Lezama Ereiten alkartea jente-aurrean aurkeztu da

Aikor aldizkaria 2013ko ots. 25a, 14:27

Argazkiak: Asier Olazar

Hogeta bost urte bete dira Lezamako gaur egungo eskolea eregi zala eta, urteurrena ospatzeko, Lezama Ereiten herri ekimena sortu dabe irakasleek, gaur egungo ikasleen gurasoek eta ikasle ohien gurasoek, ikasle ohiek eta udal ordezkariek. Alkartea eta eskolearen urteurrena otsailean aurkeztu zituen jente-aurrean, eta horretarako, Lezamako eskola zaharra aukeratu eben eszenatoki. Bertan Kultur Etxea, Zaharren Egoitzea eta liburutegia dagoz gaur egun. Aurkezle Igor Urrutikoetxea eta Pello Madariaga ibili ziren. Aretoan jentetza handia batu zan eta batzuk kanpoan gelditu behar izan ziran. Ekitaldian bildutakoen artean, irakasle, ikasle eta gurasoen alkarteko kide ohiak izan ziran. Eskolearen eraikin barria 1988. urtean egin zan eta aurkezpenean data horren inguruan, bai mundu mailan, bai Lezaman bertan, izan ziran gertaerarik inportanteenetarikoak ekarri zituen gogora. Aitamen berezia be egin eutseen eskolaren alde beharra egin daben hainbat laguni, eta bereziki maisu Kepari, ekitaldian bideo baten bidez parte hartu ebana. Era berean, Lezaman hezkuntza publikoa eta euskalduna egon zedin, irakasleek eta herritarrek egindako ahalegina azpimarratu eben, eta gaur egungo eskolea baino lehen herrian egon ziran beste auzo eskolen garrantzia gogoratu eben. Ekitaldiaren ostean, kopaua eskini zan eta alkartzeko eta solasaldietarako momentua izan zan. Urteurrenaren haritik, kamisetak jarri ditu salgai Lezama Eraiten alkarteak eta badabilz gaurko eskolearen zein eskola zaharren argazkiak biltzen. Alkarteagaz harremanetan jarteko lezamaereiten@gmail.com helbide elektronikoa erabili daiteke, edo facebook-en daben profila: facebook.com/lezama.ereiten. Jaialdia Bestalde, aitatu beharra dago ekainaren 15ean jaialdi handia egingo dala eskolearen urteurrena ospatzeko. Baina ez da ekintza bakarra izango, hemendik ekainera arte beste ekitaldi batzuk be egingo diralako. Halan, Musika Eguna antolatu da martxoaren 15erako. Herriko musikariek, eskolako trikitilariek, Larrabetzuko Musika eskolan ikasten dabilzan lezamarrek, Ekidazu abesbatzakoek eta Gurutze dantza taldekoek emonaldia eskiniko dabe eleizan. Ostean kopaua izango da eta Astrapala proiektuaren partaideakaz batera tabernaz taberna joango dira dantzan eta kantuan. Apirilaren 19an, eskolako kiroldegian, futbito eta pelota partidak jokatuko dira ikasle eta ikasle ohien artean, eta maiatzean Lezamako hezkuntzaren historia jasoten dauen dokumental bat ikusteko aukerea egongo da. Besteak beste, argazkiak eta hainbat protagonisten testigantzak batu ditue bertan. Datozan egunotan zehetasun gehiago jakinarazoko dira esandako ekintzen inguruan. Horrezaz gainera, aitatu beharra dago eskolako umeek antzezlan bat eskini ebela otsailean. Irakasleek eta herritarrek hezkuntza publiko eta euskaldunaren alde egindako ahalegina azpimarratu zan ekitaldian Hitzorduak - Martiaren 15ean, Musika Eguna, eleizan. - Apirilaren 19an, Kirol Eguna, eskolako kiroldegian. - Maiatzean, dokumentala. - Ekainaren 15ean, Jai nagusia, eskolan.