Santi Ugalde, Trapu zaharra taldeko aktorea: “Kale

Aikor aldizkaria 2013ko ira. 26a, 10:48

Vaya semanita telebista saioak ekarri zion ospea, baina hori gertatu baino lehen, Santi Ugaldek bazuen hainbat urtetako ibilaldia antzerkian. Haren taldeak, Trapu Zaharrak, 30 urte daramatza kaleko ikuskizunak egiten, eta haietako bat, Gezurrezkoak, Larrabetzuko jaietan izan genuen ikusgai abuztuan. Zelan Larrabetzun? Gezurrezkoak saioa aurkeztu genuen eta oso gustura ibili ginen. Ez da Larrabetzura joan naizen lehenengo aldia eta beti da atsegina. Etxean egotea bezalakoa da. Oso ezberdina da kalean aritzea eta antzokian aritzea? Publikoa ere desberdina izango da, ezta? Bai, oso desberdina da. Trapu Zaharra taldeak udan baino ez du lanik egiten. Eta gainera kalean egiten dugu. Izugarri gustatzen zaigu. Kalean bertan behera gelditzen dira antzerkiaren ohiko mugak (eszenatokia, txarteldegia, oihala...), eta ikusleekin duzun harremana oso zuzena da, aurrez aurre ikusten dituzulako, hiru metrora. Gainera, kalean ikusten zaituena jaietan dabil, eta beste era batean ikusten du ikuskizuna. Ez zait gaur egun antzokietan dagoen giroa gustatzen. Lehen, ikusleekin eta sustatzaileekin hitz egiten genuen saioa amaitutakoan, baina orain galdu dira freskotasuna eta hurbiltasuna. Jendeak ikuskizunean parte-hartzea funtsezkotzat jotzen duzue. Eurekin edo euren lepotik barre egiten duzue? Inoiz ez dugu ikusleen lepotik barre egiten. Guk gaur egungo gaiak jorratzen ditugu, errealitateri lotuak, eta jendeari inplikatzeko gonbitea egiten diogu. Zaila da batzuetan, baina lortzen duzunean, ikusleak lotsa galdu eta guk bezain ondo pasatzen du. Inprobisazioa ere garrantzitsua da... Bai, inprobisazioak gatza eta piperra ematen dizkio ikuskizunari, baina ez da hainbesterako. Jazz musikariei gertatzen zaien moduan, guk testuaren % 90 dugu itxita, baina beti daude tarteak bat-batean aritzeko, lekuaren arabera, ikusle motaren arabera... Antiheroiaren pertsonaia askotan erabiltzen duzue. Zergatik? Galtzaileek atxikimendua sortzen dute. Batzuetan ezintasuna sentitzen dugu bizitzan gertatzen zaigunaren aurrean. Bizitza zapalgailua bezalakoa da eta ez dizu iritzia adierazteko edo erabakiak hartzeko aukerarik ematen. Umorea erabilita eta ikuspuntu horretatik kontatzen badituzu istorioak, ikusleek bat egiten dute zurekin. Euskaraz eta gazteleraz aritzen zarete, ezta? Bai, betidanik egin dugu horrela. Euskal Herrian badaude herri erdaldunak eta euskaldunak. Guk saio berberak eraman nahi ditugu leku guztietara, eta horregatik euskaraz zein gazteleraz egiten dugu lan. Taldea bi multzotan dago banatuta: erdalduna eta euskalduna. Taldeak 30 urte beteko ditu laster. Zerbait egingo duzue hori ospatzeko? Zertan aldatu zarete? Ez. Ez dut uste beharrezkoa denik. Nire urtebetetzea ere ez dut ospatzen. Abuztuan da eta errepidean harrapatzen nau beti. Urteak ospatzeko ohitura galdu dut, ez zaizkit ospakizun handiak gustatzen. Aldaketari dagokionez, argi dago aldatu garela. Gure lehen soldata patatak batzen lortu genuen eta hari esker, antzerki taldea jarri genuen martxan. Denboraren poderioz, behartu gaituzte kultura-industriara sartzera: enpresa sortu, izena eman Gizarte Segurantzan... Aldaketa batzuk zoragarriak izan dira, aktoreoi babesa eta lan egiteko baldintza hobeak ekarri dizkigutelako, esate baterako; beste batzuk, ordea, txarrak izan dira, naturaltasuna eta freskotasuna galdu ditugulako. Garai batean zure aurpegia oso ospetsu egin zen, telebistari esker. Hori kaltegarria edo onuragarria izan zen taldearentzat? Niri kalte egin zidan kalean lan egiteko. Jendeak uste zuen “Joxepo” Vaya semanita saioko pertsonaia izaten jarraitzen nuela eta argazkiak atera nahi zituen nirekin. Ikuskizunaren mamia galtzen zen. Hori zela-eta, urte bi eman nituen kalean lan egin gabe. Egia esan, oso lotsatia naizenez, ez nuen ondo pasatu. Oraindik jendeak kaletik “Joxepo” esango dizute. Zelan daramazu hori? Gustatzen zaizu? Jendeak zelan esaten duen eta nik zelako eguna dudan. Gehienetan, hurbiltzen zaizuna jatorra da eta ez du asmo txarrik. Lehen, okerrago pasatzen nuen... Era batean edo bestean, Trapu Zaharra taldeak ez dio aktoreen ospe horri inoiz etekinik atera nahi izan. Ez dugu inoiz egin eta ez dugu inoiz egingo. Hain lotsatia izanda, zelan izan zaitezke aktorea, non eta kalean gainera? Beharbada terapeutikoa da (kar, kar). Kalean antzeztea errusiar mendia bezalakoa da: sentimenduak gora eta behera doaz eta oso zirraragarria da. Merezi du!