Aritz Bizkarra, garagardo-egilea: “Ezarritako bi

Aikor aldizkaria 2013ko urt. 25a, 10:55

Testua eta argazkiak: Jon Goikouria

Bartzelonan dagoela, Aritz Bizkarra sondikoztarrak Clot sortu du: bere etxeko garagardoa. 2012. urteko azken txanpan, lagun batzuekin Clot Bartzelonako auzoko pisuan bildu eta garagardo lantegi bat inprobisatu zuten han. Emaitza, bere hitzetan, bost litroko pertsonalitatez betetako jaioberria. Zergatik egin zenuen ihes Txorierritik? Momentu honetan, lekuz aldatzeko erraztasun handia dugu orokorrean, eta aukerak agertzen direnean, aukera horiei gogor heltzea da onena. Sondikan oso ondo bizi den arren, banuen gogoa beste nonbaitera joateko. Horregatik, lana utzi eta Bartzelonara heldu nintzen ingeniaritza ikasteko asmoz. Ba al dago ezer faltan duzunik? Batez ere Euskal Herrian naturara hurbiltzeko dugun erraztasuna, mendira joateko erraztasuna. Ordubete behar da Bartzelonatik irteteko eta horri beste horrenbeste gehi diezaiokezu edozein menditara joateko. Bartzelonan nagoela, mendira joateko gogoa bidean bertan kentzen zait. Hori bai, zure pasioa eskalatzea bada, Bartzelonan eta Katalunian daude Europako gunerik aberatsenetarikoak. Eskalada egiteko gune asko eta asko dago eta, gutxienez, etekina ateratzen diot horri. Horrezaz gainera, eta nola ez, familia eta koadrila ere nahiko botatzen ditut faltan. Niretzat, ezinbesteko osagai bi dira bizitzan. Baina kanpoan egonda, denbora arinago pasatzen denez, batzuetan ez ditugu senideak behar bezala maitatzen. Noiztik datorkizu garagardoarekiko pasio hau? Pasio berria da niretzat. Uste dut gure inguruetan ez dagoela garagardo tradizio handirik, eta duela gutxi arte ez zen batere erraza komertzialak ez ziren garagardoak dastatzea. Zentzu horretan preso bizi izan garela uste dut. Garagardo komertziala sinplea da, era guztietan. Horregatik agian, duela gutxi arte ez naiz konturatu edari honek eskaintzen dituen zapore eta aukera guztiez. Mundu bat zabaldu zait begien aurrean. Ezarritako bidetik irtetzea plazer bat izan da niretzat, hala eginez garagardoa etxean egitea lortu baitut. Zelan bururatu zitzaizun zure garagardoa sortzeko ideia? Gizartea osatzen dugun hiritarrok, esparru guztietan, gauzak gero eta gehiago planteatzen hasi garela uste dut. Gero eta informazio gehiago lortzeko gai gara: liburuak, aldizkariak, blogak, foroak eta abar. Informazioa ondo tratatuz gero, edozer egiteko gauza garela uste dut, eta niri garagardoarekin gertatu zait. Webgune batzuk ikuskatzen hasi nintzen, zenbait foro aztertzen, Bartzelonako garagardo dendetan kuxkuxean ibili nintzen... eta azkenean liburu pare bat erosi nituen. Hori guztiori ezagun batzuen gomendioen laguntzarekin egin nuen eta buru-belarri jarri nintzen. Irakurtzen hasi nintzenean ez nuen piperrik ere ulertzen: jarraitu beharreko pausuak, erabili beharreko tresnak, ezta garagardoen munduan erabiltzen den terminologia bera ere. Ezertxo ere ez. Baina apurka-apurka, eta konturatu gabe, epemuga bat jarri eta lagun batzuk gonbidatu nituen etxera afaltzera. Ez zegoen atzera egiteko modurik. Zer nolako esperientzia izan da zure garagardoa sortzea? Hasiera batean kaotikoa izan zen. Sentsazio hori nuen nik, behintzat. Baina azkenean uste baino hobeto atera zen dena. Tenperatura eta prozesu zehatz batzuk espresuki errespetatu behar dira. Era berean, garbitasuna oso garrantzitsua da, produktua ez kutsatzea berebizikoa baita. Gomendio horiez gainera, oso dibertigarria izan zen lehenengo saiakera. Emaitza positibo horrek lehen saiakeraren tentsioak ahaztarazi dizkigu. Hartzidura prozesuak behar dituen 20 egun amaigabeak igaro ostean dastatu nuen etxean egindako lehenengo birra, bakardadean eta sekretuan. Horrela, asmakizuna gaizki irteten bazen inortxok ere ez zuen jakingo, kar, kar... Zenbat pertsona behar dira garagardo bat behar bezala prestatzeko? Ia ez da baliabiderik behar eta, nire kasuan, kostua ez da altuegia izan: lapiko handia, 0-100 ºC bitarteko tenperaturak neurtzeko termometroa, likidoentzako dentsimetroa eta edozein sukaldetan aurki daitezken bestelako tresnak. Horrezaz gainera, tresna berezi batzuk erosi behar izan ditut, iturriak jartzeko tresna eta iturriak, esaterako. Bestalde, prozesu osoa