Konposta

Aikor aldizkaria 2013ko ots. 25a, 14:28

Jose Antonio Lekue, baserritarra

Erraza da baserrian konposta egitea, eta baserri txiki gehienetan egin ere egiten da. Hala ere, azken urteotan, nekazaritza industriala garatzen hasi zenetik, asko aldatu da egoera. Lehentasuna produktibitateari eman zaio era horretako baserrietan, eta hondakinak bota edo erre egiten dira. Konposta egiteko moduak hainbat dira, eta gehienak, errazak. Gainera, aukeratzen den eredua bata edo bestea izanda ere, esango nuke hondakinak zabortegira botatzea edo erretzea baino hobea dela ingurumenerako. Nik dakidala, behintzat, 30 urte baino gehiago dira Europan gai hau aztertzen eta esperimentatzen hasi zela. Eta esperientzia ezberdinak daude nonahi, baserriko edota hiriko hondakinak konpostatzeko. Baserrietan sortzen diren hondakin guztiak, edo ia guztiak, konposta daitezke: belarrenak, ortuarienak, fruta-arbolen inausketatik sortzen direnak (xehakatuak)... Eta etxeko hondakinak ere konposta daitezke: errautsak eta janariarenak. Gainera, lehen esan dugun moduan, konposta egiten bada, mesedea egiten zaio ingurumenari eta beste helburu bi ere lortzen ditugu. Alde batetik, hondakinak aprobetxatzen ditugu; eta bestetik, lurra ontzen da, hau da, lurrari humusa gehitzen zaio. Era berean, hondakin ezberdinak proportzio egokian nahasten baditugu, askoz ere konpost hobea lortuko dugu. Dena dela, teknikak ezagutu nahi izanez gero, hainbat liburu daude argitaratuta eta informazioa Interneten ere aurki daiteke. Antzinako baserritarrek ere bazekiten, satsa kortatik solora zuzenean botatzea baino hobe dela hura pilatuta edukitzea. Eta noizbehinka buelta ematen bazaio, askoz hobeto, oxigenatu egiten delako eta zizareek euren lana hobeto egiten dutelako. Guk ere jarraitu beharko dugu teknikak hobetzen. Eta beste aurrerapauso bat emateko, guztioi interesatzen zaigu etxean sortzen ditugun hondakinak bildu eta konpostatzea. Izan ere, Europako arautegiaren arabera, 2020. urterako etxeetan sortzen den hondakinen % 50 birziklatu beharko da. Konposta baserrietan ez ezik herriguneetan ere egin daiteke eta, egia esan, toki batzuetan dagoeneko badabiltza konposta egiten. Sekretua konpost-ontzia jartzeko toki egokia bilatzea da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).