Amaia, 22 urte zituela, Nashvillera joan zen ingelesa ikastera eta hango musika zuzenean dastatzera. Lau hilabeterako joan zen, baina urte bi pasatu dira eta han jarraitzen du larrabetzuarrak. Tarte honetan ezkondu egin da eta Buffalo clover musika taldean hasi da jotzen.
Zelan bururatu zitzaizun nora eta Nashvillera joatea?
Musika ikasi nuen Larrabetzuko Musika Eskolan eta gero nire kabuz gitarra, eta batez ere pianoa, jotzen ikasi dut. Bestalde, Pedagogia amaitu nuenean, gauza bi landu nahi nituen: ingelesa eta musika. Nashville Estatu Batuetan dago eta “musikaren hiria” esaten zaio. Gainera, bertan familia daukat. Beraz, aukera paregabea nuen hara joateko.
Eta han urte bi daramatzazu...
Hasiera batean lau hilabeterako joan nintzen, baina dagoeneko urte bi daramatzat han... Lau hilabete pasatu eta gero hasten zara hiria ezagutzen, hizkuntza menperatzen, lagunak egiten.... Disfrutatzen hasten zara. Eta horrela egonaldia luzatzen hasi nintzen apurka-apurka, eta gero ezkondu egin nintzen, beraz... (kar, kar). Ez dakit zer egingo dudan etorkizunean. Auskalo!
Zer topatu zenuen Nashvillera ailegatu zinenean?
Hollywood modukoa zen. Dena zen berria eta filmetan hainbat aldiz ikusita nuen bezalaxe: polizia, eskolako autobusa... Benetan, zoragarria izan zen: egun osoan zehar daude musikari ikaragarriak tabernetan (Honky Tonk izenekoetan) jotzen eta oso harrera ona egin zidaten.
Bizimodua erabat ezberdina da Estatu Batuetan. Zer da gehien faltan botatzen duzuna?
Pernila (kar, kar)... Ez, nire jendea eta kaleko bizitza, giroa. Estatu Batuetan beste era batean bizi dira, modu pribatuagoan. Hemen askoz giro politagoa eta zaratatsuagoa dago, poteoa esate baterako.
Eta gehien gustatzen zaizuna?
Zelan bizi duten musika, itzela da. Nashvillen guztiek jotzen dute egun osoan zehar.
Nolakoa da zure egun arrunt bat?
Eskola batean egiten dut lan goizean. Arratsaldean klaseak prestatzen ditut eta musikari ekiten diot. Izan ere, Buffalo clover taldean aritzen naiz. Larrabetzu herri txikia da, baserriz josita, eta neu ere arrantxo batean bizi naiz Nashvillen, senarra eta lagun batekin (biak Buffalo clover-eko taldekideak). Bertan animaliak ditugu: oiloak, sugea, txakurrak, perikitoa, dortokak... Herri giroa dago eta alde horretatik, aldaketa nabarmenik ez.
Nolakoa da taldea? Zelan jarri zinen harremanetan eurekin?
Batez ere rock and rolla jotzen dugu, baina nahasten dugu blues, soul eta horrelakoekin. Hegoaldeko musika da gurea. Taldekide batzuk nire lehengusinaren lagunak dira eta horrelaxe ezagutu nituen. Nashvillera ailegatu berria nintzela, jai erraldoia egin zuten eta taldearen berri izan nuen. Handik sei hilabetera hartu ninduten taldean. Buffalo clover-koekin ibili baino lehen beste blues talde batean egon nintzen.
Kultura ezberdin batetik zatoz. Zail egin zitzaizun taldera egokitzera?
Ez, egia esan. Betidanik entzun dut eurek jotzen duten musika mota eta Nashvillera, hain zuzen ere, hori zuzenean dastatzera joan nintzen. Hasiera batean, arazoak izan nituen hizkuntzarekin, piperrik ere ez nuelako ulertzen; ez nuen hizkuntzak berak dakarrena: ironia, naturaltasuna... Baina tira, musika hizkuntza unibertsala da. Elkar ezagutu genuen jai horretan ez genuen gure artean hitz egin, baina elkarrekin musika jotzen eman genuen gau osoa. Eta ematen zuen betidanik ezagutzen genuela elkar.
Orain biran egon zarete...
Bai. Zoragarria izan da. Ez daukat hitzik. Ingalaterran, Bartzelonan eta Euskal Herrian egon gara. Niretzat oso berezia izan da. Esate baterako, Gernikatik ibili gara. Ama hangoa da, bertan lagun piloa dut eta jaietan beti ibili naiz hortik... Eta Bartzelonan, gauza bera. Urtebete eman nuen Grácia auzoan eta hango jaietan jotzea itzela izan da. Eta publikoaren harrera ere oso ona izan da.
Hezitzailea eta musikaria zara. Bat aukeratu behar izango bazenu, zein hautatuko zenuke?
Biak. Ezin dut aukeratu. Besopean beti daukat hezkuntzari buruzko libururen bat, eta musikari ere ematen diot denbora pilo bat. Biak dira oso garrantzitsuak nire bizitzan. Eta taldeak izugarrizko arrakasta lortuko balu lana uzteko prest egongo nintzateke. Hala ere, ziur nago hezkuntzari buruzko liburuak irakurtzen jarraituko nukeena.
Gaztea eta ...