Asier Hernandez l Pakea Bizkaia proiektuaren kidea

Aikor aldizkaria 2013ko abe. 5a, 09:37

Testua: Gaizka Eguskitza/ argazkiak: Pakea Bizkaia

Asierrek hilabete bi emon ditu Pakea-Bizkaia ontzian. Orain dala hiru urte Unai Basurkoren proiektuan sartzeko aukerea sortu jakon eta udan Kanarietan, Afrikan eta Argentinan ibili da. Asierrek ez dau eskarmentu handirik itsasoan, baina orain beste bidaia bat egiteko irrikan dago. Bere esperientziaren barri Lezaman euki genduan, eta orain, baita hemen be. Zelan sartu zinan Pakea-Bizkaia proiektuan? Kasualidadez. Pakea-Bizkaia proiektuak badau alde pedagogiko bat eta horretan aritzeko irakasleak behar zituen. Nik, besteak beste, hitzaldiak emoten dodaz eta itsasontzia ikustera datozan bisitariak hartzen dodaz. Proiektua oso erakargarria iruditu jatan, nahiz eta aldez aurretik itsasoan eskarmenturik ez euki. Monitore hasi zinan, baina tripulatzailea be izan zara... Bai, hasiera-hasieratik hartu-emona oso estua izan da proiektu-kide guztion artean eta hori oso lagungarria izan da, proiektuaren zati bat sentiduarazoten zaituelako. Eta lehenengo egunetik animaten gaitue itsasora ateratera. Eta egun baten animau egin nintzan eta primeran pasau neban. Gainera, ez nintzan zorabiau ez ezer. Eta Pakea-Bizkaia ontziaren hirugarren bidaian hartu dozu parte. Zelan esperientzia? Aurten tripulatzaile profesionalak ez garanoi emon deuskue espedizinoan parte hartzeko aukera, eta hiru moltsotan banatu ginduezan. Nik lehenengo etapa egin neban, Bilbotik Patagoniara, eta hilabete bi emon neban ontzian. Bidaia horrela izan zan: Bilbo-Kanariar Uharteak -Cabo Verde (Afrika)-Buenos Aires. Leku bakotxean egun batzuk emon genduzan hango animaliak eta lorak ikusten eta bertako jentea ezagutzen. Esate baterako, Argentinan izugarrizko harrerea egin euskuen Euskal Etxekoek. Eta Argentinan be, Necoechea izeneko herrixka baten egon ginan. Aipatzekoa da hango lagunek oso euskalduntzat hartzen dabelako euren burua, herriko sortzaileak euskaldunak izan ziralako. Gainera, ikastola dabe, euskal dantzak irakasten dira... Ikastolako zuzendaria Hondarribikoa da eta harremanetan jarri zan gugaz hortik pasetako. Merezi izan eban! Zer izan da ikusi dozun onena? Eta txarrena? Beste tripulatzaileakaz hartu-emona itzela izan da. Eta gero itsasoan ikusi doguna zoragarria izan da: esate baterako, 20 alek osatutako kaxalote familia bat ikusi genduan. Kontuan izan bakotxa gure ontzia bezain handia zala, 20 metro inguru. Halaber, gauean ikuskizun ederrak ikusi doguz: zerua planetarium bat bezalakoa zan, izarrez josia; uretan plankton distiratsua eta fosforeszentea ikusi genduan... Alde txarrari jakonez, kutsadura handia ikusi dogu ozeanoan. Hilabete bi emon dozuz ontzian. Bidaia gogorra izan da, ezta? Bai. Itsasontzian nengoala jakin banekian egunak eta egunak emongo genduzala inor ikusi barik, lurrera heldu arte. Baina gogorrena itsasontziaren bizimodua, ordutegiak, batez be kapitaiarena, beti adi egon behar daualako. Tripulatzaileok taldeka antolatzen genduan beharra. Esate baterako, lau ordu jarraian baino ezin dozu lo egin. Talde bakotxak ordu bi emoten zituan kanpoan, ontzia gidetan, besteek atseden hartzen eben bitartean. Bosgarren egunetik aurrera gorputzak ohitura hartzen dau, baina hasieran guardiak eta lotaldiak baino ez dozuz egiten. Zer da gehien bota dozun faltan? Ontzian ez dozu denporarik ezeretarako be, beti dago zerbait egiteko. Arraroa izan da okelarik ez jatea, baita erabat deskonektauta izatea be, hau da, sakelako telefono barik ibiltea. Aldi berean, telefonorik ez eukitea oparia be izan da. Dana dala, lurreratzen ginan bakotxean lokutorioetara joaten ginan telefonoz etxekoei deitzera. Egia esan, ez gara hain deskonektauta ibili, webgunearen bidez espedizinoaren barri emoten gendualako, baina telefonoaren bidez beste era baten berba egin ahal dozu. Eta orain zer? Auskalo! Momentuz proiektuan jarraituko dot: bisitariak jasoten, hitzaldiak emoten, dokumentala erakusten... Aukera izanez gero beste bidaia bat egitea gustauko litxakit. Baina horretarako, diru-laguntzak behar dira. Ni prest nago edozein lekutara joateko. Bizi izan dodan esperientzia zoragarria izan da eta Pakea-Bizkaian gauza pilo bat ikasteko aukera izan dot. Esate baterako, ontzia gidetan ibili gara eta beste ontzi batzuetan urteak emon behar ditue hori egiteko. Lezamartua Asierrek 24 urte ditu eta Deustukoa da, baina bizitzea Txorierrin eta batez be Lezaman egin dau. “Nire aita, Kepa, Lezamako eskolako irakaslea da eta nik bertan ikasi neban. Eta gero Deriora joan nintzan institutura. Koadrila eta txokoa Lezaman daukadaz, eta Sondikan eta Zamudion jokatu dot futbolean... Lezaman, guztiek ezagutzen nabe”. Horregaitik, berezia izan zan Lezaman egin eban hitzaldia. “Beti saiatzen naz hitzaldiak hurbilak izaten, eta Lezaman askoz gehiago. Lagunen artean egin neban eta oso polita izan zan”.