Joseba Butroe euskaltzale peto-petoa da: Euskal Filologiako lehen promozioko ikasleetariko bat izan zen, EGA azterketa prestatzen duen taldean aritu da eta gaur egun Euskaltzaindian dabil lanean. Jaiotzez lezamarra da, baina lana dela-eta Algortan bizi da, bertako institutuan katedra atera zuenetik. Josebarekin solasaldi luze eta atsegina izan dugu bere ibilbideari eta euskarari buruz.
Euskal Herrian abian jarri zen Euskal Filologiaren lehenengo promoziokoa zara. Nolako urteak ziren?
70eko hamarkadako azken urteak eta 80ko hamarkadako lehenengo urteak ilusioz betetakoak izan ziren, jendea mugitzen hasi zelako euskara sustatzeko: bertsolaritza txapelketak antolatzen ziren, ikerketa filologikoak... Oso giro bizia zegoen. Borondate oneko lagunak zeuden, bai ikasleak, bai irakasleak. Eta talde polita osatu genuen karreran. Gaur egun, batzuk oso ezagunak dira: Joseba Sarrionandia eta Juan Manuel Etxebarria idazleak, esate baterako.
Zer egin zenuen karrera amaitu eta gero?
Oposaketak prestatzen hasi nintzen. Garai hartan oso gogorrak ziren: 105 gai potolo (linguistika, literatura...) prestatu behar izan nituen, institutuko katedrara aurkezteko. Nire epaimahaian, besteak beste, Juan Luis Goikoetxea derioztarra eta Koldo Mitxelena egon ziren (bost epaile ziren guztira). Bost plaza egon ziren eta 38 lagun-edo aurkeztu ginen. Hiruk atera genuen plaza bana eta beste biak libre gelditu ziren. Eta 23 urterekin institutuko katedra atera nuen. Oso gutxi ginen katedradunak.
Zamudioko eskolan euskara irakasle ere ibili zinen...
Bai. Hiruzpalau urte eman nituen han. Gogor ikasi behar izan nuen, metodologiarik eta didaktika-materialik ez zegoelako. Gainera, ez nuen eskarmenturik. Gaur egun ere, horrelakoak gertatzen zaizkie irakasleei: gaia menperatzen dute, baina ez dakite ezer ikasleak tratatzeko teknikei buruz. Garai hartan, irakasleak oso gogorrak ziren, erdaldunak... Gu, aldiz, lagun koadrila bat ginen. Nahiko esperimentalak izan ginen eta oso gogorra izan zen.
Nolako harremana izan duzu euskararekin?
Fase desberdinak izan ditut. Gaztetan lagun euskaldunak eta erdaldunak nituen, baina 14 urte nituela hasi nintzen lagun euskaldunak berriro topatzen. Derioko Seminarioan ikasi nuen eta han, besteak beste, Mikel Zaraterekin eta Pedro Mari Goikoetxearekin egin nuen topo. Giro euskalduna sortu zen han eta ni eroso sentitzen nintzen. 1974-1975 urteetan Frankoren kontrako adierazpenak egon ziren: guk, esate baterako, ikurrina tindaturik jarri genuen Seminarioko dorrean. Mikel Zarateri esker ere konpromiso handiagoa hartu genuen. Hamasei urterekin euskara eskolak ematen nizkien auzokide nagusi batzuei eta eurek ordaintzen zidaten dirua erabiltzen nuen euskaraz idatzitako liburuak erosteko. Euskararekin nuen harremana apurka-apurka hazi zen.
Euskaltzaindian egiten duzu lan. Batzuek diote akademiak ez duela ezertarako balio. Zer esango zenieke?
Euskaltzain urgazlea naiz, laguntzailea, hau da, noizean behin irizpideak ematen dizkiet, batzordeetan hartzen dut parte... Nire ustez, Euskaltzaindia beharrezkoa da. Ingelesek, esate baterako, ez dute hizkuntza akademiarik, baina haren ordez ospe handiko erakunde batzuk dituzte: Oxford eta Cambridge unibertsitateak, adibidez. Hemen ez dugu horrelakorik, eta batzuetan oker dabilen arren, Euskaltzaindia behar dugu, irizpideak eta ereduak emateko. Eta gero, bakoitzak nahi duen moduan erabil dezala euskara.
Euskara batuaren defendatzaile sutsua izango zara, orduan.
Bai. Betiko eztabaida da. Mikel Zaratek ere sekulakoak entzun behar izan zituen batueraz idazten hasi zenean. Batueraren defendatzailea izateak ez du esan nahi euskalkiak baztertu behar ditugunik. Batuera eta euskalkiak bateragarriak dira. Ez dakit euskarak batuerari esker iraungo duen; ziur nago, ordea, batuerarik gabe euskara hilda egongo zena. Batuera eredua da eta hori behar-beharrezkoa da, eredurik gabe anarkia dagoelako. Batuerak ez dio euskarari kalterik egiten; jokabide traketsak, bai, ordea. Ikasten genuenean, hau esaten zen: “¿En euskera? Si no se entienden ni ellos...”. Egia zen. Hala ere, gaur egun batuerak agerian utzi du euskara ikas eta irakats daitekeela. Euskara batuera duela 50 urte sortu zen eta munduan ez dago hizkuntza bateratzeko ahalegin parekorik. Txapela kentzeko modukoa da.
Batzuek herriko euskara aldatzen ari dela leporatzen diote batuerari...
