25 urte lezamarrak hezten

Aikor aldizkaria 2013ko eka. 24a, 09:00
Argazkiak: Gaizka Peñafiel
Esther Irazabalgaz eta Gaizka Peñafielegaz batu garanean Lezamako eskolan, oraindik ikusgai ziran bertan zapatuko ekitaldiko aztarnak. Eskolaren 25. urteurrenaren haritik, jai itzela antolatu eben, 500 lagun inguru batu ziran bertan: gaur egungo ikasleak eta ikasle ohiak, irakasleak eta irakasle ohiak, gurasoak, herritarrak, alkarteen ordezkariak... Baina, batez be egun osoan zehar bizitako momentuak ikusgai ziran lagun biren arpegian. Ezin eben irribarrea saihestu, momentu hareetako bat gogoratzen eben bakotxean. Mobimendua goiz-goizean hasi zan Lezamako eskolaren inguruetan. Azken ikutuak emon behar ziran, argazkiak ipini, eta antolatzaileak leku batetik bestera ibilten ziran, konbidatuak ailegau orduko dana prest egoteko. Egun luzea eben aurretik, sorpresez eta ekintzez betetakoa, eta nerbioak be dantzari ebiltzan. Jentea 11:00ak inguruan hasi zan jai-gunera hurreratzen. Dantzariek ekitaldia eskaini eutseen bertaratutako guztiei, eta gero eta indartsuago hasi ziran trikitien soinuak entzuten. Seigarren mailako ikasleek eskolan emongo daben azken ikasturtea danez, ekitalditxu berezia antolatu zan eurei zuzenduta. Eskolaren ikurra hontz bat da eta ikasle bakotxari bere izena eban hontz pertsonalizatu bat emon eutsien oroigarritzat. Era berean, argazki-album bana jaso eben, bi urtetik hona eskolan egindako ibilpidearen argazkiak zituana. Ikasleen tutoreak be, Luismak, sorpresa bat jaso eban. Gaztetxoek berak esan ohi dituan esaldiak idatzi eta kutxa dotore baten barruan sartu ebezan, tutoreari oparitzat emoteko. Puzgarriak be ipini ziran, eta Ekidazu abesbatzak abesti batzuk kantau zituan. Gaizka Peñafielek egindako 50+25 dokumentalaren emonaldia izan zan. Dokumentalean herriko eskolak Gerra Zibiletik orain arte euki dauan bilakaerea jaso da. Horrezaz gainera, argazkiak be ipini ziran proiektagailu baten laguntzeagaz. Ostean, argazkiakaz eskolako inguruak apaindu ziran. Asko argazkiei argazkia botaten ibili ziran. Azaldu deuskuenaren arabera, eskolan egindako 500 bat argazki batzea lortu dabe. Batzuk oso zaharrak izan dira eta umezaroko hamaika oroitzapen ekarri dabez lagun bat baino gehiagoren burura. Esker ona Umeak bazkaltzen ebiltzan bitartean, dultzaineroek girotutako kopaua eskaini zan helduentzat. Bazkalostean puzgarrietara joan ziren umeak, eta orduan helduentzako bazkariaren txanda heldu zan. “Lezaman, jente gehien batu dan herri bazkaria izan da: 200 ume eta 300 heldu. Kolore ezbardinetako lagunak, herriko alkarteak, adin guztietako herritarrak, irakasleak eta irakasle ohiak, ikasleak eta ikasle ohiak... batzea lortu dituana. Baita Lezamatik kanpo urteak daroezan lagunak be. Oso giro polita egon zan, alkar ikusi barik urteak eroiezan lagunen arteko solasaldiak... Oso gustura ibili ginan guztiok”. Bazkalosteak momentu hunkigarriak eta esker oneko berbak ekarri zituan. Irakasleek egindako beharra eskertu eutseen urteurreneko ekintzen antolaketan ibili ziran guraso eta lagun guztiei. Eskolan 25 urte baino gehiago dabilzan irakasleek be jaso eben sorpresa ederra. Ezer jakin barik, eszenatokira igon, eta gurasoen alkartean ibilitako ordezkariek urteurrenaren hontz bana emon eutsien, beren beharra eskertzeko. Irakasleak honeek izan ziren: Esther Irazabal, eskolako gaur egungo zuzendaria dana, Isabel Bastegieta, Kepa Hernandez, Lurdes Prudencio eta Patxi Serrano. Zirrarak eragindako malkoen ostean, jaia ailegau zan Astrapala eta Boston jai taldeen eskutik. Suak eta guzti bota ziran. “Oso egun borobila izan zan. Halako ekitaldiak gehiagotan egin behar dirala komentau zan, ezin dirala beste 25 urte igaro...”