Tokiko merkataritzea herriko bihotza dala esaten da, bizitzea sortzen dauela eta kaleak girotzen dituala. Ondotxo dakigu une latzak bizi doguzala, eta gure merkatariek be nabari dabe krisialdiaren eragina. Halanda be, gogor burrukatzen dabe egunero eta hamaika ekimen eta idea jarten ditue martxan, hareen negozioen persiana beste behin zabaldu ahal izateko. Geuk be zabalik gura doguz.
Kalidadea eskaintzen deuskue, prezio onak eta tratu hurbil eta pertsonalizaua. Pisuzko arrazoiak ditugu gure herrietako dendetan eta bestelako establezimenduetan kontsumiduteko. Baina zein da txorierritarron joerea? “Kontzientzia handia dabe biztanle batzuk. Herrian bizi eta erosi behar dabela uste dabe eta herriko merkatarien aldeko jarrerea adierazoten dabe”, esan dau Ines Meñika Larrabetzuko dendariak. Joera hori gure eskualdeko beste herri batzuetan be bada nabari, adibidez Derion, baina txanponaren beste aldea da herritar askok Txorierritik kanpo kontsumiduteko ohiturea dabela. Merkatari batzuen eretxiz, jarrera hori eskaintza urriaren ondorioa da. “Sondikan, esate baterako, denda gitxi doguz eta dagozan komertzioak batez be janari-dendak eta tabernak dira. Nik beste sektore batzuetako dendak botaten ditut faltan: arropa-dendak, oinetakoenak...”, aitatu dau Izaskun Luengas merkatariak. “Herritarrak zelan erakarri aztertu behar dogu”, ganeratu dau Idoia Zubieta Zamudioko merkatarien eta zerbitzuen alkartearen presidenteak, “eta bidea zabaldu, gurean denda espezializauak zabaldu daitezan. Horretara, eskaintzea zabalagoa izango litzateke eta herritarrek ez leukie beste leku batzuetara joan beharko erosketak egiten”.
Eskaintzea alde batera itxita, egia da erosteko ohiturak be aldatu egin dirala. Kasu gehienetan, gure behar-ordutegira egokitzen dogu erosketak egiteko denporea, eta atseden-orduetan egiten ditugu, edo beharretik urteten dogunean. Ohitura barri horrek gure herrietatik kanpo kontsumidutera eroaten gaitu. “Guretzat gatxa izan arren, merkatariak malguagoak izan beharko ginateke ordutegiei jagokenez. Bateren batek beharra herritik kanpora egiten badau eta lanaldi zatitua badauka, gure dendara nekez etorriko da, bion ordutegiak bat ez badatoz”, esan dau Inesek. Emakumearen aburuz, supermerkadu handiek eta merkataritza-guneek kalte handia ekarri deutsie merkataritza txikiari, “eta gainera, gitxi balitz, beste supermerkadu kate handi bat etorriko jaku orain... jai dogu”.
Hiru arma
Merkataritza-gune handiak abantailak ekarten deutsiez kontsumitzaileari: ordutegi-malgutasuna eta gune berean dagoan eskaintza zabala, esaterako. Halanda be, Jokin Batiz Lezama Saretzen alkartearen presidentearen esanetan, gure dendek eta negozioek baditue hiru arma, merkataritza-guneetatik bereizten dituenak eta lehiakorrak egiten dituenak: kalidadea, hurbiltasuna eta tratu atsegina. “Arazoa da ez dakigula gure berezitasun hori saltzen. Lezamako dendetan, adibidez, herrian bertan ekoiztutako barazkiak, frutak... saltzen dira. Baina, herritarrek badakie hori?”
