Ander Mateos, Frantzeska musika taldeko kidea: “Pu

Aikor aldizkaria 2013ko api. 26a, 09:35

t/a: Gaizka Eguzkitza

Ander Larrabetzuko musika eskolan hasi zan gitarra joten. Gazte-gazte zala OGT taldea osatu eban lagunakaz, eta taldea bertan behera gelditu zanean, Frantzeska taldean sartu zan. Derioztarrak punk-rocka egiten dau Iker eta David taldekideakaz batera, baina beste estilo batzuk be jorratzen ditue: jazz, reggae... Orain arte disko bi atera ditue: F eta Basauri ON! Zelan hasi zinan musika munduan? Larrabetzuko musika eskolan ikasi neban. Lagunoi rocka gustetan jakun eta primeran pasetan genduan kontzertuetan-eta, baina zerbait botetan genduan faltan: gure gurariak, publiko moduan, ez ziran betetan. Beraz, guk gura genduana guk geuk egitea erabagi genduan eta OGT taldea sortu genduan. Taldeak pare bat urte iraun eban eta azkenean bertan behera gelditu zan. Eta gero Frantzeska taldean sartu zinan... Bai. Musikea joten jarraitu gura neban eta 2008an Bilborrock aretora joan nintzan, bertan taldeek hainbat iragarki jarten dituelako partaideak topetako. Hareetako bat, zikinena alegia, Frantzeskarena zan. Erantzuna emon neutsien eta taldean hartu ninduen. Zer da Frantzeska? Gitarra batek, baju batek eta bateria batek osatutako taldea. Orain arte, disko bi (F, 2009an, eta Basauri ON!, 2013an) atera doguz. Egia esan, oso disko antzekoak dira, kantak garai berekoak diralako. Gure ustez, bigarrena lehenengoaren “bonus track” dalakoa da, hau da, jarraipena. Lehenengoa guk geuk grabau genduan eta bigarrena, Basauriko lehiaketa irabazi eta gero lortutako sariari esker. Zelan izan zan Basauriko musika lehiaketa hori? Lehiaketa guztietara aurkezten gara. Eta Kanarietara edo Alemaniara joan behar badogu, prest gagoz joateko. Eta Basaurin be aurkeztu ginan eta irabazi egin genduan. Harremana ez zan oso ona izan bertako antolatzaileakaz, baina oso grabaketa txukuna egin genduan eta pozik gagoz ateratako diskoagaz. Punka, rocka, jazza, ska, reggae... Oso estilo ezbardinak dira. Posiblea da honeek guztiak jorratzea? Gure ustez, normala da. Nire talderik kutunenetarikoa The Clash da, eta eurek be nahasketa hori egiten eben 1980an. Musikari jagokonez, geu be bagagoz 1980an. Estiloei buruzko eztabaidea sarritan sortzen da eta kakoa da bakotxak zelan ulertzen dauen punka: The Clash taldeko London calling abestia punk estilokoa da. Punka musika mota baino, bizitzeko era bat da: gitarra joteko modua, telebista ikusi edo amatetako modua... Punka rock azkarra eta sinplea da. Eta etenbako haustea: zerbait barria egin dozunean, beste gauza barri bat egin behar dozu, eta holan behin eta barriro... Pier Paolo Pasolini poeta italiarrak esaten eban bizitzea aurreko lerroan dagoala, hau da, beti hausten, gauza barriak egiten saiatu behar zarala. Ez dozue managerrik. Hori ona ala txarra da? Manager barik behar gehiago dozu: musikaz arduratzeaz gainera, esate baterako, deiak egin behar dozuz taldearen barri emoteko. Guk Taupaka alkartean gagoz eta eurek hau proponiduten dabe: kultura guztiona da eta norberak berea editateari ekin behar deutso. Alkartean beste talde batzuk be badagoz: Siroka, Norte Apache, Sobieht... Gustetan jaku behar egiteko era hori, hau da, zure lana zuk zeuk egitea. Koilara erosi beharrean, koilara egin nahiago dot. Taldeko izena bitxia da. Nondik dator? Lehen Iralan, Bilbon, egiten genduzan entseguak eta hara joateko San Frantzisko auzotik pasau behar genduan. Bertan hainbat emakume dagoz beharrean, kalean, eta eurei omenaldia egiteko, Frantzeska izena jarri geuntsan taldeari. Orain uda dator. Proiekturen bat dozue esku artean? Guretzat negua uda baino hobea da. Izan be, neguan tabernetan eta gaztetxeetan joteko aukerea dogu, baina udan, herrietako jaietan, talde famaduek baino ez dabe joten. Eta gu ez gara famaduak. Dana dala, prest gagoz edozein plazatan joteko. Eta horretarako egiten dogu behar. Musikea da zure beharra gaur egun, baina Arte Ederrak ikasten hasi zinan. Zer gertatu zan? Egia da, karrerea ikasten ibili nintzan, baina azkenean itxi egin neban. Karrerea gauzak egiteko biztugarria izan beharrean, eragozpenak jarten eustazan nik gura nebazan gauzak egiteko. Amari esker, itxi ahal izan neban. Eta eskerrak emon behar deutsadaz amari beti nire ondoan dagoalako. Karrera itxi arren, beti nabil leku batetik bestera gauzak egiten: musikea taldeagaz, film laburraren bat... Harremanetan jartzeko: Taupaka Elkartea www.taupaka.com taupaka@gmail.com 688 840 713