Sara Gandara, kazetaria: “Monotoniak akabatu egit

Aikor aldizkaria 2013ko aza. 28a, 12:56
t: Gaizka Eguzkitza
Ikusi dugu kirol saioetan eta eguraldia aurkezten, baina orain Duelo en la cocina eta Euskal Herria zuzenean programen aurpegia da. Sara Gandara lezamarrak lau urte daramatza telebistan; hala ere, oraindik ez da hedabide horrek ekartzen duen ospera erabat egokitu. Sara jatorra, irribarretsua eta hurbila da eta oso gustura hitz egin dugu berarekin. Zenbat aldiz galdetzen dizute nolako eguraldia egingo duen hurrengo egunean? Askotan, nahiz eta orain eguraldia ez aurkeztu (kar, kar). Zelan daramazu telebistak ematen duen ospea? Nahiko ondo. Oro har jendea jatorra da, gauza politak esaten dizkidate: kalean telebistan baino itxura hobea dudala, eta horrelakoak (kar, kar). Hala ere, batzuetan esperientzia txarrak izan ditut, batez ere gauez, jendea mozkortuta dabilenean. Hurbiltzen zaizkidanean, ni lotsatu egiten naiz. Izan ere, ni kazetaria naiz, eta aurkezle azken lau urteotan aritu naiz. Uste dut oraindik ez dudala ohitura hartu. Duela egun batzuk San Vicente de la Barquerara joan nintzen asteburua pasatzera. Pen­tsatu nuen lasai egongo nintzela eta bertan ez nauela inork ezagutuko, baina emakume bat etorri zitzaidan eta galdetu zidan ea zer egiten nuen bertan (kar, kar). Batzuetan ematen du jendeak uste duela pertsona arruntak ez garela, baina bagara, eta beste batzuek egiten dutena geuk ere egiten dugu. Telebistan zaudenetik, bereziki zaintzen duzu irudia? Bereziki ez, baina egia da lehen baino gehiago zaintzen dudala. Lehen ez nuen makillajerik erabiltzen, mototsa egiten nuen ilean eta kalera joaten nintzen... Zer sentitzen duzu zeure burua pantailan ikusten duzunean? Lotsa. Guztiok gara oso zorrotzak geu­re buruarekin eta neu ere banaiz. Gauza onak ikusi beharrean, akatsei baino ez diet erreparatzen. Batzuetan neure burua aztertzen dut, baina ezin dut hori egunero-egunero egin; bestela, eromena da. Zergatik egin zinen kazetari? Egia esan, ez nuen batere argi. Nire asmoa zen Publizitatea eta Harreman Pu­blikoak ikastea, baina oso selektibitate az­terketa txarra egin nuen eta ez nuen nota nahikorik lortu bertan sartzeko. Eta Ka­zetaritza aukeratu nuen. Bigarren urtean aldatzeko asmoa nuen, baina azkenean Kazetaritzan gelditu nintzen eta oso gustura, gainera. Kazetaritzak badu bere xarma, eta idatzizkoak, gehiago. Niri hitz egitea izugarri gustatzen zait, baita idaztea ere. Izan ere, ipuin lehiaketetan hartu dut parte behin baino gehiagotan. Euskaraz eta gazteleraz egin duzu lan. Zein duzu nahiago? Euskaraz. Gurasoak kanpokoak dira eta euskara ez da nire ama hizkuntza, bai­na ikasketak euskaraz egin ditut, bai eskolan bai unibertsitatean. Eta kazetaritza ar­loan ere euskaraz egin dut gehienetan. Duelo en la cocina saioa gazteleraz grabatu dut eta nabaritu dut apur bat kostatu egin zaidala: freskotasuna, inprobizatze ahalmena... Gazteleraz lan egiten dudanean, batzuetan euskaraz etortzen zaizkit hitzak, eta pentsatu egin behar dut hitz egokia gazteleraz topatzeko. Telebistan batez ere eguraldiaren iragarpenak