Fernando Olabarrieta, psikologoa: “Ez dago umeak h

Aikor aldizkaria 2013ko ira. 26a, 10:23

Zorrizketan euskera alkarteko kidea, Aikor! aldizkariaren kolaboratzailea, Ekidazu abesbatzaren kidea... Fernando Olabarrieta ezaguna da Txorierriko euskalgintzan. Baina horrezaz aparte, lezamarra psikologoa be bada, eta aditua da familia eta hezkuntza arloetan. Irakaslea da EHUn eta ikastalditxoa emon deusku. Batzuetan emoten dau psikologiak ospe handirik ez daukala. Ados zagoz? Bai, jente askok pentsaten dau gauzak asmau egiten doguzala... Baina ez da egia, eta zorionez aurreretxi hori aldatzen ari da. Gaur egun psikologia zientzia bat da, baina gaztea: ikerketak 1910ean hasi ziran. Guk zerbait dakigu, oso gitxi oraindino, baina apurka-apurka gero eta gehiago jakingo dogu. Eta dakiguna gizarteari helarazo behar deutsagu; bestela, gure beharrak ez dau sentidurik. Bestalde, beste arazo bat dogu: Psikologian, beste zientzietan gertatzen ez dan legez, objektua subjektua da. Hor dago kontraesana, subjektu bakotxa ezbardina dalako. Eta egin geinken gauza bakarra gure arteko interakzioak aztertzea da, eta metodo zientifikoa erabilita, gainera. Hor dago erronka. Metodo zientifikoa landu behar dogu gizartea hobeto ezagutzeko. Gaur egun ikerlaria eta irakaslea zara Euskal Herriko Unibersidadean. Zertan datza zure beharra? Jenteak uste dau unibersidadeko irakasleok eskolak baino ez doguzala emoten, baina horrezaz aparte ikertzea be bada geure zeregina. Eta holantxe izan behar da. Niri biak gustetan jataz. Biak dira osagarriak. Ikertzeak ez dauka sentidurik emaitza hedatzen ez badozu. Batzuk aldizkarietan plazaratzen dabe, baina nire ustez, askoz politagoa da ikasleei helarazotea. Harremana zuzenagoa da, eta eurei ziria sartzea izugarria da. Eta baten batek familiako psikologiaren eremuan arituko balitz, zoragarria izango litzateke. Ikasleek freskotasuna ekarten dabe, gizartearen espilurik onena dira. Nik pilo bat ikasten dot eurakaz; nik ez dot irakasten, ikasi baino. Ikertzeari jagokonez, niri betidanik gustau jataz ikastea eta irakurtzea. Beraz, pozik. Heazi taldeko kidea be bazara. Zer da Heazi? Hasiera baten Etxadi taldea sortu genduan, baina gaur egun Heazi gara (hitz-jokoa hazi eta hezi hitzen artean). Konturatu ginan gurasoek zalantza pilo bat zituela hezkuntzari buruz. Antxinako erreferenteak galdu egin dira eta batzuk apur bat galduta agertzen dira: lehen amari, amamari edo herrietan medikuari edo abadeari galdetzen jaken. Gaur egun, informazino asko dago Interneten eta hainbat aldizkarik eta liburuk umeen hezkuntza jorratzen dabe. Hutsune hori betetako, bada, gure plataforma jarri genduan martxan, familientzako orientazino psikologikoko zerbitzua. Hau da, edozeinek galdetu ahal deuskuz sortzen jakozan zalantzak. Zerbitzu barritzailea da. Ingalaterran eta Estadu Batuetan horrelako bateren bat egon badago, baina bestela, nekez dago gurea bezalakorik. Zertan datza zerbitzuak? Zerbitzua erosoa eta doanekoa da. Kontsultak posta elektronikoz, telefonoz edo zuzenean egin leitekez. Guk anonimatua bermatzen dogu. Gainera, oso pertsonalizaua da, kasuz kasu lan egiten dogulako. Horren haritik, gida plazaratuko dogu, Gurasotasun curriculum