Garai txarrak, noizbait hobetuko direnak, beharbada

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 23a, 15:31

Testua: Toti Martínez de Lezea, idazlea

Une hauetan, herri paganoa (pagatzetik, jakina) harri eta zur dago ikusirik nolako nabarmenkeriaz ari diren ustelkeria, diru-xahutzea, nagusikeria, abusuak eta praxi txarrak zabaltzen maila ekonomikoan, politikoan eta legezkoan, inoiz lehenago ikusi ez den modu batean. Baina, egiaz, betiko kontua da. Orain, hedabideei esker, badakigu zer den lehen ostenduta zegoen hura, edota gertatu eta handik denbora asko arte jakiten ez genuena. Tribu nomadak sedentario bilakatu zirenetik pairatu ditu gizarteak halako izurriak; hau da, jabetza indibiduala asmatu, eta jakin zenetik zenbat eta ondasun gehiago eskuratu handiagoa dela boterea. Diru-gosea, norberaren mesederako aberastasunak eta boterea eskuratzeko grina, konstante bat da gizateriaren historian, maila handietan nahiz txikietan. Diru-goseak eragiten ditu gerrak: inork ez du lanik hartzen basamortua konkistatzeko. Diru-goseak bultzatzen du desleialkeriara, eroskeriara, gezurretara, manipulaziora. Gizakiok diru-goseak gara izatez, baina gehien-gehienok ez daukagu halako eskrupulu-faltarik, gutxiengo bat bere kideei modu lotsagabean eta zigorgabean lapurtzera bultzatzen duenaren modukorik. Orokorrean, gure lorpen bakoitza, guztion ongizatea handitzen eta justizia eta zuzentasuna zabaltzen dituen lorpen bakoitza, hainbat eta hainbat neke eta negarren fruitua da. Botereak ez du ezer oparitzen, ez du inoiz oparitu. Are gehiago, edozein zirrikitu baliatzen du herria gehiago gabetzeko, nahiz eta herri hori den bera mantentzen duena, lan egiten eta ordaintzen duena, gabezia-urteak jasaten eta oparotasun-urteen etorrerarekin ia onurarik ateratzen ez duena. Izan gaitezen baikorrak, hala ere. Gerrak, gosetea eta zapalkuntza jasan zituzten gure aitita-amamek ez hain aspaldi. Haien garaietan ez zegoen Gizarte Segurantzarik, ez erretiro, ez osasun eta ez hezkuntza publikorik. Egon ere, urik ere ez zegoen txorrotetan. Baina atera ziren, eta hemen gaude gu hori frogatzeko. Gehiago gara, eta berriro alda ditzakegu gauzak. Exiji dezakegu alda ditzatela legeak, epai ditzatela hondamendiaren arduradunak, derrigortu ditzatela ostutakoa itzultzera, eta berrezar ditzatela lorturiko eskubideak. Horretarako, ordea, denok egon beharko genuke ados, eta, ai, ez dakit zer den zailagoa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).