Txillida zein Oteizaren obra handiak ikusten ditudanean, tailerrera zer bidaliko ote zuten pentsatzen hasi naiz askotan. Planoak? Maketak? Biak? Eta maketak bidaltzen bazituzten, nork eta nola egiten zituen? Hegazkin batek airean izango duen jokaera aurretik jakiteko ere, haize-tuneletan sartzen diren maketak egiten dira. Eta zubi batzuen kasuan ere bai, haizea dabilenean zelako erantzuna izango duten jakiteko.
3D inprimagailuak prozesu horiek erraztu eta orokortzera datoz. Inpresora hauei esker, nahikoa da ordenagailuan egin nahi duzun maketa edo prototipoaren 3Dko diseinua edukitzea. Ohiko inpresorekin egiten den bezala, inprimatzeko botoia sakatu eta, listo!, inprimagailuak objektua egingo du.
Niretzako dira?
Bizikletaren eskulekuan sakelako telefonoa ipintzeko euskarri baten bila zabiltza? Gabonetako arbola zeuk diseinatutako bolatxoz apaindu nahi duzu? Egongelako lanparari itxura berezia ematea pentsatu duzu? Neurrira egindako botoiak... eskultura, erliebe, eraikin zein pertsonaien erreplikak... Galdu zitzaizun xake zaldi beltza! Zergatik erosi norberak egin dezakeena?
Interneten badaude hainbat leku, zeinetan doan zein ordainduta aipatutako ereduak lor baitaitezke. Eta milaka eredu gehiago. Gainera, norberak edita ditzake ereduak eta moldaketa errazak egitea ez da batere zaila. Oraingoz duten arazo bakarra betikoa da: prezioa.
Inprimagailuak 700 eurotik aurrera lor daitezke. Merkeagoak direnak be badaude, baina muntatu behar dira eta, hain zaila ez den arren, abilidade pixka bat eskatzen dute. Gainera, ohikoek tinta erabiltzen duten bezala, 3D inprimagailuek plastiko berezi bateko hari batzuk erabiltzen dituzte objektuak egiteko eta horiek ere ez dira merkeak.
Dagoeneko, saiakerak egon dira medikuntza arloan protesiak inprimagailu hauen bidez egiteko, eta esaten da egun batean 3D inprimagailuak eta zelula amak erabilita organoak ere egingo direla. Arte munduan dituzten aplikazioak ere asko dira. Baina, nire ustez, garrantzitsuena da manufaktura edonoren eskura jartzen dela. Edonor gai izango da behar duena edo bere buruan imajinatu duena egiteko: artea, diseinu bat, apurtu zaion zerbait, 3D eskaner baten bidez eskaneatutako objektu bat, katalogo ba-tetik jaitsi dena, ordenagailuan sortu eta editatu dena... Teknologia hauekin, Calatrava arkitekto famatuari kostatuko zaio maketa batengatik berriro milioi eta berrehun mila euro kobratzea!
RepRap proiektua
Proiektuak bere burua erreplikatzeko gai den makina bat lortzea du helburu. Oraingoz 3D inprimagailu bat lortu dute, bere plastikozko pieza guztiak erreplikatzeko gauza dena, eta bidean daude alde elektronikoak eta metalikoak egiteko gai izango den makina ere lortzeko.
Elkarlanean oinarritzen den proiektu hau martxan jarri zenetik, hainbat eredu kaleratu dituzte eta erabiltzen diren hardwarea eta softwarea libreak dira. Bostehun eurotik aurrera, zure esku dago halako inprimagailu baten atalak jaso eta muntatzea. Eta, proiektuaren sustatzaileek esaten duten moduan, beste lagun batentzat halako inprimagailu bat egitea.