optimoa izenagaz. Eta bertan jarraibide batzuk eskiniko doguz. Esate baterako, umea ez da gehiegi babestu behar; bestela, tratu txar sofistikau bat da, gizartean bizitzeko tresna egokiak emoten ez deutsaguzalako. Beste adibide bat: autoestimua sustatu behar da, baina era egokian; bestela, egoa sustatuko deutsagu bere kalterako. Ez da erraza umea heztea. Zer egin behar da jakin badakigu, baina ez dakigu zelan. Horretarako gagoz gu. Heazi hainbat erakunde publikogaz batera egiten dau behar. Zergaitik ez Txorierrin? Beharrezkoa izango litzateke? Nire ustez, bai. Hasiera baten, proiektua martxan jarri genduanean proposatu geuntsen, baina eurek ez eben horretan sartu gura izan. Antza danez, gizona, santua izateko, herriz aldatu behar da... (kar, kar). Dana dala, hainbat erakunde, udaletxe eta mankomunidadegaz gagoz hartu-emonetan: Bilbo, Portugalete, Lea-Artibai, Haurreskolen Partzuergoa, Eusko Jaurlaritza... Zelango kontsultak jasotzen dozuez? Danetarik. Guk adinaka egiten doguz multzoak: 0-2 urte; 2-6 urte; 6-12 urte; eta 12-18 urte. Galdera gehienak lehenengo multzoari jagokozanak dira, normala dan moduan. Izan be, haurrak jaiobarriak diranean sortzen dira zalantza gehienak: jatorduak, lo egiteko orduak, esfinterren kontrolari buruzko galderak, ordezko zaintza nortzuek egin behar daben... Nebazaroari buruzko kontsultak be jasotzen doguz. Galderak ailegaten jakuz arazoa gertatu danean; halanda be, guri gustauko litxakigu arazoa gertatu baino lehen galdetzea. Gure zerbitzua aringarria izan beharrean, prebentiboa izatea gustauko litxakigu. Baina gatxa da. Eta tira, bateren bati laguntza emoten badeutsagu, gu, pozik. Gurasoak pediatrarenera joaten diran bezalaxe, familiako psikologoarenera joatea gustauko litxakigu. Hori da gure azken helburua. Asko aldatu dira umeak denporearen poderioz? Eta gurasoak? Bai, pilo bat. Gurasoak oso zorrotzak ziran diktaduran seme-alabakaz; demokrazia etorri zanean, aldiz, askatasun gehiegi emoten eutsien. Gaur egun, gurasoen rolak aldatzen ari dira. Batzuetan, gurasoek besteen eskuetan ixten ditue hareei jagokezan ardurak, umearen kalterako... Euskal Herrian nahiko ondo egiten dira gauzak, baina hezkuntza zaindu egin behar da, eta horretarako ezagutza eta hori praktikan jarteko tresnak emon behar jakiez gurasoei. Gehienok gara umeak eukiteko gai, baina sistema ez dabil behar bezala eta kirrinka egiten dau: bullying-a (erasoak eskoletan), bortizkeria familietan... Gehiegi kezkatzen dira gaur egungo gurasoak? Ala gitxiegi? Kezkatu, kezkatu egiten dira eta hori ona da. Arazoa da zeintzuk diran kezkak: batzuetan gauza inportanteak baztertu egiten dira eta tontakeriei, ostera, garrantzi handiegia emoten deutsie. Gizartea nahiko gainazalekoa da. Esate baterako, jentea eskolaz kezkatzen da, baina ez dira kontuan hartzen umeen lagunak. Gaur egun, milioika liburu eta webgune dagoz hezkuntzari buruz. Kopuru handi horrek adierazoten dau gauzak ondo egiteko ardurea egon badagoala. Zein da testuingururik onena umeak hezteko? Aholku orokorrik emon ahal da? Ezinezkoa da testuinguru ideala eukitea, eta hori bilatzea ohiko akatsa da. Egokitu egin behar zara, besterik ez. Testuinguru naturalean hazi eta hezi