Jon Arretxe (Basauri, 1963) alde askotako gizona da: musika, hezkuntza fisikoa eta euskera ikasi zituan, baina, batez be, bidaiaria eta idazlea izateagaitik ezagutzen dogu. Basaurikoa Larrabetzun izan da bere azken eleberria aurkezten, 19 kamera.
Barriro etorri zara Larrabetzura zure liburuetako baten barri emotera...
Bai, halan eskatu deuste eta ni poz-pozik etorri naz. Larrabetzun lagunak eta irakurleak dodaz, eta polita da hona etortea, zeri buruz eta nire azken liburuari buruz berba egitera. Beste liburuak be berton aurkeztu nituan, eta barriro deitu deuste 19 kamera aurkezteko. Seinale ona da hori!
Zer da 19 kamera?
Nire azken liburua. Aurrekoak moduan, eleberri baltza da, baina estiloari jagokonez, apur bat ezbardina da: lehenengo aldiz Euskal Herrian kokatu dot istorioa, Bilbon. Egoera tragikoak azaltzen dodaz, baina aurreko liburuak ikusita, hau ez da horren tragikoa. Eta umorea sartu dot. Ganera, pertsonaia sortu dot, Touré, beragaz sagea egiteko asmoa dodalako.
Zergaitik kokatu dozu liburua Bilbon?
Jenteak eskatzen eustelako. Eta Euskal Herriko eremuan Bilbo da lekurik aproposena eleberri baltza kokatzeko, eta, batez be, San Frantzisko auzoa. Alde batetik, ondo ezagutzen dodalako, eta bestetik eleberri baltzak eskatzen dituan osagaiak ditualako: ahaztuek edo baztertuek osatzen dabe auzoa, droga, etorkinak, prostituzinoa, pobrezia... San Frantzisko ghetto handia da.
Liburuetan zure helbide elektronikoa idazten dozu...
Noizean behin baten batek astakeriak idazten ditu, baina horreek anekdotak dira. Oro har oso lagungarria iruditzen jat. Helbide elektronikoa jarten dot jentearen benetako eretxia jaso gura dodalako. Normalean gustetan jakena eta gustetan ez jakena adierazoten dabe, baina niri bigarrena interesetan jat, batez be saga bat idatzi gura dodalako. Eretxiak kontuan hartzen dodaz, batik bat errepiketan diranean. Nik mezuak eskertzen dodaz eta beti erantzuten deutset. Holan, hartu-emon polita sortzen dogu.
Literaturea alde batera itxita, bidaiek egin zaitue ezagun. Nondik jatortzu zaletasuna? Zelan hasi zinan?
Kasualidadez: 18 urte nituala, Euskal filologia ikasten hasi nintzan, eta, bitartean, euskerazko eskolak emoten nituan diru apur bat irabazteko. Ez neban jakin dirua zelan gastau eta gehiegi pentsau barik, bidaia egitea erabagi neban. Oporretan beti joaten nintzan kanpora, eta gero horren inguruan hasi nintzan idazten. Nire bizitzan literaturea eta bidaiak lotuta egon dira.
Normalean bakarrik joaten zara. Zergatik? Ez zara aspertzen?
Ez. Nire ustez, oso inportantea da bakarrik egoten ikastea, eta askoz inportanteagoa bidaiaria izatetik idazlea izatera pasau nintzanetik hona. Beste bategaz joanez gero, hobeto pasauko dozu eta seguruago ibiliko zara, beharbada, baina bakarrik joaten zaranean zuk egiten dozun hausnarketa eta jenteagaz dozun hartu-emona sakonagoak dira. Eta hortik ateraten dituzun esperientziak oso baliagarriak dira idazteko, eta, oro har, bizitzeko be bai.
Bakarrik bidaiatu eta bakarrik idatzi. Bakartitzat joten dozu zeure burua?
Ez, inondik inora. Bizitzan danerik egiteko dago denporea. Jenteak pentsau daike txakur berdea nazala, baina ez da egia. Lagun asko dodaz esparru guztietan (musikan, kirolean, literaturan...) eta itzel gustetan jat eurakaz egotea. Dana dala, azken bolada honetan gero eta bidaia gitxiago egiten dodaz, edo behintzat laburragoak dira, eta normalean idazteko atxakiagaz. Bidaiatzen edo idazten nagoanean bakarrik egiten dot, baina, bestela, oso jentezalea naz eta kalean egotea asko gustetan jat.
Hainbat tokitan egon eta gero, orain Nafarroan, Arbizun, bizi zara. Zer dala-eta?
Ez dakit. Gustura nabil Euskal Herri osoan. Nafarroan kasualidadez amaitu neban. Gasteizen bizi nintzan neskalagunagaz, eta pentsau genduan etxe merkea eta polita erostea, baina Gasteizen oso gatxa zan. Gero eta urrungo hasi ginan topatzen, eta azkenean Arbizun amaitu genduan.
Han biziko ez bazina, non biziko zinateke?
Idearik ez. Bizkaitarra naz, Basaurikoa, eta gustura nabil Euskal Herrian, batez be eremu euskaldunetan. Ni leku guztietan ibili naz primeran: Afrika, India, Amazonian, Frantzian, Espainian... Baina bizi izateko, Euskal Herriko edozein leku izan daiteke aproposa.
Zein izango da hurrengo bidaia?
Ez dakit. Aurreko liburua Tangerren eta Bamakon kokatu neban, eta, atxakiaz baliatuz, hara joan nintzan behin baino gehiagotan. Baina azkena Bilbon dago kokatuta. San Frantziskora joatea be bada bidaia ederra. Hurrengoa hara izango da, gure San Frantziskora, ez Estadu Batuetan dagoanera.
Basauriko euskereari buruzko ikerketea egin zenduan. Uste dozu euskera batuak tokian tokiko euskalkiak desagerrarazoten dituala?
Euskalkiak apurka-apurka desagertuko dira gura ala ez. Baina hori baino kezkagarriagoa da euskera naturala galtzea. Txorierriko edo Arratiko betiko euskerea ez da euskera batua; bakotxak baditu esamolde edo ezaugarri fonetiko bereziak. Euskera aberasteko, batuak hartu behar ditu tokian tokiko ezaugarri berezi horreek, lekua badabe eta. Ezin da bakotxak dauan kutsu natural eta propio hori galdu. Halan, gure euskerea ez da artifiziala izango.