ateko hondakinen bilketaz esaten da hura berria eta polemikoa dela. Eta ez dio gezurrik, batzuen interes politiko eta ekonomikoek horixe bihurtu baitute ingurumenarentzat komenigarriena den hondakinen kudeaketa.
PIGRUB-k (Bizkaiko Hiri-hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala) 2005-2016 aldirako ezarritako helburuen ezarpena kontuan izanik, eta ondoren Espainiar Estatuan onetsitako uztailaren 28ko Hondakin eta lurzoru kutsatuen 22/2011 legea ere kontuan hartuta, jakin behar da haiek ezarritako gutxienekoak Txorierrin ez direla betetzen. Legeak ezartzen du 2020. urtean gutxienez ekoitzitako zabor guztiaren % 50 berrerabilgarria eta birziklatua izan beharko dela. Une honetan, Mankomunitatean ez dugu % 18,8 baino birziklatzen eta berrerabiltzen, eta bosgarren edukiontziarekin ez gara legeak berak ezarritako % 50era helduko, horrela erakusten baitute hondakinen kudeaketa sistema hau erabili duten beste herri batzuetan izandako emaitzek (Deustun, adibidez, hasiera batean familien % 10ek baino ez zuen izena eman bosgarren edukiontzia erabiltzeko, eta ondoren, kopuru honek behera egin zuen). Urrun geratzen dira kopuru hauek atez ateko sistemaren bidez birziklatu daitezkeen % 60 eta % 80 portzentajeetatik.
Gure ustez, EAJ-ren jarrerak ez du benetako soluziorik ekartzen. Birziklatze eskasaren arazoari irtenbide eraginkorrak eman beharrean, irtenbide erosoenaren eta, ingurumenarentzat, garestienaren alde egiten baitute. Beste interes batzuen alde jokatzen ari dira?
Ez da iraultzarik egin behar. Pausu txikiak emanda ere hurbil gintezke bai naturak, bai guk nahi eta behar ditugun birziklatze kopuruetara.
Konposta dezagun Txorierrin!