Olalla Elorriagak familiaren dendan egiten du lan, Areetan. Bertan hainbat jaki eta ardo saltzen dituzte. Olallak gazte-gaztetik hartu zuen ardo sailaren ardura eta denboraren poderioz aditu bihurtu da. Horregatik, Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak ardoen dastaketa egiteko gonbitea egin zion, eta neskak pozaren pozez onartu zuen.
Zelan Zamudion egin zenuten dastaketan?
Oso ondo. Zenbait enologo eta upeltegietako zuzendariren bizitzaz mintzatu ginen eta, gero, ardo bakoitzaren gorabeherak azaldu nituen. Bi orduko dastaketa izan behar zen, eta bi ordu eta erdi eman genuen ardoari buruz hitz egiten. Euskaraz egin behar izatea handicap txikia zen niretzat, nik normalean erdaraz egiten dudalako. Baina ikasleek lagundu egin ninduten eta gustura egon nintzen. Gainera, hitz egiteko problemarik ez daukat... (kar, kar).
Zelan hasi zinen ardoaren munduan?
Nik familiaren dendan egiten dut lan, eta bertan ardoen arduraduna naiz. Berez, Urdulizkoa naiz eta han bizi nintzen gaztetan, aititeren baserrian. Handik dator dendaren izena, La granja selección. Nik 25 urte nituela, zerbait ikasi nahi nuen eta gure bezeroa zen Ana Martin enologoari galdetu nion. Ana Itsasmendi txakolinaren bultzatzaileetakoa da. Berak Madrilera, Dastatzaileen Eskola Nazionalera, joateko gomendatu zidan. Astebete pasatu nuen bertan eta izugarri gustatu zitzaidan. Apur bat beranduago Artxandako Ostalaritza Eskolan antolatu ziren dastatze-ikastaroak eta haietan ere hartu nuen parte. Han talde jatorra bildu zen, eta batzuk oso famatuak dira gaur egun: Jon Andoni Rementeria sumillera, Juan Antonio, Boroa jatetxearen maitrea... Gaur egun oraindik gaude harremanetan.
Eta gaur egun sumillera zara...
Ez. Nik ez dut neure burua sumillertzat. Ingelesez wine speaker esaten da, hau da, ardoari buruzko hizlaria, eta horixe naiz ni: ardoaz mintzatzen naiz eta ardoa aukeratzen laguntzen diot jendeari. Jatetxeetan errazagoa da ardoa aukeratzea: zerbitzariak laguntu egiten dizu, badakizu zer jango duzun, norekin, nolako giroa dagoen, nolako mahaikideak dituzun, lagunak, bikotea, familia... Baina denda batean dena da hotzagoa. Nik berotasuna ekartzen diet bezeroei eta botila bakoitzean zer dagoen azaltzen diet.
Ardoa betidanik izan da gizonezkoen eremua, ezta?
Bai. Gogoratzen naiz hasiera batean dendara etortzen ziren bezeroek aitari eskatzen ziotela ardoari buruzko aholkua. Horrek pilo bat izorratzen ninduen ardoen arduraduna neu nintzelako (kar, kar). Egoera badoa apurka-apurka aldatzen eta gero eta emakumezko gehiago dago, baina oraindik gizonezkoen mundua da. Nire ustez, emakumezkook zorrotzagoak gara, argi eta garbi dakigu zer gustatzen zaigun eta zer ez. Hala ere, nire ustez, gizonezkoak erosoago dabiltza ardoa saltzen diena emakumezkoa denean. Izan ere, guk hobeto dakigu emozioak adierazten.
Gaur egun, ardoa munduko edozein tokitan egiten da. Onuragarria da ardoa globalizatzea?
Ardoa oso lotuta dago tokian tokiko kulturarekin; hau da, leku bakoitzak badu ardoa ulertzeko eta ekoizteko era. Eta batzuek ardoaren nortasuna aldatu nahi izan dute, ahalik eta gehien zabaltzeko edo besteenak aintzat hartzeko. Eta ardoa goxoa izan behar da. Ondo dago zure produktua besteei gustatzea nahi izatea, baina ni ez nago ados, horretarako zure nortasuna gehiegi aldatzen baduzu. Horrela, magia kentzen diozu produktuari.
Zein da gehien gustatzen zaizun ardoa?
Momentuaren eta konpainiaren arabera, musikarekin moduan. Ardoa aukeratzeko, jaten duzunak du garrantzia, baina hori baino askoz inportanteagoa da noiz eta norekin egongo zaren jakitea. Botilarik goxoena besteren batekin edo batzuekin edaten duzuna da. Ezin izango nuke ardo bakar bat aukeratu, baina xanpaina aproposa da edozein momentutarako. Jendeak postrean-eta hartzen du xanpaina, baina nik uste dut beti dela egokia.
Txorierrin hainbat txakolin ekoizle ditugu. Azken bolada honetan gero eta ospe handiagoa hartu du edariak. Zer deritzozu txakolinari?
Bizkaiko txakolina oso ardo ona da. Lehen txarra zela esaten zen, eta ziur asko horrela zen: etxeko ardoa zen, kontrolik gabe ekoiztua... Gaur egun, ordea, produktua zaindu egiten da, eta kalitate handia du. Izan ere, azken bolada honetan erakunde publikoek eta baserritarrek izugarrizko apustua egin dute. Gainera, hemendik kanpo ere gero eta ezagunagoa da, esportazioak gero eta handiagoak baitira. Hasiera batean gehienbat zuriak merkaturatzen ziren eta gaur egun baita beltzak ere. Biak dira gomendagarriak.
Urrezko sudurra
Olallak ez du bere burua sumillertzat hartzen, baina iaz bigarren postuan lortu zuen Urrezko sudurra lehiaketan. Holakoetan sumiller ospetsuek hartzen dute parte eta lehiakideek asmatu behar dute zer edari dagoen kopa beltz batean. Eta hori guztia papertxo batean adierazi behar dute bost minutuan. “Lehenik eta behin Estatuko iparraldekoen kontra (Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Asturias eta Kantabria) sailkatu nintzen eta bai finalerdia, bai finala Madrilen jokatu nituen. Lehiaketara esperientzia bizi izateagatik eta ondo pasatzeagatik aurkeztu nintzen. Ez nuen espero inondik inora finalerako sailkapena lortzea, ezta bigarren postua eskuratzea ere”.
Olallaren esanetan, lehiaketa oso esperientzia polita izan zen, harro sentitzeko modukoa. “Nik herriko denda batean egiten dut lan, eta jatetxe ospetsuetako sumiller handiei irabazi egin nien”. Aurten berriro aurkeztu da, baina ez du sailkatzea lortu. Datorren urtean berriro saiatuko da, lehiaketan kristoren giroa sortzen baita. “Beste parte-hartzaileak oso jatorrak dira: elkarri lagundu eta animoak ematen dizkiogu. Oso lagun interesgarriak ezagutu ditut lehiaketari esker eta oraindik harremanetan gaude. Ardoren bati buruzko zalantzak ditugunean, elkarri galdetzen diogu. Ardoaren inguruko sarea osatu dugu (kar, kar)”.
Gurean izan da