Internetek be ekarri dau erosketak egiteko moduak aldatzea. Erreminta erosoa da eta gero eta jente gehiagok erabilten dau asteko erosketea egiteko, arropea erosteko edo hoteletan-eta erreserbea egiteko. “Geu be baliau beharko ginateke teknologia barriez”, bota dau Jokinek, “Herriko negozioak batzen dituan webgune bat bultzatu, eta bakotxak eskaintzen dauena bertan zehaztu. Bezeroakaz harremanetan egoteko bide barriak be jarri leitekez martxan. Esate baterako, erosketea Interneten bidez egiteko aukerea emon, eta erositakoa etxera eroan”.
Txorierrin 2.000 enpresa inguru dagoz eta hango langileak bezero potentzialak dira gure dendarientzat. “Industriagunetan eta bertoko enpresetan behar egiten dabenek gure dendetan erosteko joerea dabe, hareentzat erosoa dalako. Atseden-orduak aprobetxaten ditue eta etxera ailegaten diranean, nasai egon leitekez. Nik uste dot sektore holako kasuetan be ahalegina egin beharko gendukeala, eta eurei zuzendutako kanpainak bultzatu”, aitatu dau Idoiak.
Ondorioak handiagoak edo txikiagoak izan leitekez, baina krisiak guztiongan eta sektore guztietan dau eragina, era baten edo bestean. Merkataritza txikia ez da isla bat. “Lehen be gauzea apur bat geldirik egon dan arren, urritik hona beherakada handia egon da salmentetan”, azaldu dau Izaskunek. Edozelan be, eta batzuk dinoen moduan, merkataritza txikia krisian “beti edo ia beti” dagoan sektorea da. “Krisia igarri, igarri egiten da, jakina. Eta gainera, komertzio batzuk beste batzuk baino gehiago igarten dabe; horretan ez dago zalantzarik. Baina enpresa handiakaz alderatuta, oparoaldia egon danean guk ez dogu hainbesteko irabazirik euki, eta orain be krisiak ez dau hain eragin handia gugan”, azpimarratu dau Idoiak. Egoera ekonomikoak kezkatu egiten ditu merkatariak eta gehienek baltz ikusten dabe etorkizuna; zamudioztarrak itxaropen izpia ekarri gura dau iluntasuna nagusi dan gaur eguneko testuingurura: “Autonomoak gara eta ez dogu langile askorik gure kargu. Beraz, negozioa mantentzea lortzen badogu, nahiz eta zailtasunak egon, aurrera egingo dogula uste dot”.
Alkarteak
Txorierrin osatu zan lehenengo merkatarien eta zerbitzu arloko profesionalen alkartea Danerik paraje! izan zan, Derion. Alkartea 2004. urtean sortu zan eta harrezkero eragile aktiboa izan da herriko egunerokotasunean. Horretara, bada, hamaika kanpaina eta ekintza jarri dabe martxan derioztarrak eta txorierritarrak erosketak Derion egitera animatzeko. Ekintza horreetako batzuk oso erakargarriak izan dira, esaterako moda galak, beherapenak eta outlet-ak. Era berean, herriko komertzioetan gastetako diru-txartelak zozketatu dira bezeroen artean, baita igaz Athleticek Barçaren kontra jokatu eban finala ikusteko bidaia be. “Sustapen barria dogu udari begira”, aurreratu deusku Lorena Argatxak, “Familia osorako bidaia zozketatuko dogu, maiatzean eta ekainean gure dendetan erosketak egiten dituenen artean. Irabazleak aukeratu ahal izango dau bidaia nora eta noiz egin gura dauen”. Lorenak azaldu deuskun moduan, horrelako egitasmoek helburua betetzen dabe, herritarrek aldeko erantzuna erakusten ohi dabelako.