egiteko, nahikoa da pertsona bakar batekin, baina lagun-koadrila bertan egoteak esperientzia aberastu egiten du. Laguntzaileen artean lehengusua izan zenuen. Bartzelonak euskaldun asko hartzen ditu, ikasketak edo lana direla-eta. Orain dela hilabete batzuk Ander heldu zen hona. Master bat egitera etorri da Bartzelonara eta noizbehinka korrika egitera irteten gara Diagonaletik. Baina dena ez da nekea eta sufrimendua, eta noizean behin, ikasketek uzten digutenean, Durum bat jaten dugu Rabalen, birra batez lagunduta, nola ez! Clot, la birra del barri: zelan definituko zenuke? Jaioberria. Eta jaioberriekin gertatzen den moduan, definitu barik dago, nahiz eta hasiera-hasieratik pertsonalitate propioa izan. Nota bat jartzekotan, ondo bat jarriko nioke. Baina orain, ezaugarri batzuk leundu eta beste batzuk gogortu behar ditudala uste dut. Auto-produkziotik gehien gustatzen zaidana da prozesuaren bizitasuna eta errezeta bakar batek emaitza ezberdin ugari eman ditzakeela. Hots, ezin da esan gauzak egiteko era bakarra dagoenik: metodologia bizirik dihardu, beti mugimenduan. Horregatik, etxean egindako garagardo honi gaur eman diodan definizioa ez da baliagarria izango biharko. Clot zure auzoaren izena da. Xarmarik al du? Auzoa gustuko dut, auzoko erdigunea herri baten antzekoa da: oinezkoen bidea, mende hasierako hiru-lau pisuko eraikinek osatzen duten zonaldea eta garai bereko merkatua ditugu bertan. Gainera, etxetik minutu gutxira dagoen Bodega Sopena izeneko ardandegi zaharrean koadrilatxoa egin dugu eta ostegunero jende dezente biltzen gara bertan bermut, garagardo edota ardo pote batzuk hartzeko. Aurkezpen ofiziala, Sondikan. Zelako harrera izan zuen Clot garagardoak? Kontrabandoan eraman nituen lau ale Sondikara eta gurasoei gustatu zitzaien, naiz eta zapore garratza izan. Beste ale bat Berrizeko lagun bati eraman nion, lagun horrek ehunka litro sagardo egiten baititu urtero. Azken horren iritzia zeharo da garrantzitsua. Nota ona jarri zidan horrek ere bai. Baloraziook aurrera jarraitzeko gogoa areagotu didate. Lehen saiakerak bost litroko emaitza izan du. Eta orain? Lehenbiziko proba ondo atera da. Horregatik, orain kantitate handiagoa egin nahi dut. Baina ez bakarrik litro gehiago; garagardo mota ezberdinak ere sortu nahi ditut. Oraingoa Pale Ale motako garagardoa izan da, fabrikatzeko errazenetarikoa eta arinenetarikoa. Hemendik aurrera milaka errezeta daude egiteko. Hurrengo baterako ideia berri batzuk ditut buruan bueltaka: Indian Pale Ale, Bitter, Stout, Porter, Ale Gorria, Belgiarra... epe laburrerako saiatu nahiko nituzke. Gero gerokoak. Aldaketarik egitekotan, zelan hobetuko zenuke Clot? Gehiago orekatzen saiatuko naiz. Egozteko orduan ez nituen kalkulu batzuk ondo egin, eta horixe izan da garagardoa uste baino gehiago garraztu duen faktorea. Horrezaz gainera, indarra falta zaio: likidoaren dentsitatea. Azkenik, aparra berehala desagertzen zaio, eta nik neuk gustuko dut apar hori bertan mantentzea. Baina tira, dena konpon daiteke. Zure garagardoa sortu zenuenetik zorrotzagoa bihurtu zara. Garagardoen fenomenoak garagardo batzuk beste batzuk baino gehiago gustuko ditudan ulertzen lagundu dit, eta panorama zelakoa den ikusita, baditut nire zerrenda beltzean garagardo mota famatu batzuk: pikanteak, ahozabalean; mingotsak, eztarrian; eta gasifikatuak, urdailean. Horiek baino lehen ura edango nuke, ziur. Txirriporroa naizela eman dezake, baina zer esango luke ardoa gogoko duen norbaitek supermerkatuko ardoa emango bagenio? Garagardozalea al da Bartzelona? Orokortzea ona izan ez arren, Bartzelona oso snob-a da. Beti modan, eta azkenengo tendentziak soinean. Dena dela, benetako munduan jende xumea da gehiena, eta etxeko garagardoen fenomenoa modan jartzen hasi dela esango nuke. Badira etxeko garagardoa egin edo saltzen dituzten hainbat komertzio, eta zabaltzen ari den tendentzia dela dirudi. Baina ez Bartzelonan bakarrik; Bilbon, esaterako, duela gutxi alde zaharrean ireki dute mundu honetara murgiltzeko aukera ematen duen lokala: La Catedral de la Cerveza. Bestelako ideia originalik al duzu buruan? Burua pil-pilean dut beti. Karrera bukaerako proiektu bezala agian mikrogaragardotegi bat egitea pentsatzen nabil.