Iker Jauregi, zaldizkoa: “Egunez egun hobetu gur

Aikor aldizkaria 2013ko urt. 21a, 13:20
Iker Jauregi larrabetzuarrak 16 urte ditu eta bizitza osoa daroa hipikeari lotuta. Ibilpide duina egiten dabil diziplina horretan, eta gaur egun Euskadiko txapeldunordea da saltu kategorian. Nondik edo nogandik jatortzu hipikarako zaletasuna? Urte bigaz hasi nintzan. Arrebea zaldiz ibilten joaten zan eta neuk be aproba egin neban. Gustau egin jatan. Lezaman hasi eta handik Mungiara joan ginan. Bertan jarraitzen dogu gaur egun be. Saltuak egiten bederatzi urte inguru neukazala hasi nintzan. Zergaitik aukeratu zenduan modalitate hori? Hipikan modalitate asko dagoz: doma, kross, raid... baina saltua da gehien gustetan jatena. Nire ustez, dibertigarriena eta interesgarriena da. Primeran pasaten dot saltuak egiten. Entrenamentu gogorrik egin behar da? Ez, baina denpora asko eskatzen dabe. Entrenamentuak gutxi gorabehera ordu eta erdikoak izan arren, aurretik eta ostean badago prozesu bat jarraitu beharrekoa. Prestau egin behar da zaldia, eta beragaz berotu egin behar da, egingo dauen indarrera egokitzeko. Eta entrenamentuaren ostean, barriro be prestau behar dozu zaldia; hau da, bridak, zaltokia eta abar kendu. Hori guztia kontuan hartzen badogu, goiz edo arrasti osoa emon leiteke zaldiagaz. Astean, zenbat aldiz entrenetan dozu? Udan ia egunero joaten naz Mungiara, baina ikasturtearen barruan, hiru aldiz entrenetan dot astean: zapatu-domeketan, eta beste egun bat aste barruan. Ezin naz egunero joan, ikasi egin behar dodalako. Zer zabiltza ikasten? Gatxa da hipikea eta ikasketak buztartzea? Batxilergoko lehenengo mailan nago eta orain arte ondo daroadaz ikasketak. Lehentasuna ikasketei emoten deutsedaz eta, txarrera egiten badot, zaldia apur bat albo batera itxi beharko dot, beharbada. Baina ez litxakit gustauko zaldia eta hipikea guztiz itxi behar izatea. Profesionala izateko asmorik ez daukazu, beraz. Ez, ez dot horrelako asmorik. Gatxa deritxat, gorenera ailegetako, oso-oso ona izan behar zaralako. Nik egunez egun hobetu gura dot; gero eta hobea izan. Baina beste asmo barik. Institutua amaitzen dozunean, zer gustauko litxakizu ikastea? Ingeniaritzaren bat edo fisioterapia. Ogibide ezbardinak dira oso, baina biak gustetan jataz. Zaldiagaz jarraitzea be gustauko litxakit, zaletasun moduan. Hipikatik zerk erakarten zaitu gehien? Zaldiak berak eta saltuak egiteak. Zaldi bi daukaguz: bata, Nenes, arrebarena da; eta bestea, Simba, neurea. Arrebea kanpoan dabil ikasten, eta horregaitik neuk arduratu behar naz askotan bere zaldiaz be. Biakaz entrenetan dot. Gaur egun, Euskadiko txapeldunordea zara, saltu kategorian, eta titulua Simbagaz lortu zenduan. Elkar ulertze handia egon behar da zaldizkoaren eta zaldiaren artean, ezta? Hipikea oso kirol erraza dala pentsetan dau jente gehienak; dana zaldiak egiten dauela. Baina, egia izan arren zaldiak oso ahalegin handia egiten dauela, zaldizkoak be badau oso eginkizun inportantea. Izan be, saltua egiten lagundu behar deutsazu zaldiari. Horretarako, ezagutu egin behar dozu animalia, aurreikusi egin behar dozu zelako erreakzino eukiko dauen zaldiak. Saltua ez dauelako beti bardin egingo: batzuetan beste batzuetan baino hobeto egingo dau, hobeto edo txarrago ailegauko da... Eta zaldizkoak be jakin behar dau erantzun egokia emoten. Hori zaldia ezagutuz lortzen da. Txapelketa eta proba askotan hartzen dozu parte... Bai, Bizkaian, Euskadin... eta, erarik badaukat, nazino mailako probetan be hartzen dot parte, beste erkidego batzuetara joaten naz... Hemen oso maila oneko zaldizkoak dagoz, baina kanpoan irabaztea gatxagoa da, maila altuagoa dalako. Nik nahikotxu sari eta proba irabazi dodaz; halanda guztiz be, garrantzi bera emoten deutsat han edo hemen irabazteari. Hau da, ez neuke bereziki sari bat edo beste bat azpimarratuko. Irabazten bada, hobeto. Nori ez jako, ba, gustetan irabaztea? Baina nik ez deutsat garrantzirik emoten horri. Nire ustez, ondo pasetea da benetan garrantzitsua. Proba baten edo bestean parte hartzeko asmorik daukazu? Momentuz ez. Nahiago dot gauzak etorri ahala pentsau, inoz ez dakizulako zer pasau leitekean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).