Bai, baina hori normala da, herriko jendea ere aldatzen delako. Eta, adibidez, Lezamako euskara Lezamako lagunak dira. Euskara ez da hor dagoen zerbait, airean dagoen gauza etereoa; euskara pertsonak dira, eta pertsonak zaindu behar dira. Hizkuntzak existitzen dira pertsonek erabiltzen dituztenean. Bestela, akabo!
Zelan imajinatzen duzu euskara 40 urte barru?
Berrogei urte eternitatea da. Batek daki! Batzuek ziurtzat ematen dute euskararen etorkizuna, baina nik ez dut hain argi ikusten. Arabiarrek hau diote: aita gameluan ibiltzen zen; ni, Rolls Royce autoan; semea, jet pribatuan; iloba agian berriro gameluan ibiliko da. Eurek onartzen dute gauzak aldatu ahal direla edozein momentutan. Ezin da beti gorantz joan...
Ezkorra zara, ala?
Ez. Euskaldunok euskara batuari esker badugu aurrera egiteko oinarria, eta hortik abiatuta, salto serio batzuk eman behar ditugu. Alde batetik, nork bere burua inplikatu behar du, eta bestetik erakunde publikoak ere inplikatu behar dira. Administrazioak baliabideak jarri behar ditu euskararen alde. Esate baterako, teknologia berrietan inbertitu behar da, langile liberatuak behar ditugu... Egunkari euskaldun bakarraren zuzendariak ezin du egunkari erdaldun baten telefonista batek beste kobratu. Ezin da boluntarioekin ibili. Gaur egun Administrazioak egiten duen hizkuntza-politikarekin ez nator bat: ezin da pertsona bat kontratatu, eta gero hori liberatu euskara ikasteko; Bilbon gaur egun Irakasle Eskola batek gaztelaniaz hezten ditu irakasleak. Politika faltsu horiek jarraituz gero, txarto ikusten dut etorkizuna. Euskara ezin da beti azkena izan. Garestia da, bai, baina beste gauza batzuek ere badira garestiak, eta dirutza gastatzen dute haietan. Ez dakit zenbat errepide gehiago behar ditugun, baina euskarak laguntza behar du.
Etorkizunari begira, zeintzuk dira hizkuntzaren erronkak?
Euskarak ingelesarekin bizi izaten ikasi behar du. Izan ere, munduko lehenengo hizkuntza da. Eta zorionez, ingelesa eta euskara antzekoak dira, euskara eta gaztelania baino askoz antzekoagoak, alegia: hitz-elkarteak, egiturak... Ingelesa geure bigarren hizkuntza izan beharko zen eskolan. Nigatik, kalean ikasten den gaztelaniarekin, nahiko. Ingelesa eta euskara osagarriak direnez, mesedegarria da ikasleentzat biak ondo ikasteko. Gaztelaniak kalte handia egiten digu, hizkuntza erromanikoak beste era batean antolatzen direlako: erlatibozko esaldi asko daude... Baina Euskal Herrian hizkuntza nagusia gaztelania da eta ekartzen digun eragina ez da batere zuzena: azkenean batzuek euskañolez egiten dute: erdia euskaraz, erdia gazteleraz.
Joseba Butroe
–Joseba 1960ean jaio zen Lezaman.
–Euskal Filologia karreraren lehenengo promozioko ikasleetako bat izan zen 1978an, Deustuko unibertsitatean.
–Karrera bukatzean, institutuko katedra lortu zuen Getxo 3 institutuan. Gaur egun, institutuak Aixerrota du izena eta Josebak bertan ematen ditu eskolak.
–Euskaltzain urgazlea da, hau da, aholkulari egiten du lan Euskaltzaindian.
–25 urte eman du EGA azterketaren lan-taldean lanean. Iaz utzi zuen.
EGA azterketa
Joseba Butroek euskarari eta hezkuntzari lotuta eman du bizitza. Ildo honi jarraituz, Euskara Gaitasun Agiria (EGA) azterketaren arduraduna ere izan da. Eztabaida sutsuak daude agiri horren inguruan. Josebaren iritziz, jendeak ez daki zein den EGAk eskatzen duen maila. “EGA Administrazioak ematen duen titulua da eta gainditzen duenak euskaraz dakiela bermatzen du, besterik ez. EGA ez da inoiz irakaslea izateko titulua izan, ez kazetaria izateko, ez itzultzailea izateko... Jende askok gainditzen badu, oso erraza da; jende gutxik gainditzen badu, ordea, zorrotzegia”.
Iaz bere ardura utzi zuen, arazoak eta desadostasun handiak zituelako administrazioko lagunekin. “Europako Hizkuntzen karta sortu zuten, hizkuntzak arautzeko. Horrek sei mailatan banatu zituen hizkuntza-azterketak eta EGA bosgarren postuan jarri zuten. Bestalde, ALTE Europako hizkuntza-aztertzaileen elkartean gaude, eta horrek adierazten du goi-mailako elkartea garela, baina horretarako baliabideak behar dira, ez gaur egun daudenak. Holandako elkartean 150 lagun dabiltza lanean azterketari buruz, eta hemen boluntarioek osatutako koadrila gara. Eta horrela ezin dugu jarraitu. Ahalegin handia egin dugu han egoteko, baina Jaurlaritzak ez du baliabide gehiagorik eman nahi. Herriko tailerrean ezin da Ferrari bat egin.”
Gai nagusia