Gorka Bilbao, entrenatzaile pertsonala: “Egunean o

Aikor aldizkaria 2013ko mar. 25a, 09:19

Kirola egiteak geure buruagaz hobeto sentiduten laguntzen deusku, beharrari etekin handiagoa ateraten, hobeto lo egiten, arretea zerbaitetan jarten... Onura asko ekarten deuskuzan arren, gutariko batzuentzat gatxa da kirolak eskatzen dituan ohiturei jarraitzea. Entrenatzaile pertsonala edo kirol aholkularia gure aliaturik onena da kasu horreetan. Gorka Bilbao larrabetzuarrak 11 urte daroaz arlo honetan behar egiten. Zertan datza entrenatzaile pertsonalaren beharra? Batez be personak motibau egiten doguz, kirola egin daien. Bezeroen adina, ezaugarri fisikoak, lana eta beste parametro batzuk kontuan hartuta, hareen beharrizanetara egokituta dagoan entrenamentu berezia diseinaten dogu, baita dieta berezia be. Zeintzuk dira zerbitzu horren abantailak? Tratua askoz pertsonalagoa da eta entrenatzailea zugaz denbora guztian dagoanean, badaki zer egiten dozun ondo eta zer txarto, eta akatsak zuzentzeko aukerea emoten deutsu. Gainera, bezeroaren atzean gabilzanez, presino handiagoa-edo sentiduten dau eta ahalegin handiagoa egiten dau. Zein da zuk entrenaten dozuzan lagunen profila? Hogei urtetik hirurogei urtera bitarteko lagunak dira. Horreetako batzuk arazo psikologikoak ditue, autoestimua bajua... eta beste batzuk oposaketak prestetan dabilz, suhiltzaileak izateko, poliziak... Pisua igon edo bajatu gura dabenak be badagoz, jarrera akatsak zuzendu gura dabezanak, eta erditu ostean, gorpuzkerea berreskuratu gura dabenak. Famaduen moda dala pentsau liteke. Egia da famaduen artean modan dagoala, baina guztion eskura dagoan gauzea da. Adibidez, famaduren bat entrenau dodan arren, nire bezero gehienak herritar arruntak dira. Eta garestia. Garestiak izatearen ospea dogu, bai, baina beste gauza batzuetan zenbat gastetan dogun be pentsau behar dogu, eta lehentasuna zeri emon gura deutsagun. Uste dot badozula arau edo esaldi bat... Hau da: egunero 30 minutuan ariketa fisikoa egiten badau, edozein personak lortzen dau errendimendu handiagoa. Izan be, egunean ordu erdi librerik ez dauenak arazo handia dauka, nire eretxiz, estres handiagaz bizi dalako. Ordu erdi hori ondo aprobetxau behar da: ibilten, korrika egiten, bizikletaz ibilten... Abantaila kardiobaskular handiak dakarkuz eta hobeto sentiduten garanez, hobeto heltzen deutsagu egunari. Edozein kirola da baliagarria? Gehien gustetan jatzun kirola egin behar dozula uste dot. Kirol mota bat edo bestea gustura egiten badozu, praktiketeari ixteko atxakiarik ez dozulako hain erraz topauko. Dietea aitatu dozu hasieran. Elikadurea oso kontu garrantzitsua da eta lagun askok ez dakie zer jan behar daben, zein ordutan, eta zenbat be ez. Gutariko bakotxak ezaugarri fisiko batzuk doguz, lan bat, beharrizan batzuk, kirola ordu baten edo bestean egiten dau... beraz, dietea horreek guztiak kontuan hartuta diseinau beharko da. Niretzat baliagarria dana zuretzat baliagarria ez dalako. Kirolagaz gauza bera gertatzen da. Gizarte-sareetan edo foroetan, askok ipinten dabe zelako entrenamentua eta dietea egiten dituen, eta beste batzuk kopiau egiten deutsee. Joera kaltegarria da, lehen esan dodan bezala, bakotxak gure beharrizanak eta ezaugarriak doguzalako. Zelako entrenamentua egiten dau entrenatzaile pertsonal batek? Astean lau egunean pisuak altzetan dodaz, eta astean bitan korrika egiten dot. Nik beti egin dot kirola, pelotari profesionala be izan naz, eta badodaz ohitura batzuk. Dana dala, uste dot ez dogula kirolagaz itsutu behar. Inportantea da sen ona eukitea, jakitea kirola osatzeko dala, ez gaixotzeko. Obsesino handirik dago, ala? Beste leku batzuetan bai, beharbada, baina ez berton. Halanda be, egia da gure gorputza zaintzeko ohiturea doguna. Krisiaren eragina leunagoa da sektore honetan, beraz? Eskaerak apur bat behera egin dauen arren, jenteak jarraitzen dau bere gorputza eta bere burua zaintzen. Lanik gehien udari begira daukat, apiriletik aurrera. Zein proiektutan zabilz murgilduta? Egitasmo bat egiten gabilz tokiko telebista-kate baterako. Egitasmoan arlo ezbardinetako lau profesionalek hartzen dogu parte eta persona bati laguntzen deutsagu bere itxurea aldatzen. Bestalde, beste proiektu baten nabil beste lagun batzukaz eta horretan osasunari lotutako zerbitzu integrala eskaintzen dogu: coach zerbitzua, masajistea, entrenatzaile pertsonalak... Modelo dabilen pelotari ohia Gorkaren bizitzea oso gaztetxoa zanetik hona egon da kirolari lotuta. Halan, Lezamako Pelota Eskolan sei urte zituala hasi zan eta kirol hori 27 urte bete zituan arte praktikau eban. Profesional mailara ailegau zan, baina bere enpreseak itxi beharra izan eban krisia dala-eta. Gorkak pelota munduan eban ibilpidea be etenda lotu zan. “Profesionala nintzanez, urtebete pasau behar zan afizionau mailan barriro jokatu ahal izateko. Garai hatan kirol aholkulari be banenbilenez, gimnasioan buru-belarri sartzea erabagi neban”. Gaur egun pelotan aritzen ez bada be, kirol horri arreta handiz jarraitzen deutsala esan deusku, eta frontoira ahal dauen guztietan joaten dala. “Pelota oso kirol zintzoa da eta balio handiak irakatsi deustaz”. Modeloa izateko aukerea be ekarri eutsan pelotak. “Enpresaren webgunerako argazkiak egiten genbiltzala fotogenikoa nintzala esan eustan argazkilariak. Eta Mister Bizkaia lehiaketara aurkeztera animau ninduan. Bigarrena lotu nintzan”. Hori 2008. urtean izan zan; hurrengo urtean Mister Kantabria lehiaketea irabazi eban. “Baina esan neutsen ez nintzala Espainiako txapelketara joango, ez nentorrela balio horreekaz bat”. Besteak beste, Gorkak moda desfileetan hartu dau parte eta galtzontzilo modeloa izan da. “Egia esan, oso galduta nago moda munduan. Niri benetan gustetan jatana kirola da eta handik bizi gura dot”.