Aire barriak gailurrean

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 24a, 10:27

Mikel eta Asier ilusinoz eta gogoz agertu dira Aikor! aldizkariaren bulegoan genduan hitzordura. Lezamako Gailur mendi taldeko kideak dira eta taldeak hausnarketa-prozesu bati ekin deutso, bere etorkizuna finkatzeko. Taldea herrira hurbildu behar da barriro, horra hor atera daben ondorio nagusia. Zeregin horretara zuzenduko ditue euren ahaleginak. Gailur mendi taldea oso momentu berezian dago. Mendira joateko zaletasuna eban lagun talde batek osatu eban taldea orain 22 urte, alde batetik, zaletasun hori asetzeko eta, bestetik, afizino bera eben beste lezamarrakaz alkar hartzeko. Taldeak bere bilakaerea euki dau urte honeetan, bere bideari jarraitu deutso. Baina zuzendaritzan ibili diran lagunek denpora luzea egin dabe kargu horretan, eta ardurea beste batzuek hartzeko unea ailegau da. Gaur egun, behin-behineko batzorde kudeatzaile batek daroa taldearen jarduerea, eta laster ekingo jako zuzendaritza batzorde barria aukeratzeko prozesuari. “Taldean ehun kide inguru gagoz”, azaldu deuskue Mikel Zaratek eta Asier Vicariok. Taldekideek hausnarketa sakona egin dabe Gailurrek hartu dauan norabidearen inguruan, eta oso kritikoak izan dira euren buruagaz. “Mendirako zaletasuna gazteen artean zabaltzea da gure helburuetariko bat, eta, taldekideen profilari erreparaten badeutsagu, esan geinke horretan ez dogula asmau, berrogei urtetik gorakoak garalako guztiok”. Beraz, momentu honetan gatxa erizten deutsie belaunaldi-erreleboa egoteari. Gatxa, baina ez ezinezkoa, eta euren indarrak zuzenduko dituen arloetariko bat izango da hori. Gailur mendi taldea oso alkarte herrikoia izan zan hasikerako urteetan, eta haren ekimenak, guztiz arrakastatsuak. Baina denporak aurrera egin ahala, joera bat nagusitu da bere barruan. “Herrikoak ez diran lagunek egin dabe gugaz bat, eta lezamarren parte-hartzea gitxitzen joan da. Gaur egun, taldeko kideen % 50 kanpokoak dira; eta beste % 50, herrikoak”. Azalpena erreza da. “Jentea beste talde batzuetatik etorri ohi da, normalean guk eskaintzen doguzan baldintzek eta aukerek erakarrita. Arazoa da baldintza eta aukera horreek ez deutseguzala lezamarrei be jakinarazo, ez deutsegula esan herrian beste aukera bat daukiela euren denpora librerako”. Hausnartze-prozesutik hau atera dabe ondorio: “Taldeko etorkizuna bermatu gura badogu, berriro herrira, Lezamara, hurreratu behar dogu. Eskoleagaz eta herriko beste taldeakaz egin behar dogu lan, gazteakaz egon behar dogu, tabernetan...”. Herrikoiak Alkartearen funtzionamentuari buruz aitatu deuskue hilean bizpahiru urteera egiten ahalegintzen dirala. Txango luzeagoak be prestaten ditue Aste Santuari eta udeari begira. Irailean epe bat zabaltzen da taldekideek proposamenak egiteko eta ikasturtean zehar nora joatea gustauko litxakien esan daien. Halan, Alpeetan, Marokon, Granadan, Errioxan, Kantabrian, Pirinioetan... izan dira eta taldekide batzuek Aconcaguan eta Afrikako mendietan be izan dira. “Baina gure gune naturala Lezama, Euskal Herria da. Egia esateko, Euskal Herri osoan ez dago zapaldu ez dogun mendirik”. Gailur mendi taldeak antolatzen dituan urteerak oso gatxak diran ustea zabaldu da, eta alkarteak ideia hori kendu gura dau. “Askok bildurragaz begiratzen deuskue, baina gure urteerak herritar guztientzat dagoz zabalik, eta bakotxaren erritmoa errespetaten da. Dana dala, txango batek zaltasun teknikorik badauka, hori aurretiaz