Asisko Urmeneta, komiki-egilea: "Arturo Kanpion ez

Aikor aldizkaria 2013ko aza. 28a, 12:38

t/a: Bestorrene

Orduak eman ditzakezu Asiskori entzuten. Iruñean jaio eta hazi zen, eta gaur egun Hoztan bizi da, 100 biztanle ere ez dituen herri baxenafar batean. Mihiluze ETBko programan kolaboratu zuen, irratian ere sarri, Argia aldizkarian, Kukuxumuxun... Baina batez ere komiki-egilea dela esan daiteke. Hainbat lan argitaratu ditu eta horietako bat, Gartxot, pantaila nagusira eraman zuen duela urte bi. Gartxot, konkista aitzineko konkista animazioko filma da, Juanjo Elordirekin batera egin duena. Film hori azaltzera etorri da gurera. Zergatik landu Gartxoten historia? Iruñean, Arturo Kanpion euskaltegia dago eta batzuek hara deitzen zuten Arturoz galdezka. Azaldu behar zitzaien Arturo hilda zegoela. “O! Sentitzen dut”, “Lasai, badira 60 urte baino gehiago hil zela”. Hori kon­tatzen dut, zuek konturatzeko Ar­turo Kan­pion nahiko pertsonaia ezezaguna dela, bai­ta Nafarroan ere. Horregatik egin genituen beraren gaineko kontakizunak batzen dituzten hiru komiki. Hiruga­rrena Gartxot, Itzal­tzuko bardoa da. Nondik dator istorioa? Kanpion idazleak berak aitortu zuen hiru iturri erabili zituela. Hala, le­genda edo ekandua Itzaltzuko biztanleengandik entzun zuen hasieran, baina his­torialaria ere bazenez, artxiboetan arakatu eta XII. mendean Orreagako fraideek garaiko bardo batekin izandako liskarren berri izan zuen. Azkenik, istorioari literatura ere gehitu zion, hau da, berak asmatutakoa. Kanpionek garai hartan kokatzen du euskal epikaren amaiera. Gartxot eta bere semea Mikelot hil zirenean amaitu ei zen transmisioa. Eta filma? Filma egiteko aukera komikia egin os­tean etorri zitzaigun. Filmaren zati bat fi­nantzatzeko, mikrofinantzazioa erabili ge­nuen. Hau da, pelikula filminetan zatitu genuen eta filmina bakoitza 10 eurotan saldu genuen Nafarroan eta Zube­roan. Benito Lertxundirengana ere jo nuen; musika berea da. Zelan hartu zuen Benitok? Benito oso Kanpion-zalea da eta errespetu handia dio. Gartxot eta Mike­loten historia oso tragikoa eta gogorra denez, berak eta bere emazteak, Olatz Zugastik, ez zuten uste marrazki bizidunekin zerbait egokia egin zitekeenik. Fil­ma baino lehen laburmetraia egin ge­nuen, eta hori ikusi zutenean konbentzitu ziren eta animatu ziren proiektuan par­te hartzera. Filmeko ahots batzuk haienak dira. Esan behar da eztabaida handia eduki genuela haiekin gidoiari buruz, eta amaiera aldatu behar izan genuela. Haien ustez, ezin zen istorioaren amaiera tragikoa leundu, izan zen bezala utzi behar zen filmean ere bai, eta horrela egin genuen. Asko aldatu duzue Kanpionen kontakizuna? Guk sormena bultzatzen dugu, (Asis­koren kamisetaren leloak hala adierazten du: “sorkuntza askatasunari, askatasuna sorkuntzari”), eta zenbait gauza sortu egin ditugu, Kanpionek berak egin zuen mo­duan. Esaterako, bere kontakizunean pertsonaia guztiak dira gizonezkoak eta gaur egungo ikuspegitik ezinezkoa da hori. Pertsonaia berriak asmatu ditugu, adibidez Xune neskatilak paper berezia du filmean. Eta berarengan ipini dugu esperantza apur bat. Berak jasotzen duelako Mikeloten alboka eta jarraitzen duelako jotzen. Xune izena geuk asmatutakoa da eta poztu egin gara jakin izan dugunean hainbat neskari izen hori jarri dietela. Bitxia da euskararen erabilera filmean. Zergatik? XII. mendeko istorioa da, Orreaga inguruan kokatuta, eta hizkuntza giro ho­rretara moldatu nahi genuen. Herritarren euskara eta fraideen latina agertzen dira, eta latinari dagokionez, ez dugu azpititulurik erabili ikusleak kontura daitezen bertakoek zer sentitzen zuten ezer ulertu ba­rik. Baina istorioak aurrera egin ahala sartu egiten zara eta erraz ulertzen da. Nola egin zen teknikoki filma? Nahiko era bitxian. Presupuesto handiko animaziozko filmetan bezala, lehenago ahotsak grabatu genituen eta gero animazioa egin zen. Ahotsak zuberotarrenak direnez bertara eraman genuen grabatzeko ekipoa, eta grabazioak egin ahala interneten bidez bidaltzen ziren. Nik Ba­xenafarretik, nire etxetik, egin ni­tuen pertsonaien irudiak eta horiek bidali. An­doainen dena jaso eta animazioko ekipoak soinuetara egokitu zituen irudiak. Bes­te talde bat paisaiez arduratu zen. Hemendik kanpo zabaldu da? Hori kuriosoa da. Diru bila joan garenean oso istorio lokala dela esan digute, baina, ostera, sariak jaso ditugu munduan zehar. Esate baterako, Australian eta Ar­gentinan. Kontatu gehiago Arturo Kanpioni buruz. Historialaria, politikoa, idazlea... izan zen. Herriak gerra karlistak galdu berri zi­tuen eta berak euskal sentimendua pizten lagundu zuen, batez ere Nafarroan. Euska­rarik ez zekien eta ikasi egin zuen. Sabino Aranaren garaikidea izan zen, baina azken horrek indarra arrazan jarri zuen bitartean, eta alderdi politiko berri bat sortu zuen bi­tartean, Arturo Kan­pionek hizkuntzan, euskaran, jarri zuen indarra. Lan handia egin zuen, nahiz eta gero nahiko ahaztuta geratu den. Baduzu proiektu berririk animazio arloan? Bagabiltza horretan. Lehen finantziazioa lortzea zaila bazen, orain zailago. Ba­dugu zerbait esku artean, baina oraindik lotu barik dagoenez ezin da ezer aurreratu.