Aritz Elguezabal, zine zuzendaria: “Gogoagaz balia

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 27a, 10:51

NUN film laburrak Ur baskoiaren historia kontaten dau, eta zelan hartzen daben berak eta bere herrixkako lagunek Erromatar Inperioa penintsulara ailegau izana. Aritz istorio honen gidoilaria eta zuzendaria da, eta aktore be ibili da bertan. Film laburra apirilean estreinau zan Bilbon. Zelan sortu zan NUN grabetako idea? Euskal Herriaren gaineko istorioak kontetako orduan, ikusi-entzunezko arloan hutsune bat dagoala uste dogu, izan be beti kontau deuskuez iragan hurbilean gertatutako istorioak: ETA, Gerra Zibila, Karlistadak... Politikaz aparte, beste istorio batzuk be kontau behar dirala uste dogu, adibidea jartearren, gure inguruagaz dogun harremanak be beste herri batzuetatik bereizten gaituelako. Eta zibilizazino aurreko garai bateraino joan zarie... Bai, tribuak nagusi ziran garai bateraino. Jakin badakigu baskoiek ez ebela erromatarren aurka burrukatu, eta, beraz, film laburrean, gure asmoa ez da izan bien arteko gerrarik adieraztea, baizik eta herrixka bateko jenteak haren inguruagaz eta natureagaz zelako hartuemona eban kontetea, zelan moldatzen zan beste klan batzukaz, zelan ikusten eban mundua, zelan hartzen eban Erromatar Inperioaren hedapena... eta islatzea hareen artean egon ahal ziran tirabirak, aliatuak izan arren edo bidea libre ixteko akordioa sinatu arren, arazoak beti egongo ziralako. Erreferentzia mitologikoak be sartu dozuez pelikulan. Gure ustez, ikus-entzumenezko arloan be ez da sakondu gure herriak magiagaz euki dauan harremanean, ez kondairetan, ez izaki mitologikoetan... Eta istorioa hain gizarte primario baten kokatzeak aukerea emon deusku, tribuak mitologiaren bidez zelan ulertzen dauan mundua adierazoteko. Hizkuntzea be zaindu dozue, pelikulea latinez eta antxinako euskeraz-edo egin dozuelako. Egia esan, italieraz grabau genduan, ez gendualako topau inor testuak latinera itzultzera ausartzen zanik. Baina filmazio ostean, soinua lantzen genbilzala, bikoizketa-beharrak egin behar ziran erabagia hartu genduan. Bikoizketaren ardura ezagun bati emon geuntsan, eta, kasualidadez, harek baeban latin itzultzailea zan lagun bat. Testua itzultzera animau zan, eta, gainera, ñabardurak be sartu zituan, jeneralen artean berba egiten zan latina, adibidez, ez zalako soldaduen artean berba egiten zana. Euskerearen asuntoa korapilatsuagoa izan zan, ez dagoalako XVII. mendea baino lehenagoko testurik. Orduan, bizkaierea hartu genduan oinarritzat eta imajinau egin genduan garai hatan berba egin leiteken euskerea. Esan beharra dago film labur hau kapitulu pilotu bat be badala. Gure helburua 50 minutuko sei kapituluk osatutako serie bat egitea da. NUM istorio handi horretako zati bat da eta ekoizpen-etxeetara eroateko asmoa dogu, ea baten bat animaten dan seriea ekoiztera. Oso baliabide gitxi euki dogu filmazioa egiteko orduan, ez dogu finantziaziorik izan, baina 20 minutuko lan duin bat egiteko gauza izan gara. Beharra ekoizpen-etxeetara eroaten dogunean, horreek konturatzea gura dogu ia baliabide barik besteek egiten daben beharra egiteko gai garala, hareek legez ondo edo hobeto. Ekoizpen arrunt batek dauan presupuestoa emongo baleuskue, beraz, askoz hobeto egiteko gauza izango ginatekeela. Hasieran, idea ero bat iruditu jaken batzuei, ezta? Anbizio handiko proiektua, baina baliabiderik ez... Detaile asko zaindu behar ziran: arropea, attrezzoa, armadurak... Ezinezkoa iruditzen zan hasiera baten. Baina lagun bat eta biok hasi ginan aztertzen garai hatako armadurak zelangoak ziran, eta bururatu jakun kartoi prentsatua erabilita, kamara aurrean benetakoak emoten eben armadura bat eta ezpata bat egin geinkeala. Jenteak ikusi ebazanean, eretxiz aldatu zan. NUN orain dala urte eta erdi grabau zenduen, zelan gogoratzen dozu filmazioa? Dana nahiko xumea izan zan. Filmazioak zazpi egun iraun eban, eta, besteak beste, Artxandan, Fikan, Lezaman, Nafarroan –istorioa Nafarroako Pirinioetan kokatzen da- eta Nerbioi ibaiaren iturburuan grabau genduan. Batez be imajinazinoa eta trukuak erabili behar izan genduzan, ez gendualako ezer: ez garabirik, ez steadycam kamararik... Bataila bat dago filmean eta ha filmetako bigarren unidade bat euki genduan, besterik ez. Sei lagun ibili ginan talde teknikoan eta ia dana aldi berean egin behar izan genduan: filmau, pertikea hartu... Gogoagaz baliabideakaz baino gauza gehiago egin daitekez. Zenbat aktore ibili ziran filmazioan? Testua eben 12 aktore eta 100 estra. Hareen artean, Derio eta Lezamako lagunak izan ziran. Eskerrak emon behar deutsedaz, hasieratik oso jarrera ona adierazo dabelako. Klaseak eta guzti hartu ebezan garai hatan zelan burrukatzen zan ikasteko. Neu be saiatu nintzan aktoreak ondo zaintzen eta gustura sentiduarazoten, filmazio askotan izan nazalako eta badakidalako batzuetan aktoreei ez jakela merezi daben arretarik eskaintzen. Bai aktoreek, bai teknikariek musutruk egin eben behar. NUN pantaila txikian ikusteko esperantzarik? Bai, esperantzarik ez badago, ez dago ezer. NUN filmetako euki genduzan baldintzak eta esperientzia kontuan hartuta, nik uste dot emaitzea nahiko ona izan dala. Beharra ekoizpen-etxeetatik mugiten hasi gara dagoaneko, ea suerterik dagoan. Eta kapitulu pilotu bat izateaz gainera, film laburreko formatua be badauanez, horrek aukerea emoten deusku zine-jaialdietatik be mugitako. Egilea Aritzek 25 urte ditu eta Artxandan bizi da. Txorierrigaz oso lotura estua dau urteak daroazalako Sutondoan Derioko alkartearen antzerki taldeagaz kolaborazioak egiten. Bere lehenengo film laburra orain dala 10 urte egin eban, institutuan egoala. Batxilergo artistikoa ikasi eban eta antzerki eskolak hartu ebazan. Antzezpenari lotutako beharrak bilatzen hasi zan eta Arte Ederretako fakultadean emon eban izena. “Hamazortzi urte nituan eta oraindino ez egoan krisirik. Nahiko behar egoan”. Gazteak hainbat film labur egin ditu. “Behar bat amaitutzat emoten dozunean, hori hobeto egin zeinkean arantzea dozu beti. Ez zara pozik harik eta beharrak profesionala emoten dauan arte. NUN hirugarren mailan gengozala grabau genduan eta handik hona beste zazpi film labur egin doguz. Izan be, uste dot beti egon behar dala mobimentuan, gauzak egiten, ezagutza eta esperientzia handiagoak izateko”. NUN film laburra idatzi eta zuzentzeaz gainera, protagonista nagusiaren papera egin dau bertan.