Euskal pertsonaia mitologikoak interaktiboak dira
Dada Company umeentzako liburu elektronikoak kaleratzen dituan euskal argitaletxe bat da. Orain dala gutxi, Basajendea ipuina emon eban argitara. Euskerazko ipuin interaktibo bat da eta euskal mitologiako pertsonaien historia batu dabe bertan. Ikuika konpainiak iPad tabletetarako, iPhone eskuko telefonoetarako eta Android sistemarako garatu dau ipuina. Gidoia eta irudiak Pernan Goñik egin ditu.
Ipuinak 14 pantaila ditu eta umeek pantaila horreek ikutu behar ditue, Basajaun, Mari eta Ortzi lako pertsonaia mitologikoen gaineko hainbat kontu ezagutzeko. Eta, aldi berean, euskerea ikasiko dabe era dibertigarri baten. Izan be, Dada argitaletxeak azaldu dauen moduan, Basajendea kalidadezko entretenimendu bat da, umeak heztea eta dibertidutea helburu dauena. Era horretan, umeek animazinoak, eszena interaktiboak eta soinu-efektu dibertigarriak topauko ditue bertan. Ipuin interaktiboa on-line eskuratu leiteke Apple eta Google dendetan.
Hiztegi terminologiko barriak
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hamaika hiztegi terminologiko barri argitaratu ditu. Hiztegiok Terminologia Batzordeak onartu zituan 2012. urtean; honeek dira: Automobilen mantentzea, Makina-erreminta, Eskubaloia, Gorputz hezkuntza, Laneko segurtasuna, Negoziazio kolektiboa, Hauteskundeak, Administrazioarekiko auziak, Burdindegia, Metalurgia eta Papergintza. Hiztegi guztiak EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoan dagoz integrauta: www.euskara.euskadi.net/euskalterm.
Itzulpen akademikoak kontsultatzeko aplikazinoa
UPV/EHUko Euskera Zerbitzuak aplikazino barri bat aurkeztu dau: EHUskaratuak. Corpus eleaniztun bat da, eta erabiltzaileari aukerea emoten deutsona Euskera Zerbitzuak azken urteotan itzulitako testuliburuak Internet bidez kontsultatzeko. Itzulpen akademiko horreek metodologia jakin bat erabiliz egin dira ingelesetik, frantsesetik eta gaztelaniatik, eta http://ehuskaratuak.ehu.es helbidean kontsultau leitekez. Era berean, euskerazko terminoak aitatutako hizkuntzetan zelan esaten diran be kontsultau leiteke webgunean. Corpusa 2010ean eta 2011n argitaratutako 29 liburuk osatzen dabe. Etorkizunean, 2012an zein 2010a baino lehen argitaratutakoak be sartuko dira aplikazinoan.
Elhuyar hiztegiak tabletetan eskuragarri
Igaz, Elhuyar Fundazinoak bost hiztegi egokitu zituan smartphone telefonoetarako: Elhuyar hiztegia, Elhuyar hiztegia/dictionary, Dictionnaire Elhuyar hiztegia, Elhuyar Sinonimoen Kutxa eta Elhuyar ikaslearen hiztegia. Horreek tabletetarako be egokitu zituan orain dala gitxi Android eta iOS (iPad) plataformetan. Hiztegiak App Store eta Google Play dendetan jarri ditue salgai. Fundazinoak adierazo dauen moduan, hiztegiok ebook-etan integratzea izango da euren hurrengo erronkea.