Gabonak heltzear dagoz, kristinautasunak agindutako egutegi honetan azpimarratutako sasoia da, bai umeak etxean daukaguzalako, familiagaz batzen garalako, fede hutsagaitik edo beharbada gustukoak ez doguzalako; baina hor dagoz. Askok gorriz azpimarratuta daukiez, baina ez nabarmentzeko. Aurreko hilak be holan dagoz, gorri-gorriz; urtea (edo azkenengo urteak hobeto esanda) holangoa izan da eta. Horreentzat be, hor dagoz Gabonak. Egoera ekonomikoak ez dau laguntzen erosketa eta opari handirik egiteko, horregaitik zerbait gasteteko aukerea daukagunok ondo gastau behar dogu. Ondo gastau eta leku egokietan gainera.
Herrietako betiko dendetan itxi behar doguz diruak, gitxi badira be. Ahaztu megahipermaxarteacenterondo horreek egun batzuetan. Egia da holakoetan dana eskuragarri daukaguna, koinatuarentzako galtzerdietatik hasita ontziratutako mahats dozenan amaituta.
Herriko dendetara joan. Erosi gura doguna ez dagoala, ba bajatu Bilbora. Han danetarik dago. Zazpi kaleak opariak egiteko, Erriberako plaza tripea beteteko,… horreei emon beharra. Aspalditik, handikeriatan sartuta gagoz eta gauza txikiek ekarten deuskue bizitzeko handitasuna. Esaerak ez dau hau esaten ala? Lurrunak eta gauza bitxiak ontzi txikietan beti. Herri baten aberastasuna herrian bertan datza eta aberastasun hori mantentzea nahi badogu geuk be zerbait egin beharko dogu. Ez nabil ekonomia hutsari buruz berba egiten. Kalean jenteak giroa emoten dau, denda barik ez dago jenterik, ez dago bizitzarik. Ze triste dan kale batetik joatea eta persiana erdiak baino gehiago bajatuta ikustea. Denda horreek ezin dabe ERE-rik egin. Asuntoa txarto badoa... agur, txiringitoa itxi eta etxera. Ez dago inolako laguntzarik, ez ezer be ez.
Harakinagaz edo galtzontzilo saltzaileagaz haserre egotea gertatu daiteke. Ba zer egingo deutsagu? Ondoko herrira edo Bilbora joan. Apur bat garestiagoa izatea izan daiteke baina pena merezi dau.
Larrabetzun hasita eta Loiun bukatuta ziur Gabonetarako otzara bete. Megaleku horreen kontra ez daukat ezer, baina badaukat asko denda txikien alde. Ziur zu zeu be horreen alde zagozana.