Buenrollitina Riki Lópezen krisiari aurre egiteko errezeta da. Egoera komikoak, kanta barregarriak eta batez ere baikortasuna eramango ditu mallorcarrak Sondikako Kultur Aretora bihar.
Zer da Buenrollitina? Zein botikatan saltzen dute?
Nire ikuskizunaren izena da, baita nire kanta batena ere. Hitzak medikamentuaren erabilera-orria izango balira moduan daude idatzita. Buenrollitina (energia baikorra, ez kanta) ezin da botiketan erosi, egunero-egunero landu behar da, bizitzak ekartzen dizkigun erronkei aurre egiteko.
Nolako egoera dugun kontuan hartuta, giro ona gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da, ezta?
Bai horixe. Ezkortasuna nagusi da, eta egoera txarrak umoreak dakarren freskotasuna eskatzen digu. Arazoei irribarrez egin behar diegu aurre. Batzuek diote bizitza horrelakoa dela, baina konformatzen direlako. Egoera txarra aldatzeko zerbait egin baino, nahiago dute kakaren partea izan.
Baikortasuna behar-beharrezkoa da antzerkigintzan eta umorean, horietan ere egoera batere ona ez delako...
Baditugu kexatzeko arrazoiak, noski. Ikuskizunen txartelen BEZa % 13 igo da (% 8tik % 21era) eta, hala ere, prezioa jaitsi behar dugu, jendearen erosteko ahalmena ere txikiagoa baita, eta antzerkira joateko erarik ez duelako. Halaber, batzuetan Udalek ez dizkizute zor dizkizuten fakturak ordaintzen. Ondorioz, gure etekin ekonomikoak txikiagoak dira eta etsipena sortzen da. Beste esparruetan gertatzen den moduan, umorista asko gorriak ikusten dabiltza. Baina nik uste dut bizitzak berak jartzen dizkizula probak, eta horiek gainditzeko bizkortu behar duzula. Zure lanak asebetetzen bazaitu, murrizketa ekonomikoa ez da hain garrantzitsua eta bere ordez ilusioa, umiltasuna eta lan-zaletasuna dituzu. Arimaren poltsikoak beti izango ditugu behintzat, ea dagoen gobernurik han eskua sartzera ausartzen denik!
Kantak eta bakarrizketak egiten dituzu. Zer zara, musikari ala umorista?
Batez ere umoristatzat hartzen dut neure burua. Kantautorea eta aktore komikoa naiz, baina nire saioetan testua musika baino garrantzitsuagoa da, Buenrollitina ikuskizunean behintzat. Abestiak bakarrizketan esaten dudanaren bukaera dira, nolabait esanda. Ez dakit “bakarrizketa†hitza bat datorren abestien artean egiten dudanarekin. Bakarrizketak baino gehiago aurkezpenak dira, baina gehienetan aurkezpenak abestiak baino luzeagoak dira.
Ez duzu inoiz kanta serioak egitea pentsatu?
Kontua da inoiz desatseginak izan diren egoerak antzeztu eta horiei esker irribarrea sorraraztea jendeari. Batzuetan gauza batek serioa dirudi, baina umoristok egoeraren beste aldea erakusten dugu, eta horri egiten diogu barre.
Buenrollitina ikuskizuna astero egiten ibili zara Madrilgo Alfil antzokian. Egunero egiteak naturaltasuna kentzen dio?
Ez. Egunero bururatzen zaizkizu gauza berriak eta ikuskizuna inprobisazioren bidez lantzen duzu. Zeramika egitea bezalakoa da: tornua berdin-berdin biratzen da, baina eskuak arinak badira, eta buztina freskoa, lortzen duzun pieza bakoitza bakarra da.
Zelan prestatzen dituzu bakarrizketak?
Esaten dudana ez dut prestatzen, soilik abestiak. Bakarrizketetan aurreko saioetan esan dudana eta bat-batean bururatzen zaidana botatzen dut. Batzuetan, kantetan jaso ez dudan zerbait ere esaten dut...
Diskoak plazaratu dituzu, baita liburuak ere. Denetarik egiten duzu, ezta?
Tira, liburu batzuetan kolaborazioak baino ez ditut egin. Diskoei dagokienez, grabatu eta plazaratu ditut saioen ostean saltzeko, jendeak ikuskizunaren oroigarria etxera eramateko. Eta besterik ez. Artisauek duten filosofia erabiltzen dut nik nire karreran.
Nondik dator zure izen artistikoa?
Duela 17 urte saioak egiten hasi nintzenean, Riki esaten zidaten lagunek. Jendeak akatsa egiten du eta normalean “Ricky†idazten du, Ricky Martin idatziko balute bezala. Baina nirea “c†eta “y†barik idazten da, hau da, “Rikiâ€. Aspaldian galdu dudan borroka da hori. Ez dakit. Garai berri batean gaudenez eta 44 urte ditudanez, agian hasi beharko nintzateke Ricardo jauna esaten...