Topikoak

Aikor aldizkaria 2012ko abe. 17a, 10:04

Testua: Jon Ander Rola, irakaslea

Orain dela gutxi egon nintzen jardunaldi batzuetara irakasle irlandar bat etorri zen bertako hizkuntzaren —gaelikoa— egoera azaltzera. Esandakoaren arabera, Irlanda osoko hiru konderrietan —mendebaldekoetan— soilik da hiztunen kopurua % 50 baino handiagoa. Gaelikoa Irlanda osoan derrigorrean ikasi behar den hizkuntza da, baina horrek ez du bermatzen hiztun osoak lortzea, gure “A” ereduarekin gertatzen den bezala. Ezta, duela urte batzuk konderri guztietan gutxienez ikastolen antzeko ikastetxe bat egotea lortu bazuten ere, eskola horietan harremanetarako gaelikoa erabiltzea ere. Harrigarria da, nire ustez behintzat, independentzia orain dela ehun urte lortu bazuten ere, oraindik egoera horretan egotea. Izan ere, betiko topikoa da independentzia lortzeak hizkuntzaren biziraupena bermatzen duela uste izatea. Argi dago erabakitasunik gabe eta legeetan oinarrituz soilik ez dela hori lortzen. Hala ere, aurrekoarekin ez dut esan nahi geure estatuaren aldekoa ez naizenik. Hizkuntza baten ezagupenaren eta erabileraren arteko aldea beste topiko bat da. Hala, beti pentsatu da hizkuntza baten ezagutza % 50ekoa bada, erabilpena parekoa izan beharko litzatekeela. Txilardegik esan zuen bezala, gizarte elebidun batean oso zaila da hizkuntza gutxituaren erabilera eta ezagutza parekoak izatea, are gehiago gizarte horretako beste biztanleak elebakarrak badira. Zenbat aldiz topatu dugu lagun talde bat zeinetan erdaraz egiten baitute, haietako batek euskaraz ez dakielako? Historian zehar isolaturik bizi izan garelako euskarak bizirik dirauela pentsatzea beste topiko bat da. Horren haritik esan behar dut behin, beste hitzaldi batean, entzun nuela erromatarren garaian inperioa lotzen zuten galtzada inportanteenetariko batzuk gure lurraldetik pasatzen zirela, eta historian zehar horrela izan dela. Europa osoan bertoko hizkuntza mantendu dugun bakarrak izan bagara, isolatuta egon garelako ez da izan, hala nahi izan dugulako baizik. Behin, lezamar bati entzun nion bere herrira erdararen erabilera trenak ekarri zuela. Bere belaunaldira arte euskaraz egiten zutela, baina gaztea zela trena jarri eta erdaraz barra-barra egiten hasi zirela. Eta Larrabetzun horregatik egiten dela gehiago euskaraz gaur egun. Hori egia bada, sinadurak batu beharko ditugu trena Larrabetzura inoiz hel ez dadin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).