Boxeoaren artea

Aikor aldizkaria 2013ko urt. 21a, 13:08

Aldekoa Zamudioko Boxeo Taldeak urtebete egingo dau datorren maiatzean. Josu Naranjo hango monitoreak egitasmoaren barri emon deusku, eta martxoan Bizkaiko Txapelketearen finalaurrekoak antolatuko dituela aurreratu deusku. Josuk ondo ezagutzen dau boxeo mundua, izan be, 80ko hamarkadan boxeolaria izan zan. Zamudioztarrak ia 200 burrukalditan hartu eban parte eta Euskadiko txapelduna izan zan hainbat aldiz (Eusko-nafar txapelketak, garai hatan). Espainiako txapelketan be ibili zan. Beraz, ez da arraroa herriko gazteek berarengana jo izana, boxeo gimnasio bat martxan jarteko. “Ideia gazteengandik eurengandik sortu zan, lonjetan-eta egoteaz aspertuta egozalako. Udalagaz jarri nintzan harremanetan eta leku bat itxi euskuen eskola zaharretan”. Taldean 40 gazte inguru batu dira, 14 urtetik 33 urtera bitartekoak. Gehienak mutilak diran arren, neska bi be badagoz. “Gero eta emakume gehiago animaten dira kirol honetan ahalegintzera”. Boxeolariak batez be Zamudiokoak, Lezamakoak, Larrabetzukoak eta Deriokoak dira, baina Bilboko jentea be hurbiltzen da taldearen instalazinoetaraino. “Boxeo gimnasioetan gabilzanok han eta hemen zer dagoan enteretan gara azkenean, eta gurea ondo baino hobeto dago: arrazoizko prezioak ditu, zamudioztarrek 15 euro eta kanpokoek 20 euro ordaintzen dabelako; esperientzia dauan monitorea doan da; eta instalazinoak nahiko ondo dagoz”. Entrenamentuak egunero egiten ditue, 20:00etatik 22:00ak arte. Horrezaz ganera, martitzenetan eta eguenetan 14 urtetik beherako gaztetxoei zuzendutako entrenamentua eskaintzen dabe, 19:00etatik 20:00ak arte. Gaztetxoek zortzi euro ordaintzen dabe hilabeteko. Hareen artean neskato bi dagoz. Gimnasio duina atondu dabe. Boxeolariek eta bazkideek ordaintzen dituen kuotei esker hornidu dabe. Gaur egun 70 bazkide ditue, urtean 12 euroko kuota ordaintzen dabenak. “Gimnasioan dagoan guztia geuk ordaindu dogu. Garestia da eta urtean 5.000-6.000 euroko gastua euki daikegu. Eskunarruek 40 eurotik 60 eurora bitarteko prezioa dabe eta hiru hilabetero 10-12 pare baztertu behar doguz osasun arrazoiengaitik. Ekipajeak be garestiak dira, 300 euro ingurukoak... Datorren urteari begira, Udalak diru-laguntzea emongo deuskula uste dogu eta herrian boxeo-emonaldiak antolatzeko erabilteko asmoa dogu berau”. Josuk, batez be, boxeoaren artea irakasten deutse boxeolari gazteei, eta garrantzia teknikeari emoten badeutsie be, kirolaren arlo guztiak lantzen ditue. Besteak beste, pisuak altzaten ditue eta ariketa kardiobaskularrak egiten ditue. “Gimnasioa kirola egiteko gogoa dauan edonori dago zabalik. Gure asmoa ez da lehian ibilteko boxeolariak trebatzea; gu zaleak gara eta gazteek kirola egitea dogu helburu, zaletasun bat euki daiela eta sasoi onean egon daitezala. Halanda be, profesional mailan aritu gura dauan baten bat balego, laguntzea emon eta beste leku batera bideratuko geunke”. Josuren esanetan, taldean badagoz gailentzen diran gazteak. Baina, aldi berean, boxeoa oso kirol gogorra dala gogoratu deusku. “Honek ez dau zerikusirik, adibidez, futbolagaz. Partida baten 10 gol sartzen badeutsuez, ez da ezer gertatzen; boxeoan, barriz, ringera igoten zaranean, jo egiten zaitue. Eta gimnasioan dana da oso polita, dana egiten da ondo... baina ideak blokeau egiten dira ringean. Horregaitik oso ondo kontzientziauta