Euskara etilikoa

Aikor aldizkaria 2013ko uzt. 24a, 09:23

Eder Merino, kazetaria

Goizean goiz, gurean errotutako dantza bikoterik ezagunenak kaleak betetzen ditu. Ardo beltza eta koka-kola, koka-kola eta ardo beltza, irrintziekin, musikarekin eta irmoki plazaratutako aldarrikapenekin nahasten dira -Euskal Herrian inon baino gehiago-. Giroa irabiatzen duen lehergailu horrek hiriak eta herriak bete, eta egunak eta gauak bahitzen ditu. Askoren nahiak ezinean geratzen dira, eta neurririk gabeko eztarriak alkoholetan ito ere bai. Anabasa. “Aldapak leunduz” lelopean, 31 koma etiliko sendatu zituzten osasun-zerbitzuek Ibilaldiaren azken ediziora hurreratu ziren gazteen artean. Alkoholak hainbat aho eta nahi mututu zituen egoera leundu baino, guztiz lizunduz. Aldarrikapen sasoia ahaztu eta inongo neurririk gabeko antzezlan dramatikoa jasan behar izan zuten askok. Honen harira, Santiago Mintegi pediatrak hamarkada batean Euskadiko nerabeen artean koma etilikoak %155 igo direla azpimarratu zuen, eta horrek hausnarketa bat baino gehiago merezi du. Gure inguruan, gehienetan, aldarrikapen garaiak edariz gainezka egiten duen edalontzia behar du beste eskuan. Tradizioa dela ez nuke esan nahi, baina aukera dugun heinean errebindikazioak jai-giroan egitea gustatzen zaigu. Hala ere, nahaste horrek neurririk ez duenean, egoerak eztanda egiten du eta Portugaleten ikusitakoak gertatzen dira. Zilegi eta beharrezkoak diren borrokak mozkorraldiz inguraturiko kiribil batean galtzen dira aldarrikapenaren zentzua galdu arte. Alkoholak gazte askoren kontzientziak desegiten ditu, bai artaldean erosoago sentitzeko edota oihuka esaten duten hori benetan sinesteko. Hausnarketa orokorrak eta pertsonalak ere eskatzen ditu egoerak. Jai-giroa noiz eta nola egin, eta aldarrikapenak zergatik egin, barneratu behar da zentzuz jokatzeko. Hemen inoiz baino gehiago, jaiak eta eskabideek elkarrekin konpontzerik badutela ulertu behar dugu, baina beti norabidea galdu gabe eta bakoitzari dagokion unea eta tokia eskainiz. Esaten erraza bada ere, orientatze eta heldutasun lana baino ez du eskatzen, kausa guztiek komunetik behera edo anbulantzia batean bukatu ez dezaten. Guztiok egin beharreko hausnarketaren bidean, alkohola edaterik egongo ez balitz, gazteria era berean mugituko litzateke?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).