Gure eguneroko bizitzan nahi ez ditugun gertakizun asko izaten dira, eztabaidak, haserreak eta abar. Eta bakoitzak bere izaeraren araberako irtenbidea bilatzen du, batzuetan hala-holakoa dena.
Hiru jarrera daude egoerei aurre egiteko. Haietako bat jarrera pasiboa da, “ez dut ezer jakin nahi” edo “utzi bakean” bezalako irtenbideak erabiltzen dituena, baina batzuetan gure nortasunarekin edo iritziekin bat ez datorrena. Beste jarrera bat, agresiboa dena, guztiz kontrakoa da. Jarrera agresiboa erabiltzen dugunean, besteari eraso egiten diogu, begirunea galtzen diogu. Barruan dugun deabrua pizten da. Baina badago beste jarrera bat biren artean dagoena: jarrera asertiboa. Hori gure ideiak besteei transmititzeko dugun trebetasuna da, minik egin barik eta modu baketsuan eta errespetutsuan.
Adibide bat jarriko dut: ikasle batek piper egiten du eskolan eta oso nota txarrak atera ditu. Irakasleak joera hauetako bat har dezake:
1.Hauek dira zure hutsegiteak eta hemen daude zure azterketak. Ikusi emaitzak. (Pasiboa).
2.Ikusi zelako notak atera dituzun! Gainera, hutsegite asko egin dituzu! Zigortuta geldituko zara eta etxera deituko dut. Hemendik aurrera bukatu dira jaiak, bideojokoak eta lagunekin lokalean egotea. Egunero lau ordu eman beharko dituzu ikasten. (Agresiboa).
3.Nota txarrak atera dituzu eta hutsegiteak ere egon dira. Horrela jarraituz gero, ez duzu ikasturtea gaindituko. Gurasoekin hitz egingo dut eta hemendik aurrera ahalegin handiagoa egin beharko duzu. Etxeko ikastorduak zorrotzago bete beharko dituzu. (Asertiboa).
Gure eguneroko harremanetan elementu bi nahasten dira: arrazoiak eta emozioak. Eta handik datoz, alde batetik, pentsatzen duguna; eta bestetik, sentitzen duguna. Bien arteko oreka lortzen dugunean, asertiboak izateko bidean egongo gara, eta beste trebetasun batzuk lantzeko aukera ere izango dugu, hala nola entzute aktiboa edo enpatia.
Hona hemen gako batzuk asertiboak izan nahi dutenentzat: asertiboek pentsatzen dutena esaten dute, baina beren sentimenduak eta adierazpenak badatoz bat. Errespetua diete besteei eta halako esaldiak erabiltzen dituzte: Hitz egin ahal dugu? Egin dezagun... Nola konponduko dugu hau? Zer iruditzen zaizu? Ea praktikan jartzera ausartzen garen!