Juan Antonio Trabudua, ELA sindikatuko Txorierriko arduraduna
Duela bost urte “piztutako” krisiak amaierarik ez duela dirudi, eta gero eta zulo sakonagoan sartuko gaituztela iragartzen dute politikarien asmoek.
Erreformek, arazoari irtenbidea eman beharrean, arazoan sakontzeko balio dute; ondasun gehien dutenei gero eta zerga gutxiago kobratzearen ondorioz, gastu publikoa gero eta txikiagoa da, behar sozialak bikoiztu badira ere; jende gutxiagok ordu gehiagoz eta gutxiago kobratuz lan egin dezan, pausu garrantzitsuak eman dira; lan merkaturatzea gaitz eta lan merkatua utzi eta erretiroa hartzeko bidea gaitzago bihurtu dute; ustelkeria kasuak nonahi agertzen diren bitartean, herritarrak odolustu egiten dira hipoteka ordaindu ezinik... Eta guzti horren aurrean alternatibarik ez dagoela sinestarazi nahi digute. Europak, "merkatuek", Madrilek edo Gasteizek esanak betetzea dela, edozeren aurretik, lehentasuna.
Argi dagoena da hala jarraituz gero, tragedia nagusituko dela gizartean: pobrezia, bazterketa soziala, gosea... Horregatik da beharrezkoa alternatibak eraikitzeko pausuak ematea. Kontua da posible dela beste balio batzuetan oinarritutako gizartea eraikitzea; badagoela alternatiba. Baina alternatibak ez dira berez sortu eta gauzatzen. Edozein landare legez, lur gozoan hazia erein, ureztatu, eguzki izpi indartsuetatik babestu eta maite-maite eginda loratuko da alternatiba ere. Bide horretan, baldintza egokiak sortzeko lan egin behar dugu; aliantzak egin, estrategiak finkatu eta boterean daudenen erabakiak aldarazteko, mobilizazio indartsuak sustatu.
Zentzu horretan, Txorierria ez da egungo errealitatean oasia; pobrezia berton dugu eta tragedia ate joka. Bost urteren buruan eskualdeko langabe kopurua ia bikoiztu egin da eta 1.092 langabe ziren 2012 urte amaieran. Datuok lagungarri zaizkigu gure herrietan bizi den egoeraren aurrean haserrea dagoela sumatzeko. Eta gure bizilagunek, guk bezalaxe, aurrera segitzeko alternatiba beharra dutela ikusteko ere bai. Hori hala izanik, ezin gara besoak gurutzatuta gelditu. Segi dezagun gure egonezina plazaratzen, gure eskubideak aldarrikatzen eta alternatiba badagoela oihukatzen. Hori egin ezean, hazia haitz artera jaurtitzean gerizperik sortzen ez den bezala, ez baita ezer aldatuko.