Egunero, 30 aldiz komunean

Aikor aldizkaria 2013ko uzt. 24a, 09:55
Zistitis interstiziala gaixotasun kronikoa eta autoimmunea da, hau da, nork bere buruari eragiten deutso. Puxika-pareta handitu egiten da, eta, denporaren poderioz, puxika gero eta txikiago bihurtzen da. Gaixotasunaren ondorioz, pazientea sarritan joan behar izaten da komunera. Medikuek ez dakie gatxa nondik datorren, ezta tratamentua zein dan be. Gaixotasun arraroa da eta oso lagun gitxik pairatzen dau. Batez be emakumezkoak izaten dabe gaixotasun hau. Hareetako bat dogu gure artean, Garbiñe Elorriaga lezamarra. Garbiñek 59 urte ditu eta orain dala 14 urte diagnostikatu eutsien zistitis interstiziala. “Mina sentidu neban pelbis inguruan eta medikuarenera joan nintzan. Berak bakterio-kultura egin eutsan eta zistitisa zala esan eutsan. Tratamentua egin neban, antiinflamatorioak hartu nebazan, eta amaitu eta gero, mina sentiduten jarraitzen neban. Orduan, probakaz hasi nintzan eta mediku batetik bestera ibili nintzan”. Garbiñeren berbetan, diagnostikoa lortzea oso gatxa da. Garbiñek muntaketa-kate baten egiten eban lan, baina itxi behar izan eban. Eskerrak lanerako ezintasun iraunkorra emon eutsien. “Gaixotasunak lur jota ixten zaitu: min itzela dozu pelbisean, nekatuta zabilz, ezin zara jezarrita egon, ezta zutunik be... Eta gatxena da komunera sarritan joan behar zarala, normalean, 30 aldiz egunean. Gauean 6-8 aldiz altzau behar izaten naz. Beraz, ezin dot lorik egin, eta ez dot atsedena behar dan moduan hartzen”. Pazienteen txiza egiteko gogoa premiazkoa da, berehala joan behar dira komunera. Horrek baldintzatzen dau hareen bizitza. “Bilbora joaten nazan bakotxean, ezin dot metroa hartu bertan komunik ez dagoalako. Eta trena edo autoa hartu behar badot, edo edozein bidaia egin behar badot, ibilpidea ondo kalkulau behar dot komunera sarritan joan behar izango dodalako”. Garbiñeren eretxiz, gizartea ez dago prestauta gaixotasun honetarako. “Lehen komunak herri guztietan egozan, baina gaur egun ez dagoz”. Andra lezamar honek danetarik probau dau, gaixotasunari aurre egiteko, baina ezerk ez deutsaz nekea eta mina arintzen. “Istilazinoak, hau da, botikak tantaz tanta hartu dodaz; Amerikan asmautako pilula bat, puxikaren mintza indartzeko; kortisona, antiinflamatorio indartsua; akupuntura moduko tratamentu alternatiboak; pelbis-zorua indartzeko ariketak; botoxa ipini eusten, muskuluak lokartzeko...”. Guztiak alperrik. Elikadurari jagokonez, Garbiñek jarraibide batzuk hartzen ditu kontuan. Esate baterako, ez dau zitrikorik hartzen, eta ahalegintzen da gauean likidorik ez hartzen. “Gatxa da asmatea, gaixotasun honen inguruan hainbat eragile dagozalako. Egunaren arabera, hobeto ala okerrago nabil, eta askotan horrek ez dau zerikusirik egin edo hartu dodanagaz”. Burua okupeta mantentzeko, zaletasunak lantzen hasi zan, zeramika eta egurra lantzen, esate baterako. Alkartea Zistitis interstiziala gaixotasun arraroa da; halanda be, apurka-apurka badabilz ikerketak egiten. Gaixoek ACACI alkartea sortu dabe Katalunian, eta laster beste bat eratuko dabe Madrilen. “Taldeak laguntza aparta eskaintzen deusku: alde batetik, alkartekoek azken ikerketen barri emoten deuskue; eta bestetik, gurea gaixotasun arraroa danez, oso informazino gitxi dogu, eta oso aberasgarria da beste gaixo batzukaz hartu-emonetan ibiltea, norberaren esperientziak alkarri adierazoten deutsaguzalako”. Euskal Herrian ez dago talderik eta horregaitik dabil Garbiñe Kataluniakoakaz. Beragaz batera, Estadu osoko 200 lagun dira ACACI-ko kideak. “Horrek esan gura dau 200 gagozala identifikatuta, baina egon gehiago dago. Gaixotasun horrek lotsa emoten dau, eta batzuek ebakuntza egin gura izaten dabe, puxika kentzeko. Etorkizunari begira, eta beste biderik ez badago, beharbada, neuk be horrelako zeozer egin beharko dot, baina burrukatu gura dot hori gertatu ez daiten”. Garbiñek gaixotasunaren beraren kontra ez eze, gizartearen ulertezintasunaren kontra be ibili behar dau lehian. Batzuetan, “aurpegi ona dau”, edo “ikusi dot herrian paseotxua emoten, nasai-nasai” esaten dabe. “Honelakoak entzuten dozuzanean, emoten dau zalantzan jarten dabela gaixorik zagozala. Eta horrek amorrua emoten dau”. Bai, arpegian islatu ala ez, Garbiñe gaixorik dago, zistitis interstiziala dau.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).