Xabier Zubieta, kirolaria: “Korrika egiteak harrap

Aikor aldizkaria 2013ko aza. 28a, 12:43

t: Gaizka Eguzkitza

Xabi 22 urteko gaztea da eta Diseinu eta Barrikuntzako Ingeniaritza ikasten dabil Markinan. Ikasketak alde batera itxita, derioztarrak kirola dau zaletasun nagusitzat. Ahal dauen bakotxean, korrika egitera joaten da. Urrian Bilboko gaueko maratoi-erdian hartu eban parte eta horren barri emon deusku. Noiz hasi zinan kirola egiten? Beti egin dot kirola. Umetan futbolean eta atletismoan aritzen nintzan, baina itxi behar izan nebazan ikasketak zirala-eta. Beraz, nire kontura hasi nintzan korrika egiten. Gaur egun, ahal dodan guztietan joaten naz korrika egitera. Lasterketa askotan hartzen dozu parte? Ez. Ez dot korrika egiten lasterketetan parte hartzeagaitik edo markak gainditzeagaitik, kirola egiteagaitik eta nire buruagaz ondo sentiduteagaitik baino. Batzuk dinoe korrika egitea aspergarria dala, eta hasiera baten gauza bera pentsaten neban nik neuk be. Halanda be, korrika hasten zaranean, eta ohiturea hartzen dozunean, korrika egiteak harrapau egiten zaitu. Korrikalari guztiek esaten dabe gauza bera. Batzuetan lau egun emoten dot urten barik, eta sentiduten dot korrika egin behar dodala. Inork ez dau sinisten probau arte. Halanda be, Bilboko erdi-maratoian hartu zenduan parte. Zelan sortu zan ideia? Lagunak parrandan egozala bururatu jakien maratoian parte hartzea. Ni ez nintzan egon momentu horretan, baina hurrengo egunean Ander Imaz lagunak proponidu eustan eta nik baietz esan neban. Lagunek atxakia dabe parrandan egozalako, baina nik, ostera, ez (kar, kar)... Azkenean sei-zazpi lagunek hartu genduan parte lasterketan. Zelan esperientzia? Alde batetik, mingotsa. Izan be, zortzigarren kilometroan zuntz-haustura euki neban eta oso mingarria izan zan. Dana dala, lasterketea bukatu egin neban, baita lagunek be. Nik argi neukan: bukatu behar neban bai ala bai. Beraz, guztiak urten ginan poz-pozik. Lesinoarena kenduta, oso esperientzia polita izan zan, jente piloa egon zalako eta giroa ederra izan zalako: musikea zuzenean, su artifizialak... Ganera, halako lasterketetan korrikalarien arteko laguntasuna sortzen da: adibidez, lesinoa zala-eta atzean gelditu nintzan eta bertan beste korrikalari bategaz ibili nintzan. Berak be min hartu eban eta alkarregaz joan ginan helmugara, alkarri berba egiten eta animoak emoten. Dibertigarria izan zan eta lasterketea labur egin jatan. Pozik zagoz emaitza edo markeagaz? Udan emon genduan izena lasterketarako, eta garai hatan ordu eta erdiko marka lortzeko asmoa neukan, baina min hartu nebanez, usteak erdi ustel gelditu ziran. Azkenean ordu biko denporea egin neban. Ez dakit datorren urtean barriro egingo dodan. Prestaketa berezirik egin zenduan lasterketeari begira: entrenamentuak, elikadura…? Apur bat, baina ez gehiegi. Zelango gomendioa emongo zeunskio horrelako lasterketa baten parte hartu gura dauenari? Bildurrik ez izateko. Emoten dau erdi-maratoia oso gatxa dala, baina ez da hainbesterako. Ez da korrikalari fina izan behar lasterketea bukatzeko. Nigaz joan ziran lagun batzuk be ez dira ohiko korrikalariak. Izan be, maratoia egiteko hasi ziran korrika egiten eta lasterketea bukatu ahal izan eben, arazo handi barik. Maratoira joan baino lehen entrenau egin eben, jakina, baina ez oso gogor. Guk maratoi-erdia egin dogu, eta momentuz ez dogu maratoi osoa egiteko asmorik, baina denporearen poderioz, auskalo!