jakinazoten da, inor ustekabean ez harrapetako”. Gainera, badakie helburu daben herriratze-prozesua arrakastatsua izatea gura badabe, urteera eta ekintza herrikoiak antolatu behar dirala. “Eskoleagaz hasi gara beharrean, eta dagoeneko finkatuta daukaguz ikasturte honetarako urtekera guztiak. Igaz be txangoak antolatu genduzan alkarregaz, eta asteburu oso bat egin genduan Gorbeiako aterpe baten. Mendizaletasuna irakatsi gura deutsegu umeei, eta bide batez hareen gurasoengana be ailegau”. Eta hasteko, ez dago aukera hoberik geure inguruetako bazterrak ezagutzea baino. “Azpiegitura gitxi behar da eta urteerak zeure neurrira egin zeinkez: ordubetekoak, ordu bikoak... Oso aukera politak doguz geure inguruan: Uribeko GRa, Gaztelumendi, Ganguren, Lezamatik Goikoelexalderako ibilpidea...”. Beste herrietako taldeek antolatzen dituen ekintzetan be parte hartzea gustaten jake. Izan be, hareekaz sinergiak lantzea da Gailur taldearen beste asmo bat. Kanpoko taldeakaz ez ezik, herriko alkarteakaz be bai. “Guretzat funtsezkoa da Lezamako beste taldeakaz kolaborazioak egitea eta hareek antolatzen dituen ekintzetan eta urtekeretan parte hartzea. Esate baterako, Korrika egin zanean, lankidetzan ibili ginan herriko taldeakaz, eta, gure eretxiz, oso polita eta positiboa izan da. Hori kontuan hartuta, zergaitik ez mendi inguruan be zerbait egitea alkarregaz?”. Alkarte zabala dala argi ixten dau askotan Lezamako okindegian errepikaten dan estanpeak. “Urtekerea egiten dogun egunean, han biltzen gara goizeko 8:30ean. Urtekeretan izena aurretiaz emotea ez da beharrezkoa, eta askotan ezagutzen ez dogun jentea be etorten da. Ekintzearen barri, adibidez, egunkarietan euki dabelako. Gustaten jaku halakoak gertatzea”. Bizirik Bazkideei taldeak eskaintzen deutsezan abantailen artean, prezio merkea azpimarratu leiteke. “Askok taldea erabilten dabe federazinoan sartzeko. Horrezaz gainera, egiten doguzan urtekera guztiek diru-laguntzea daukie eta ez da ezer ordaindu behar. Autoa eroaten dauanari be ordaintzen jako gasolina. Beno, logikoa danez, bidaiaren zati bat ordaindu behar da asteburuko edo udako bidaiei jagokenez, baina hareek be oso merke urteten deuskue”. Taldekideek materiala alokatzeko aukerea be eukiten dabe: kanpadendak, pioletak..., eta liburuak be hartu ahal ditue maileguz, taldeak oso liburutegi zabala daukalako. Talde bat aurrera eroateak eskatzen dituan beharra eta ardurea ezagutu barri ditue. “Urtekerak aurretiaz prestau behar izaten dira, aurrekontuak egin, diru-laguntzak eskatu...”. Baina taldeak bizirautea lortuko dabela uste dabe, euren armarik onena ipini dabelako mahai ganean: ilusinoa. Urte amaieran, taldearen egoerea eta aukerak aztertzeko egingo dituen batzarrean ikusiko dabe nora eroaten gaituen ilusino horrek. Mendizaleen arteko ospakizuna Gailur mendi taldeak Gailur Eguna ospatu eban lehenengo aldiz irailaren 27an eta 28an. Alex Txikon mendizaleak berbaldia eskini eban eta ehun lagun inguru batu ziran bertan. Ibilpide bat be egin zan Lezamatik, eta plazan txitxi-burruntzia prestau zan mendizale, lagun eta herritarrentzat. “Ospakizunak helburu batzuk euki ditu: zuzendaritzan egon diranen beharra jente-aurrean eskertzea, taldetik urte honeetan pasau diranakaz barriro batzea eta, batez be, lezamarrei jakinarazotea taldeak oraindino bizirik jarraitzen dauala”. Gailur Eguna hurrengo urteetan be egiteko asmoa dau mendi taldeak, eta lezamarren urteko egutegian hitzordu finkoa bihurtu daitela.