egiteagatik zara ezaguna. Zelan sortu zitzaizun eguraldia egiteko aukera? Ia kasualitatez gertatu zen. Lankide baten baja betetzen nenbilen, baina hark lanera laster itzultzeko asmoa zuen; beraz, ni kalera joango nintzen. Orduan, Urko Aristirekin egin nuen topo pasilloan eta berak eskaini zidan eguraldiarena. Alda­keta gogorra izan zen, oso denbora gutxi izan genuelako. ETBn meteorologo ba­tzuek egiten dute lan gurekin eta izugarri lagundu didate. Pazientzia handia izan dute nirekin. Eguraldia egin baino lehen, gustatzen zitzaidan gaia: normalean iragarpena ikusten genuen etxean, behaketa meteorologikorako estazio txikia ge­nuen... Gaia korapilatsua da, eta horretaz aparte, beste gauza batzuk hartu behar dira kontuan: eguraldia egitean zutik agertzen zara telebistan, eta ondorioz, le­henengo aldiz zaindu behar izan ditut gorputz osoko mugimenduak. Eta, gainera, besteak beste iragarpena, mapa eta irribarrea kontrolatu behar dituzu. Egin nuen lehenengoan pozik atera nintzen. Eta bukatu bezain pronto esan zidaten: “Oso ondo, eta orain gazteleraz” (kar, kar...). Hasiera batean oso ikaratuta nengoen, baina oso esperientzia polita izan da. Ya queda menos saioan ere hartu zenuen parte, baina bertan behera utzi zuten, audientzia gutxi zuelako. Zelan hartu zenuen porrota? Telebistan azken hitza audientziarena da, eta zure programa oso jende gutxik ikusten badu, bertan behera utziko dute. Amorrua ematen du, baina telebista ho­rrelakoa da. Nire ustez, esperientzia polita izan zen: lehenengo aldia zen umorezko saio bat egiten nuena eta hasiera batean ez nintzen oso eroso sentitzen. Nik saltserotzat hartzen dut neure burua, baina telebistan aurretik saio serioagoak nituen eginda. Saioaren haritik, kritika bortzitak jaso nituen, eta apur bat mingarriak izan ziren, egiten zituztenek ezagutzen ez nindutelako. Nik kritika konstruktiboak onartzen ditut, eta ulertu ahal ditut nire lanari buruzko iritziak, nahiz eta nire gustukoak ez izan, baina kritika pertsonalak ezin ditut ulertu. Gaur egun saio bitan ikusi ahal zaitugu. Bata Duelo en la cocina da... Bai. ETBri eskerrak eman nahi dizkiot hainbat esparrutan ibiltzeko aukera eman didalako. Saio hori beste adibide bat da. Oso jende jatorra eta hurbila ezagutu dut, kalean grabatu dugu, batzuetan euripean ere bai (kar, kar)... Programa ezberdina da, sukaldean inor trebatzen ez duelako. Mamia da ea Euskal Herriko produktuak beste herrialde batzuetakoak baino hobeak diren jakitea. Eta? Geureak dira onenak? Onenak ez badira, onenetarioak izango dira... (kar, kar). Eta bigarren saioa, Euskal Herria zuzenean... Bai. Oso pozik nabil. Eguraldian oso pozik ibili nintzen, oso talde polita osatu genuelako. Gainera, denboraren poderioz, eskarmentua hartu nuen eta gero eta hobeto moldatzen nintzen. Bat-batean, Due­lo en la cocina saioa etorri zitzaidan eta horrek aldaketa handia ekarri dit, eta gero, Euskal Herria zuzenean saioak beste aldaketa bat. Zoragarria da, aldaketak gustatzen zaizkidalako. Gainera, hainbeste gauza egiteak aukera ematen dit noraino hel naitekeen jakiteko. Monotoniak aka­batu