Iker Aurtenetxe, abogadua: “Badagoz 32 modu Santia

Aikor aldizkaria 2013ko uzt. 24a, 09:52

a: Iker Aurtenetxe

Ikerrek 28 urte ditu eta Zamudiokoa da. Igaz, beka bat eskuratu eban eta Eusko Jaurlaritzak kanpo harremanetarako Txilen daukan ordezkaritzan ibili da praktikak egiten orain dala gitxi arte. Egon zaran ordezkaritzaren jardun-eremua Txile eta Peru dira. Zein izan da zure beharra han? Aholkulari ibili naz eta danetarik egin behar izan dot: filial bat bertan ipini gura eben enpresei aholkuak emotea, hemengo merkataritza kamaren bisitak koordinetea, enpresentzako txostenak egitea, hartu-emona izatea Txileko metropolialdeko alkateakaz, ministerioakaz, erakundeakaz, euskal etxeakaz... Informazinoa emotea behar bila etozanei... Hego Amerika aukeraz beteriko lurraldea ei da. Zer pentsetan dozu zuk? Entzun dodanaren arabera, lehen “aireportuan bertan” topaten zenduan beharra. Baina gauzak aldatu egin dira. Egia da batzuek berehala topaten dabela beharra, baina beste batzuek hilabeteak emoten ditue beharra topau barik. Dana dala, edozein kasutan, kontuan hartu behar da oso alde handiak dagozala Euskal Herria eta Txile —eta, orokorrean, Hego Amerika— artean. Adibidez? Oso langabezia-tasa txikia dabe, baina hemen persona batek egiten dauen beharra lau lagunen artean egiten dabe han. Gainera, lanbide arteko gutxieneko soldata 320 eurokoa da eta Santiago hiri garestia da. Ondorioz, kreditu pilo bat daukie. Supermerkaduan, esate baterako, kuotaka ordaintzen ditue erosketak. Bestalde, osasunari jagokonez, sare publikoa zein pribadua euki arren, dana Estadu Batuetatik kopiaten dabenez, gurago dabe osasun pribadura jo, eta ez da asko inbertitzen osasun publikoan. Eta hezkuntzari jagokonez? Herrialdeak 17 milioi biztanle baino ez daukaz, baina ikastetxe eta unibersidade asko. Publikoak zein pribaduak. Garestia da unibersidadean ikastea, eta gobernuak kredituak eskaintzen ditu. Baina askok karrerea itxi behar izaten dabe bigarren edo hirugarren urtean, ezin dabelako kreditua ordaindu. Santiagon bizi izan zara, zelakoa da uriburua? Egia esateko, ez jat gustau. Ia biztanle erdiak bizi dira uriburuan eta, nire ustez, uri zikina eta aspergarria da. Uriburuan 32 auzo inguru dagoz eta hareen arteko aldeak oso handiak dira. Baina, herrialde moduan, Txile oso interesgarria eta polita da. Bost mila kilometro ditu iparraldetik hegoaldera, eta kilometro horreetan paisaje eta bizimodu guztiz desbardinak topaten dozuz. Iparraldea basamortua da eta erdialdea, Santiagotik apur bat hegoalderaino, hemengo paisajearen antzekoa da. Hegoaldean Patagonia dago. Gehien gustau jatana hegoaldea da. Eta jentea? Apur bat mesfidatiak dira hasiera baten eta, euren esanetan, apur bat bekaiztiak be bai. Baina gogoko bazaitue, ez dago arazorik. Oso etxezaleak dira, izan be, Pinochet garaiko errepresioa dala-eta, etxean egiten eben bizimodua: etxetik beharrera eta beharretik etxera. Ez jake gustetan eztabaidatzea. Guk oso ozen egiten dogu berbea eta, uste dabe beti ibilten garala eztabaidan. Arazorik euki zenduan bertakotzeko? Ez, oso azkar ohitu nintzan herrialdera. Hasieran arazoak euki nebazan hizkuntzeagaz, esapide asko erabilten dituelako eta ez neban ezer ulertzen. Distantziak be txarto eroaten nebazan: metroan sartu eta han 30 minutu emon ostean, auzo berean jarraitzen dozu. Beste alde batetik, ni oso kafezalea naz eta Txilen ez daukie kafe kulturarik. Kafetegi dezente batzuk topau nebazan, baina garesti urteten dau, kafe bategaitik hiru euro inguru ordaindu behar dalako. Eskupekoakaz be arazoak euki nebazan. “Derrigorrezkoa” izan ez arren, % 10eko eskupekoa ixteko “ohiturea” dago eta, lehen aitatu dodan moduan, Santiago ez da hiri merkea. Orduan, afari bategaitik sei euroko eskupekoa emon beharra jazo leiteke... Zerbitzariek diru gehiago ateraten dabe eskupekoetatik euren soldatatik baino, jakina. Zelan emoten zenduan denpora librea? Jenteagaz lotzen nintzan kafe bat hartzeko, eta asteburuetan merkadu nagusira joaten nintzan. Ha itzela da eta oso fruta eta barazki onak dagoz bertan. Turismoa be egin dot eta Santiagoko auzoak bisitau dodaz. Santiagok badaukaz 32 auzo, badagozalako 32 Santiago edo Santiago ikusteko 32 modu ezbardin. Eureetako batzuetan Bilbon baino jente gehiago bizi da eta, danetariko zerbit-zuak daukiezanez, jenteak ez dau handik urteten. Valparaisora joateko ohiturea be baneukan, arnasa hartzera, Santiagon poluzio handia dagoalako. Eta parrilladak egiten genduzan lagunakaz, etxean eta indarrak galdu arte. Bigarren eskuko gauzak salgai egozan merkadu batera joatea be gustetan jatan, eta munduko hainbat txokotako jatetxeak egozan kale batera... Zer botaten zenduan faltan? Familia eta lagunak, zelan ez. Eta taberna baten, barran bertan, ardao bat eta pintxo bat hartu ahal izatea. Txilen mahai baten eseri behar zara, eta askotan zerbait jan be bai. Barriro joatea gustauko litxakizu? Oso esperientzia ona izan da eta ez litxakit inportauko barriro joatea, baina urte baterako edo birako; ez bizi guztirako. Dana dala, ezin da jakin bizitzak nora eroango zaituan. Bekea amaitu egin jat eta prest nago edozein proposamen aztertzeko. Hego Amerikako beste herrialde batera joatea be ez litxakit inportauko.