. Hain gustura ibili ziran, ze askok eguna zelan edo halan luzatu gura izan eben, eta egin egin eben. Izan be, asko ziran alkarregaz gogoratu beharreko bizipenak eta anekdotak. “Gurasoen alkarteak barbakoa prestau eban eta karpearen ondoan ipini eben txosna be oso lagungarria izan zan, giroa sortu eta jentea han gelditzeko. Antzerkigintzaren aldeko apustu sendoa egin dogu eskolan eta urtean bitan antzezpen bat egiten dogu. Arazoa da ez dogula leku egokirik antzezpenak egiteko, eta txosnan batutako dirua oholtza bat erosteko erabiliko da”. Inplikazinoa Lezamako eskolatik pasau dan guztiak oso oroitzapen onak ditu garai horretatik. Eta hori agirikoa izan zan jaialdian. “Hezkuntza bera alde batera itxita, irakasleok dogun inplikazinoagaitik dala uste dot”, azaldu dau Estherrek. “Eskola hau oso hurbila da bai ikasleentzat, bai gurasoentzat. Ateak beti ditu zabalik eta ahal dogunean laguntzen deutsegu. Horrezaz gainera, eskola publiko eta euskaldun bat bultzatzen dogu eta ahaleginak egiten doguz ikasle bakotxak bere onena atera daian”. “Familia handi bat gara. Eskolan harreman berezia sortu da gure artean, eta alkar ikusi barik urteak emon arren, oraindik mantentzen da harreman hori”, ganeratu dau Gaizkak, ikasle ohia izateaz gainera, praktikak Lezamako eskolan egin dituana. “Nire ustez, ikaslea maitetua sentiduten da berton. Dokumentalerako jasotako testigantzetariko bat oso adierazgarria da. Ama batek kontau euskun bere semea institutuan hasi zanean, egun baten halan esan eutsala: ama, institutuan ez nabe maite. Eta sentimentu hori izan da jaialdian hainbeste lagun batu dituana”. Gaur egun, 161 ume dabilz eskolan. Estherrek aitatu deuskuen moduan, gela bakotxean ikasle gitxi izateak aukerea emoten deutsie ikasle bakotxagaz era pertsonalizatuago baten lan egiteko. Era berean, kontaktu handia dabe familiagaz, eta eskolako bilakaerea ez ezik etxekoa be kontrolaten dabe. Harreman horri esker, emaitzak lortzen ditue. “Esan beharra dago institutura doazan ikasle gehienek oso emaitza akademiko onak dituela”. Era berean, eskolak lotura handia dau herriagaz eta irakasleak ahalegindu dira beraren gaineko materiala batzen –errekak, mendiak, auzoak ...- ikasleek bere herria ondo ezagutzeko. Hurbiltasuna da, beraz, eskola honetako arrakastaren gakoetako bat, bai pertsonekiko, bai herriarekiko. Gurasoak Lezamako eskola udaletxean egoan orain dala 25 urte. Han 100 ume inguruk ikasten eben. Lekua ez zan egokia, besteak beste, instalazinoak zaharrak ziralako, lekurik ez egoalako eta hezetasuna egoalako. Gainera, umeek herriko plazan emoten eben atsedenaldia eta errepide nagusiaren ondoan dagoanez, nahiko arriskutsua zan. Eraikin barria egitea ezinbestekoa zan. Ondo gogoratzen dabe hara sartu ziran lehenengo eguna. “Dana egoan atondu barik eta materiala bere lekuan ipini behar izan genduan... Hasieran ez genduan jantokirik, baina gurasoak hasi ziran mugiten eta azkenean lortu eben. Jagoleak herriko amak ziran”. Baina hori ez da gurasoek lortu daben hobekuntza bakarra. “Eskolaz kanpoko ekintzak egiteko aukerea be beren eskutik etorri zan, eta burruka egin eben auzoetan bizi diran umeak eskolara autobusez etorri ahal izateko. Baita ikasleak astean behin igerilekura joan daitezan”. Eraikina berehala lotu zan txiki eta apurka-apurka handitzen joan zan, gela eta instalazino gehiago jarri ahal izateko, harik eta