Meteoritoak Errusian!

Aikor aldizkaria 2013ko api. 26a, 10:26

t: Jon Legarreta, Fisika Zientzietan doktorea

Errusiako Cheliabinsk herrian sekula ahaztuko ez den eguna da otsailaren 15a, asteroide baten eztanda gertatu baitzen bertan, telebistako irudiei esker ia zuzenean ikusi genuenez. Eztanda egitean igorritako energia neurtuta jakin dugu asteroidea espazioko harri arrunt bat zela eta 17-20 metro eta 11.000 tonako masa zituela. Gainera, dirudienez, ehunaka meteorito sortu zituen asteroide hau aurretik ere pasatu zela Lurraren ondotik milaka urtez. Kasualitatez, 50 metroko beste asteroide bat, 2012 DA14 izenekoa, pasatu zen egun berean Lurretik 28.000 kilometrora. Azken hori orain dela urte bat detektatu zen eta, haren orbita kalkulatu ondoren, Lurraren kontra talka egiteko arriskurik ez zegoela egiaztatu zuten zientzialariek. Baina zergatik ez zen lehenengo asteroidea detektatu, 2012koa detektatu zen moduan? Asteroidea eguzkiaren norabidetik heldu zen Lurrera, eta ez zen detektatu teleskopio optikoek ezin dutelako eguzkiaren inguruko eremurik ikustatu. Dakigunez, meteoritoak eguzkiari orbitatzen ari zaizkion objektuak dira (NEO, Near Earth Object), Lurraren orbitaren inguruetan. Programa edo misio ezberdinak daude NEO horiek behatzeko: batzuk Lurretik detektatzen dira; eta beste batzuk, espaziotik satelite bereziak erabilita. Argi dago misio horien beharra, are gehiago Errusian gertatutakoa ikusita, baina zoritzarrez murrizketak ikerketaren arlo honetara ere heldu dira krisiaren eraginez, behintzat Estatu mailan. Bestalde, noiz helduko da beste meteorito bat? Galderari erantzuna emateko eta Cheliabinsk herriko meteoritoaren antzeko beste bat topatzeko, atzera egin behar dugu denboran. 1908. urtean, 80 metroko bolido batek eztanda egin zuen Siberiako Tunguska herrialdean, Lurra jo baino lehen. Astronomoek gertaera hori hartu dute erreferentziatzat, eta beste talka bat izateko arriskuaren batez bestekoa kalkulatu dute: 100 urterik behin. Hala ere, hori estatistiketan oinarritutako datua da, ezin baita zehaztu noiz izango den hurrengoa. Dena dela, ezin gara beldurrez bizi noiz jausiko ote zaigun meteoritoren bat zerutik. Pentsatu behar dugu meteorito batek pertsona bat harrapatzeko probabilitatea pertsona horrek istripu bat izateko probabilitatea baino 200 aldiz txikiagoa dela. Beraz, zeruari begira lasai egon gaitezke, autoan goazenean baino lasaiago bai behintzat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).