Gaur egun, nork itxiko leuke bere beharra ingeniari moduan, magoa izateko? Aitor Bilbaok, Tor magoak egin dau, eta, momentuz, damurik ez. Tor askotan etorten da Txorierrira eta abenduan be Sondikan eta Larrabetzun euki dogu.
Txorierrira askotan etorri zara. Zelan lortzen dozu horrenbesteko arrakastea?
Ez dakit. Hori besteei galdetu beharko zeunskie. Batez be umeen aurrean egiten dodaz saioak. Umeen munduan nahiko ondo moldatzen naz.
Umeen aurrean ibiltzen zara beti? Ez dozuz helduak gurago?
Bardin jat. Edozeinen aurrean egin ahal dot magia: umeak, nagusiak, enpresak... Halanda be, normalean umeak dira nire ohiko publikoa, batez be orain, Gabonetan-eta. Umeak eta helduak ezbardinak dira: umeak ume dira eta beste ikuspuntu batetik ikusten dabe mundua. Trukuak normaltzat hartzen dabez, magoa zaranez, halakorik egin behar dozula pentsaten dabelako. Gauzea da eurek ondo pasetea, zuk magia egiten dozun bitartean. Helduei jagokenez, hareek logikaz pentsaten dabe, eta logika hori apurtzen dozunean, lortzen dozu euren interesa.
Ingeniaritza ikasi zenduan. Ogibidea galdetzen deutsuenean, zer dinozu: magoa ala ingeniaria?
Lehen esaten neban magoa nintzala, eta aisialdian ingeniari egiten nebala behar. Baina hori udan aldatu egin zan, ingeniari beharra itxi nebalako. Orain mago baino ez nabil, eta hortik bizi naz. Badakit oso garai latzetan gagozala, baina horrek indarra emoten deust behar gehiago egiteko eta irudimena gogorrago lantzeko.
Ingeniari lan egiten zenduan eta orain magoa zara. Zer esan eutsuen familiak eta lagunek, beharra itxi zenduanean?
Hurbilekoek, ondoen ezagutzen nabenek, normaltasun osoz ikusi dabe aldaketea. Hareek ziur egozan nonoiz magiarantz emongo nebala pausua. Izan be, ingeniari behar egiten nebanean, magia-saioak prestatzeko, zoro moduan ibilten nintzan oporretan eta asteburuetan: leku batetik bestera, denpora barik...
Magoak erakargarriagoak ziran lehen, ezta? Xarmea galdu dau magiak?
Ez dot uste. Larogeita hamargarren hamarkadan boom itzela egon zan magiaren inguruan. Garai hatan telebistak David Copperfield magoaren truku handiak erakusten ebazan, eta, horreri esker, modan jarri zan magia. Ostean, moteldu egin zan, baina gaur egun berrio biztu da magia: mago asko dagoz, telebista-saioek magia atalak dabez... Telebista gizartearen espilua da, eta bertan magia ikusten bada, horrek esan gura dau gizarteak onartzen edo eskatzen dauala.
Gaztea zara. Zenbat denpora daroazu mago?
Nik 30 urte daukadaz, eta betidanik gustau jat magia. Aititek jokoak egiten ebazan kartakaz, eta horrek interesa sorrarazo eustan. Geroago, “Magia borras†jolasa oparitu eusten. Hamabost urte nebazala hasi nintzan liburuak erosten, Bizkaiko magoen alkartera joaten...
Eta zelan ikasi zenduan?
Berton ez dago unibersidaderik, ezta Harry Potterren liburuetako Hogwarts eskolarik be. Apurka-apurka eta neure kabuz ikasi dot. Gatxa da hainbeste informazino dagoalako eta nora joan ez dakizulako.
Izena euskeraz dozu jarrita: Tor magoa zara; ez, “el mago Torâ€, ezta?
Bai, ez da nik aukeratutako gauza. Nire saioen % 95 euskeraz egiten dodaz, eta jenteak halan esaten deust. Dana dala, eroso eta gustura sentiduten naz euskeraz; are gehiago, gaztelaniaz egiterakoan batzuetan euskerazko txipa aldatzea kostau egiten jat. Harro sentiduten naz beharraren bidez euskerea ikastolaren eremutik kanpo ateratzen dodalako.
Zer da eszenatokiaren gainean gertatu jatzun gauzarik arraroena?
Umeek behin eta berriro harritzen zaitue. Beste era batean pentsaten dabe, eta horrek egoera bitxiak sortzen ditu. Behin batean, txikiegia zan neskatoa atera neban eszenatokira eta negarrez hasi zan. Beste behin, beste mutiko bat atera neban. Nik kolore bat pentsatzeko eskatu neutsan eta gero paperezko bola jaurti neutsan. Han berak pentsautako kolorea egoan idatzita. Baina ez zan bape harrituta agertu, uste ebalako berak kolorea aitatu eta gero idatzi nebala.
Gurean izan da