gaur egun ezagutzen dogun eraikina osatu zan arte. Etorkizun hurbilari begira, eta arlo guztietan egiten dabilzan murrizketak kontuan hartuta, dabena mantentzeagaz pozik dagoz. Eta, ahal bada, gauza txikiak hobetzea gustauko litxakie. Esate baterako, eskolaren teilatua oso zaharra da eta konpondu beharko litzateke. Eraikinaren kanpoko hormek be konponketaren bat behar dabe. Era berean, urteak daroez atezain bat eskatzen, irakasleek eurek behar hori egin behar ez izateko eta euren eginkizuna erraztu ahal izateko. Hizkuntza Hogeita bost urtean eraikinak bere bilakaerea euki badau, ikasleen profila be aldatu egin da. “Gizartea bera aldatu egin da, eta horrek eragina euki dau bai gurasoengan, bai ikasleengan. Umeak babestuago dagoz orain”. Gainera, esan deuskue gurasoek lehen baebela nahiko barneratuta hiruzpalau balio, begirunea tartean, baina gaur egun nahasmendu handia dabela horri jagokonez. Ondorioz, umeei ez jakez balio horreek transmitiduten. “Umeei erakusten deutsegun eredua ez da egokia, beharbada. Irakasleok be koherentzia euki behar dogu esaten dogunaren eta egiten dogunaren artean”. Lezamakoa D ereduko lehenengo herri eskola izan zan Txorierrin. 50+25 dokumentalean jaso dan moduan, hezkuntzak euki eban aldaketarik nabarmenena trantsizino ostean etorri zan. “Irakasleek oso paper garrantzitsua jokatu eben Lezamako hezkuntzan”, esan dau Gaizkak. “Egoera korapilatsua zan, gaztelania nagusi zan eredu batetik gentozalako. Baina irakasle gazteak, hareetako asko euskaldun barriak ziranak, gogoa eta ilusinoa ebezan eta ahaleginak egin ebezan euskerearen alde”. Nolanahi be, hizkuntzearen erabilerea be aldatu egin da ikasleen artean. “Lehen, gaztelania nagusi zen klasean; eta euskerea, eskolatik kanpo. Orain kontrako egoerea dogu. Nahiz eta herriko ume eta guraso gehienak euskaldunak diran. Besteak beste, Bilbogaz doguzan hurbiltasunak eta harremanak –lehenengo sektorean ebiltzan lagun asko hara eroaten eben bendejea-, eragina euki leikie horretan”. Ereiten Estherrek azaldutakoaren arabera, aurreko urteetan kanpainak jarri ditue martxan euskerearen erabilerea klasetik kanpo be bultzatzeko. “Oso emaitza positiboak euki doguz. Gaia datorren ikasturtean barriro hartu beharko dogu seriotasunez. Gainera, joerak akademikoki be badau bere eragina: euskeraz mintzatzen ez badira, erraztasuna galtzen dabe”. Eskola-komunidadea LOMCEren onarpenari dago begira. “Aldaketa asko ekarriko ditu: emon behar dan programan bertan, irakasteko moduan, euskeran... Eskola pribadua indartu gura daben eretxia dogu, eta eskola publikoa ghetto bihurtu”. Eskolaren urteurrena dala-eta, Lezama ereiten alkartea sortu dabe irakasleek, gaur egungo ikasleen gurasoek eta ikasle ohien gurasoek, ikasle ohiek eta udal ordezkariek. Aurtengoa mobimentu handiko ikasturtea izan da taldekideentzat, kurtso amaierako jai handi honetaz gain, aurreko hilabeteetan be hainbat ekintza prestau dabezelako: urteurrenaren aurkezpena, ikasleek egindako antzezlan baten emonaldia, musika ekitaldiak eta kirol eguna. Materiala be batzen ibili dira argazki-artxibategi bat osatzeko eta dokumentala egiteko. Dokumentalaren ale bat eskuratu gura dauanak eskolara deitu daike. Ikasturtea amaitu da, eta, udako oporraldiaren ostean, barriro ekin beharko jako beharrari. Eragingarri barriagaz kasu honetan, gaur egungo eskola irailaren 11n jarri zalako martxan, eta, jai nagusia ekainean egin daben arren, egun horretarako be zerbait berezia antolatzeko asmoa dabelako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).