Google bilatzailean robotic leg idaztea baino ez duzue, hanka robotikoa, alegia. Gizon bat eskailerak jaisten ikusiko duzue, malda bat igotzen edo kaletik paseatzen. Ez da beste munduko ezer... daukan hanka robotikoagatik ez balitz. Horrek ere ez du beste munduko ezer ematen, izan ere filmetan ohikoa da piratak egurrezko hanka bat dutela agertzea; era berean, ezagutzen den lehenengo protesia egurrezko behatz bat da, Kristo aurreko 3000. urtekoa hain zuzen. Urteetan izan dira hobekuntzak materialetan, artikulazioetan eta lotzeko metodoetan... Zein izan da, orduan, egon den gabezia? Kontrola.
Aspalditik dabiltza ikerlariak eta medikuak protesiak kontrolatzeko sistemak topatzen. Elektronika eta mikroprozesadoreen berrikuntzen bitartez joan dira apurka-apurka pausoak ematen, eta azkena Chicagoko Errehabilitazioko Institutuan izan da.
Esan bezala, mikroprozesadoreak hasi ziren erabiltzen beso, esku zein hanka artifizialak mugitzeko. Baina teknologia horietan, urruneko aginte-gailuetan edo nerbio-sistemari lotutako protesietan mugimendu bereziak edo gehiegizkoak behar ziren. Targeted reinnervation izeneko teknologia berriak galdutako gorputz-adarra mugitzeko erabiltzen ziren nerbio berberak erabiltzen ditu.
Muskuluak mugitzeko gure nerbio-sistemak neurona berezi batzuk erabiltzen ditu, motoneuronak hain zuzen ere. Muskuluei daude lotuta eta gure burmuinak, muskulu bat uzkurtzeko, hala egitea dagokion motoneuronaren bidez bidaltzen du seinale elektrikoa. Ikerlariek sentsoreak ipini dituzte neurona horietan, zeinek informazioa hanka kontrolatzen duen sistemari, adibidez, ematen baitiote. Horretara, bada, hanka robotikoak mugitzeko agindua jasoten du, hori ulertzen du eta zein mugimendu egin behar duten esaten die artikulazioei.
Informazioa pasatu
Aurrerapauso itzela den arren, oraindik asko dago egiteko. Behar den moduan ibiltzeko ez da nahikoa hankari aginduak bidaltzearekin; hankak dituen sentsoreen informazioa ere behar dugu, erabakiak ondo hartzeko. Esate baterako, laprast egiten dugunean, gure nerbio-sistemak informazioa behar du ez jauzteko, zein mugimendu egin behar duen jakiteko. Beraz, sentsoreak jarri behar ditugu hanka zein beso robotikoetan, informazioa gure nerbio-sistemari pasatzeko, erabakiak modu egoki eta azkarrrean har ditzan. Pentsatu, bestela, eskuaren kasuan: arrautza bat hartzeko ez da nahikoa atzamarrei agindua bidaltzearekin; arrautza hauteman egin behar dugu; osterantzean, apurtu egingo dugu.
Chicagoko institutuan ere badabiltza Sensory reinnervation izeneko teknika garatzen, eta hurrengo proiektua teknika biak uztartzen dituen beso-esku robotiko bat izango dute.
Filmetan ohikoak dira robocop-ak eta cyborg-ak. Horietatik urrun bagaude ere, benetako beso, hanka eta esku robotikoetatik ez gaude hain urrun.