Loiuko “mendi” taldea: Bapo jan ezean, ez dago ald

Aikor aldizkaria 2013ko api. 26a, 10:08
Halan azaltzen da talde honen facebook-en. Izan be, Carlos Fernandezek aitatu deuskun moduan, parrandatxuan-edo ibilteko gogoak batu ditu talde bitxi honetako lagunak. Ez da ohiko alkartea, baina herriko bizitza sozial eta kulturalaren eragiletariko bat dira, gaur egun. Loiuko “mendi” taldea horren gazte ez diren hamar mutilek osatzen dabe, eta artzain alemaniar arrazako txakur eme bik. Noizean behin neskaren bat be animaten da harekaz mendira-eta joatera. Tabernak leku aproposak dira lagun barriak egiteko, eta koadrila honetako kideek herriko tabernetan, hain zuzen be, ezagutu eben alkar. “Badakizue, azkenean, zer edo zelango hartuemona sortzen da, gustura zagoze eta laguntaldea osatzen da. Eta poteoa egiteko lotzen zarie...”. Eta poteoak mendira eroan ditu lagunak. Halan, bada, hiru urtetik hona koadrilea domekaro gelditzen da Unbetik edo inguruko mendietatik pasieran ibilteko. “Baina beti txantxa-ikutu bategaz... Guri benetan gustetan jakuna menditik bajatu ostean egiten dogun hamaiketakoa dalako... Juancarren tabernara joan ohi gara indarrak barritzeko”. Era berean, lagunek beste ohitura bat sortu dabe Gabon-egunerako. “Goizean goiz lotzen gara eta Unbera igoten gara. Pinu bat aukeratu eta Gabonetako apaingarriak ipinten deutsaguz. Beharra amaitzen dogunean, txanpan botila batzuk zabaldu eta bertan edaten doguz. Eta gero, Juancarrenera joaten gara... Bai, badakigu, egun horreetan lar jaten da... Baina, guk hamaiketakoa egin behar!”. Herriko bizitza soziokulturala indartzeko asmoa dauala, Loiuko Udalak ekintzak antolatzen ditu aldian-aldian. Laguntaldeak ekintzotan hartzen dau parte, eta ahal dauan guztietan emoten dau laguntzea. “Halakoetan inpliketea gustetan jaku, paella lehiaketan, putxera egunean... Gainera, koadrila ekintza horreek egiten diranean, hazi egiten da. Behin baino gehiagotan 25 lagun inguru batu gara”. Zalapartea herrian Lehen esan dogun bezala, Loiukoa ezohiko “mendi” taldea da, eta izena aurten ipini deutsie, putxera egunaren haritik. “Lehiaketan parte hartzeko, beharrezkoa zan taldeari izena ipintea, eta guk “Loiuko mendi taldea” ipini geuntsan. Momentu hatan bururatu jakuna... Beste izen bat be jarri ahalko geuntsan... Oso barregarria izan zan, kasualidadez, herriko saria eroan gendualako, eta gure izena esan ebenean jentea galdezka hasi zan: Baina nortzuk dira horreek? Badago mendi talderik Loiun, ala? Noztik?”. Talde ezezagunak zalapartea sortu dau herrian eta haren kideek alkarte formal bat eratzeko proposamena jaso dabe. Halanda be, epe laburrera dabezan planen barruan ez dago halakorik. “Gaur egungo egoerea bada nahikoa gogorra eta guk dibertimentua ardatz nagusitzat dogula osatu dogu taldea, herriari bizitza apur bat emoteko eta geuk be lagunakaz ondo pasetako gunea izateko. Dana ezin dalako izan beharretik etxera joatea, eta etxetik beharrera! Azaldutakoa da gure helburua; ez dogu, beraz, bestelako asmorik. Horregaitik, talde ofizial bat eratzea ez dago gure lehentasunen artean... Ez epe laburrera, behintzat”. Gaur arte moduan jarraitzeagaz nahikoa dabela esan deusku Carlosek. Eta konfesau be konfesau deuskue mendira urten barik hiru hilabete daroezala, “oso eguraldi txarra egin dau!”. Udabarrian gagozala eta eguraldiak onera-edo egingo dauala aprobetxauz, ohiturea berreskuratzeko asmoa dabe. “Beste leku batera behar moduko urteera bat antolatzea be pentsau dogu; egia esan, Gorbeiara joatea gustauko litxakigu”. Urteera horretan eta gainontzekoetan gura dauanak emon daike izena.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).