behar da. Horren haritik, Europako Batzordeak adierazo eban gurasotasuna oso garrantzitsua zala, eta lege baten aitatu eban. Espresuki esatea oso garrantzitsua da, nahiz eta gero herrialde bakotxak gura dauena egin. Aitak eta amak etxetik kanpo egin behar dabe lan, eta askotan aitite-amamek hartzen dabe umea jagoteko ardurea. Eraginik euki dau horrek umeen heziketan? Zelan egiten danaren arabera. Sistemak derrigortzen gaitu kanpoan behar egitera, eta ordezkoren bat bilatu behar da. Gure ustez, familia da onena: aitite, amama, izekoa... Umeak lotura emozionalak garatuko ditu persona horregaz. Ordezko zaindaria kalidadezkoa eta egonkorra izan behar da. Heziketa, eskolan ala etxean? Etxean, duda barik. Etxean hasten da hezkuntza eta gero eskolan jarraitu behar da. Bestela, ardura besteen eskuetan delegatuko dogu. Juan Luis Goikoetxeak hau kontau eustan: pediatra baten kontsultan ama batek galdetu eutson medikuari: “Aizu, noiz irakatsiko deutsazu mutilari ibiltzen”. Horrelakoak harrigarriak iruditzen jataz. Bretaña-Salamanca-EHU Txikitan, Frantzian, etorri jakon Fernandori psikologiarako zaletasuna. “Txikitan frantsesa ikasten neban eta Bretainiako neska bategaz alkartrukea egin genduan: udan hona etorri zan bera, eta ni hara joan nintzan. Bertan nengoala, neska horren lagun batek psikologia ikasi gura eban, eta berak sartu eustan psikologia ikasteko gogoa”. Fernandok liburuak irakurtzen hasi zan bere kabuz, baina behin betiko bultzadea Enrique Freijok emon eutsan. “Salamancako Universidad Pontificiako Psikologia Fakultateko dekanoa zan eta nire ikastetxera, Seminariora, hitzaldiak emotera etorten zan”. Enrique oso persona garrantzitsua izan zan Fernandorentzat. Izan be, beranduago, bere maisua eta laguna izan zan, baita Euskal Herriko Unibersidadean (EHU) sartu ebana eta tesia zuzendu eutsana be. Eta beragaitik joan zen lezamarra Salamancara Psikologia ikastera. “Gurasoek oso ahalegin handia egin eben nik ikasten jarraitu ahal izateko eta, 16 urte nebazala, gurasoek Salamancako pentsino baten itxi ninduen. Garai hatan ikasle onak ginanok ikastaroak aurreratzen genduzan. Hasiera baten oso gogorra izan zan, baina gaur egun nire urterik onenak izan zirala esan neike”. Herrimina Guztira bost urte emon eban Fernandok Salamancan. Hogeta bat urte zituala, 1979an, karrerea bukatuta eban eta etxera itzultzea erabagi eban. “Gogoa baino, beharrizana zan niretzat. Euskal Herria nire herria da eta berton dodaz sustraiak. Garai hatan, psikologook kabineteak sortzen genduzan eta horixe egin neban lagun batzukaz. Elkar kabinetea eratu genduan Bilbon, eta batez be umeen arazoak jorratzen genduzan. Bertan 12 urte emon nebazan. Gainera, Igorreko eskolako guraso alkarteak kontratau ninduen han aritzeko. Oso esperientzia polita eta barritzailea izan zan”. Halanda be, Fernandok lan horreek bertan behera itxi behar izan zituan 1989an, EHUn sartu zanean. Bertan garapenaren eta hezkuntzaren psikologia arloko irakaslea da, eta gai horreek dira bere ikerketa lerro aitagarrienak: buru-moldeak; famili testuingurua eta garapen psikologikoa; eta nortasun kulturala. 2007an doktoradutza bukatu eban.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).