Lezaman be ekintza sorta zabala jarri dabe martxan herriko dendei bultzadea emoteko. Alkartea orain dala urtebete osatu eben eta ibilbide labur horretan zenbait idea eroan dabe praktikara. “Idea horreek alkarregaz batera jarri dogu martxan; hau da, alkarte barruan dagozan establezimendu guztietan egin dira, modu orokor baten. Baina hemendik aurrera sektoreka batzeko erabagia hartu dogu, eta sektore bakotxak dituan beharrizanak modu pertsonalizauago baten aztertu. Izan be, ule-apaindegi batek dituan beharrizanek ez dabe zerikusirik taberna batek dituanakaz. Eta tabernariak be gitxi daki ulea ebagiteari buruz. Hobe da arlo bakotxeko negozioak batu, egoerea aztertu eta proposamenak ekartea alkartera. Alkartetik lagundu egingo deutsegu proposamenak edo egitasmoak martxan jarten”, esan dau Jokinek.
Sortzeko bidean
Zamudioko merkatarien eta zerbitzuen alkartea oso gaztea da, hilabete batzuk baino ez ditu-eta. Alkartea bertako Udalak bultzatu dau, ezinbestekotzat joten dabelako sektorea garatzeko. Horrezaz gainera, beste egitasmo batzuk be sustatu dabez, Bizkaiko Foru Aldundiaren “Bono denda” kanpaina eta “Txiki txekea” besteak beste. Azken hori Udalak bultzatutako kanpaina da, eta umea euki barri daben gurasoei diru-txeke bat emoten jake herriko saltokietan gastau daien. Bestalde, aurreikusi dabe txartel berezi bat ateratea herritarrek erosketak haregaz ordaindu daiezan.
“Sondikan Berton”, tokiko merkataritza txikia dinamizetako, Udalak bultzatu dauen kanpainea da. Kanpainea fase bitan garatu dabe. Lehenengo faseak tokiko komertzioak dauen garrantziaz eta abantailez herritarrak jaubetzea izan dau helburu eta, horretarako, sustapen-materiala banatu da dendari eta bezeroen artean. Bigarren faseak herriko merkatariak eta ostalariak bitzen dituan egitura egonkorra sortzea dau helburu eta, horren haritik, aitatu beharra dago lehenengo pausuak emoten dabilzala alkartea sortzeko. “Herriko dendariek ez dogun alkarrengandik antz haundirik, bakotxak sektore baten dihardualako: optikea, fruta-dendea, liburu-dendea, lorak... Eta horregaitik ibili da bakotxa bere kabuz. Baina Udalaren laguntzari esker alkartea sortzeko itxaropena dogu egoerari bueltea emoteko”, esan dau Izaskunek baikor-baikor.
Gogoa
Derion eta Lezaman be sustatu dira tokiko merkatarien aldeko ekintzak. Lezamako Udaletik azaldu deuskuen moduan, orain dala urte batzuk publizidade kanpaina bat jarri eben martxan, Done Jakue bidea egiten ebenek herriak eskaintzen eutsezan zerbitzuak ezagutu egiezan. Eta Derioko Udalak be hasiera-hasieratik emon deutse babesa eta laguntza herriko dendarien alkarteari eta ostalarien alkarteari, prestatutako egitasmoak aurrera eroan egiezan. Era berean, sektore biak dinamizeteko ekintzak bultzatu dira: Derio D´Artez eta Erdi Aroko azokea, adibide bi aitatzearren. Mankomunidade mailan, establezimendu barriak zabaldu dira Egaz Txorierriren bidez, eta prestakuntza-ikastaroak be emon ditue. Ildo beretik, sektore ezbardinetako enpresak batzen dituen topaketak edo mahai ekonomikoak antolatu dira eta, Lezamatik esan deuskuenaren arabera, merkataritza, turismo eta nekazaritza arloetan jardun diran negozioen ordezkariak izan dira bertan. Jardunaldi horreek eskualdeko enpresen beharrizanak eta ikuspuntuak ezagutzea dau helburu, baita enpresen eta administrazinoaren arteko hartu-emona estutzea be.