igon behar da bertara”. Boxeoa ondo ordainduta dagoan kirola be ez dala aitatu deusku Josuk, oso-oso ona ez bazara, jakina. Aurreretxiak ezabatuz Taldeak dauan beste helburu bat boxeoaren inguruan egon daitezken aurreretxiak ezabatzea da. Halan, maiatzean boxeo-emonaldia antolatu eben lehenengo aldiz eta han boxeolari ospetsuek hartu eben parte. Hareen artean Andoni Amaña Europako txapelduna izan zana egon zan. Herriko jaietan be beste saio bat egin eben. “Esan beharra dago ha jai-batzordeak emondako laguntzeari esker antolatu genduala. Osterantzean, ezinezkoa izango zatekean”. Aurreratu deuskuen moduan, Boxeoaren Bizkaiko Txapelketearen finalaurrekoak martxoaren 2an izango dira Zamudioko kiroldegian. “Pixkanaka-pixkanaka gauzak egiten gabilz eta ekitaldi hau Euskobox, Bizkaiko Federazino eta Udalaren laguntzeagaz antolatuko dogu. Uste dogu 10-12 burrukaldi egongo dirala eta KO1 modalitatea be egongo dala. Modalitate horretan hankak be erabilten dira. Nesken arteko burrukaldiak be izango dirala uste dogu, baina oraindino ez dogu informazino guztia eta zehetasunen zain gagoz”. Emonaldia arratsaldeko 7etan hasiko da eta sarrerea doan izango da bazkideentzat. Gainontzekoek bost euro ordaindu beharko dabe. Arautegi barria onartu da mundu mailan eta hemendik aurrera burrukaldiak kasko barik egingo dirala ezarri da han. Ondorioz, martxoan Zamudion ikusteko erea egongo dan emonaldian ez da kaskorik erabiliko, ziur asko. “Espainiako Federazinoak gai hori konfirmau behar deusku. Egia esan, niri bardin deust boxeolariek kaskoa erabilten daben ala ez, baina badakit ikusleentzat erakargarriagoa izan daitekeala erabilten ez badabe. Eta parte-hartzaileek be errespetu handiagoagaz igongo dira ringera... Barri ona da eskunarru bigunak, 10 ontzakoak, erabilten jarraituko dabela. Nire garaian, gogorrak ziran, zortzi ontzakoak. Eskerrak dana aldatzen dala!”. Aurrean dagoanari begirunea erakutsi Eneko Lasarte larrabetzuarra eta Aitor Rodriguez lezamarra Zamudioko boxeo taldearen kideak dira. Baita ring batera igon diran bakarrak be. Biek gimnasioen arteko txapelketan hartu dabe parte. Txapelketa horreetan ikasteari emoten jako garrantzia, eta ez lehiaketa hutsari. Enekok 22 urte ditu eta boxeo munduan orain dala urte batzuk hasi zan, Derion. “Baina itxi behar izan neban, belarrian kolpea hartu nebalako”. Zamudion gimnasio bat irekiko zala jakin eban eta animau zan han saiatzera. “Eta bat-batean ringean ikusi neban neure burua. Zer sentiduten da han? Urduritasuna, gimnasioan ondo egin arren, ringean maila erakutsi behar dozulako. Ea kolpeek minik egiten daben? Ez, mina astebete pasaten danean hasten zara nabaritzen”. Aitatu deusku gurasoei ez jakela gustaten bera boxeoan ibiltea, baina kirol hau bizitzarako oso baliagarria dala esan deusku, “nasaiago egoteko eta ikasketetan arretea jarteko”. Aitorrek 24 urte ditu eta telekomunikazinoak ikasten dabil. Boxeoan 16 urte zituala hasi zan, Bilbon, eta kirol hau praktikau barik hainbat urte emon ostean, barriro saiatzeko erabagia hartu dau. “Zaletasuntzat dot. Hona barrena nasaitzera eta kirola egitera nator. Boxeoak aurrean dozunari begirunea erakusten irakasten deutsu. Zure helburua ez da ha zanpatzea, gauzak ondo egitea baino”. Gimnasioen arteko txapelketan urduri ibili dala esan deusku, “baina hala-hola egin dozula ikusten dozunean, pozik urten dozu ringetik”.