Krisia gora eta behera, ezinezkoa dugu egun hauetan ohera irribarretsu joatea. Egunkarian, irratian zein telebistan ematen dituzten albisteek ez digute uzten; eta askoz gehiago hunkitzen gaitu inguruko adiskide askoren egoerak, horiek gertuago ditugulako. Hala ere, baikorrak izateko arrazoiak baditugula uste nahi dut, egoera aldatzeko lehengaiak eta tresnak eskura ditugulako.
Lehengaiei dagokienez, aspaldian amaitu zitzaigun inguruko burdina, Bermeoren pareko gas-poltsa ere bai... Zorionez. Hala esaten diegu BTEK-era bisitan datozen gazteei: zorionez. Gure lehengairik garrantzitsuena—zorionez berriro ere— haiek direlako. Pozik gaude horregatik.
Baina lehengaia, inportantea den arren, ez da nahikoa. Lehengaiari bere balioa emateko, lehenengo eta behin jakin behar dugu zelako gizartea nahi dugun, eta aipatutako lehengaiaren bitartez gizarte horretara urratsez urrats hurbildu.
Ez naiz luzatuko gizarte perfektua definitzen, beste baterako utziko dugu. Labur esanda, bere burua errespetatzen duen gizartea behar dugula uste dut. Eta hala izan dadin, kultura ulertu eta egiten duen gizartea izan beharko da, baita ingurumen eta ekonomia mailan jasangarria den gizartea ere. Fiu! Gizarte horretara gurbiltzeko lehengaia izanik, zeintzuk dira tresnak?
Hezkuntza
Kultura zientifikoak izaera kritikoa sustatzen du, eta irudimena, jakin-mina, pertseberantzia, talde-lana... Beraz, zientzia dugu tresna horietako bat. Baina zientzia ez da osmosiaren bidez lortzen den zerbait. Gure lehengaia kulturaz busti behar dugu, gazteak kulturan murgildu behar ditugu, eta bereziki kultura zientifikoan. Gizarteak horretarako duen tresna lagungarria hezkuntza da.
Beste alde batetik, teknologiak lagunduko digu gizarte, ingurumen eta ekonomia mailan jasangarritasuna lortzen. Baina teknologia erabiltzeaz gainera, hura ulertu eta sortu beharko dugu, eta berarekiko dugun erantzukizunaz jabetu. Teknologia ona edo txarra ez dagoelako; balioa gizarteak egiten duen erabilerak ematen dio. Kasu honetan ere, hezkuntza da tresnarik onena.
Zientziaren Astea bezalako ekintzetan, edo BTEK egitasmoan bertan, aipatutako tresnak sustatzen ditugu, urratsak gizarte hobe baterantz eman nahi ditugulako, eta lana gizarte osora zabaldu nahi dugulako. Lehengaia badugunez —ona, gainera—, goazen denok tresnok elkarrekin baloratu, partekatu eta erabiltzera. Goazen, eskolari laguntza emateaz gainera, hezkuntzaren ardura gizartean hartzera.