Edozein modutan, merkatariek babes eta inplikazino handiagoa eskatzen deutsee instituzinoei, eta bideak erraztu, jarduereagaz jarraitu ahal izateko. Eta gure herrietan bizitza sortzen jarraitu ahal izateko. Gogoa ez jake falta, eta azken bolada honetan establezimendu batzuk persianea betiko bajatu behar izan badabe, beste barri batzuk be zabaldu dira, Lezaman eta Larrabetzun adibidez.
Etxean bertan
Indarra alkartasunean dago eta hori ondotxo ezagutzen dabe gure dendariek. Horrexegaitik erabagi dabe bat egitea. Are gehiago, Txorierri mailako alkartasuna be proponidu dabe, eta ekintzak alkarregaz batera egin bailara osoko merkataritzea suspertzeko. “Zamudio eta Sondikako alkarteen zain gagoz, ea ofizialki behingoz
eratzen diran, eta guztion artean zerbait egiten dogun”, aitatu deusku Lorena Argatxak. Ideak sobran ditue. “Denda eta arlo guztietako zerbitzuetan beherapenak egin leitekez, txorierritarroi zein Teknologia Parkera eta industriaguneetara beharrera datozanei zuzendutako sustapenak, Txorierri mailako outlet-a... Derioko dendari batzuk Sopelan egin dan outlet baten egon gara orain dala gitxi, eta Bakio, Gorliz, Plentzia eta Mungiako dendariek be hartu dabe parte han. Derio mailan aurretik antolatu genduan outlet-ean irabazi handiagoak euki genduzan arren, Sopelako esperientzia ondo egon zan eta Txorierrira ekarri leitekeala uste dot”. Hareen ekintzen barri era egoki baten emotea be ezinbestekotzat hartzen dabe, eta publizidade-kanpainak egin, txorierritar guztiok gure dendetan zer topau daikegun jakiteko, eta etxean bertan doguna kanpora erosten ez joateko.
Turismoa, aztertu beharreko aukerea
Ezagutzen ditugu aisialdi arloan Txorierrik eskaintzen deuskuzan aukerak? Jokin Batizek ondo ezagutzen dau industria-turismoa, bere establezimenduan behargin askok hartzen dabelako ostatu. Baina Teknologia Parkeaz, industriagunez eta lantegiez aparte, gure bailarak oraindino ganoraz aztertu ez diran hamaika aukera dituala pentsaten dau. “Urrustimendi dogu, Done Jakue Bidea, eleizak, ermitak, Burdin hesia, natura, mendi-ibilbideak, zubi erromatarrak, arestiak, torretxeak eta abar luzea. Gainera, oso hurbil gara Bilbotik eta komunikabide egokiak be badoguz. Ahalegina egin beharko geunke aisialdiko turismoa edo asteburuko turismoa be bultzatzeko, horrek ondorio zuzena eukiko dauelako gure establezimenduetan”. Lezamarraren eretxiz, arazoa da ez dakigula bereizten gaituana saltzen, eta horren adibide Errioxako upeltegietatik egiten dan ibilbidea ipini dau. “Guk txakolina dogu. Are gehiago, Lezama jatorrizko deiturea daben upeltegi gehien dituan Bizkaiko herria da; zergaitik ezin dogu guk gure txakolinaren ibilbidea egin?”.
Aitatu deuskun moduan, instituzinoen inplikazinoa ezinbestekoa izango litzateke turismo arloa bultzatu gura bada, eta esan deusku dendariei eta ostalariei erraztasun handiagoak emon beharko leuskieela negozioak hobeto identifikau ahal izateko, eta turistek be hobeto topetako. “Dendari eta ostalariok be aztertu beharko geunke gure eskaintza, eta bisitarien beharrizanetara egokitu, zerbitzu hobea emoteko. Eta jakina, gure bailarak eta guk eskaintzen ditugun aukerak behar bezala ezagutuerazo, Txorerri aisialdirako tokia bihurtzeko eta gure jarduerak suspertzeko”.
Gai nagusia