egiten nau. Euskal Herria zuzenean saioa izugarri gustatzen zait: alde batetik, euskaraz egiten dudalako, eta bestetik, kazetaritzari erabat lotuta dagoelako. Eta hori Eguraldia edo Duelo en la cocina saioetan ez nuen. Gaztea izan arren, hainbat gauza egin dituzu. Zerbait duzu faltan? Zer egitea gustatuko litzaizuke? Irratian lan egitea gustatuko litzaidake. Oso komunikabide xarmangarria iruditzen zait eta ez dut inoiz horretan lan egin. Telebistan oso eroso nago, baina hasiera batean beldur nion aurpegia eman behar izateari. Irratiak, ordea, anonimatoa ekartzen dizu. Ondo legoke agian kirolari lotutako saioa euskaraz egitea (kar, kar). Lezamar kirolzale eta egonezina Telebistan agertzeak oso gutxi aldatu dio bizimodua Sarari. 1981ean jaio zen eta betidanik bizi izan da Lezaman, gurasoen etxean, udaletxetik gertu. Sara eroso sentitzen da herrian. “Lezamako eskolan eta Derioko institutuan ikasi nuen, jaio nintzen etxean bizi naiz eta herrian egiten dut bizitza. Hemen guztiok ezagutu eta agurtzen dugu elkar”. Egia da, elkarrizketa egiten geundela hainbat lagun agurtu zituen. Lezama gustatzen zaio, baina aukera duenean itsasora joaten da, hango “usaina” gustatzen zaiolako. Aisialdiaz gozatzeko, txakurrarekin eta lagunekin ibiltzea eta batez ere kirolak gustatzen zaizkio Sarari. Gazteagoa zela areto-futbolean jokatzen zuen, baina duela urte batzuk min hartu zuen belaunean. “Lotailu gurutzatua apurtu zitzaidan eta futbolean egiteari utzi behar izan nion. Oraindik ere mina daukat noizean be­hin”. Dena dela, beste jarduera batzuk egiten ditu: pilates, padel, patinajea... Eta boxeoa. “Gustatzen zitzaidan, baina trapezioak handitu egin zitzaizkidan eta azkenean utzi nuen”. Kazetaritzan eman zituen lehenego urratsak ere kirolari lotuta egin zituen. “Bekadun ibili nintzen ETBko ki­rol sailan. Geroago, kirol atala aurkeztu nuen Gaur Egun albistegian, baita Zu kirolari saioa ere. ACT Li­gako estropadetako emankizunetan ere hartu dut parte”. Kirola alde batera utzita, ETBn Eguraldia aurkeztu du, eta gaur egun Duelo en la cocina eta Euskal Herria zuzenean saioetan du­gu ikusgai. Ilusioa galdu Dena dela, Sararen bidea ez da dirudien bezain zuzena izan. “2004an karrera bukatu nuen. Hurrengo bi urteotan ETBn ibili nintzen: bekadun, behin-behineko kontratuekin, udan, asteburu batzuetan... Nazkatu egin nintzen, beti deiaren zain nengoelako. Eta garai hartako zuzendariari, Pedro Mari Goikoetxea herrikideari, esan nion berriro ez deitzeko, zerbait finkoago nahi nuelako. Galdu nuen kazetaria izateko ilusioa. Geroago, zerbitzari ibili nintzen, Irlandara joan nintzen, itzuli nintzen eta idazkaria izan nintzen Bilbao Basketen, marketin bulego batean...”. “Eta bat-batean Deia egunkaritik deitu zidaten, eta horri esker berreskuratu nuen kazetaritzarako grina. Gainera, lehenengo pausoak eman nituen telebistan, aurkezle, Hamaika telebistari esker. Horrek eskarmentua eman zidan eta oso baliagarria izan zen gero ETBn lan egiteko. Bidea pausoz pauso egin dut, eta oraindik ba­nabil egiten (kar, kar)”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).