Uxue Alberdik Bertso Eskola Feminista sortu du Ainhoa Agirreazaldegirekin batera. Uxue Deriora etorri da Euskararen Egunaren haritik antolatutako bertso saioan parte hartzera, eta aukera aprobetxatu dugu berarekin bertsolaritzaz eta feminismoaz hitz egiteko.
Zer da Bertso Eskola Feminista?
Ez da bertsotan ikasteko eskola bat; bertsolaritzari buruzko begirada feminista garatzen hasteko, edo gehiago garatzeko, tailer bat baizik. Hiruzpalau urte daramatzagu bertsolaritzari buruzko hitzaldiak begirada feminista batetik ematen, eta hitzaldiok gure esperientzietatik, irakurri dugunetik, gure anekdotetatik... joan gara garatzen. Ondarroatik deitu eta hitzaldia apur bat gehiago lantzeko eskatu ziguten. Emaitza zortzi orduko tailerra izan da.
Tradizioz gizonezkoena izan den eremuan onartuak izateko, emakume bertsolariok estrategia inkontziente bi erabili dituzuela diozue, eta belaunaldi bi bereizten dituzue: drag king-ak eta panpinak.
Guk ez dugu emakumeen sailkapenik egiten; guk izen ironiko bat ipini diogu estrategia bakoitzari. Emakume bertsolarien lehenengo belaunaldiak, edo drag king-ek, gizonezkoen moduak kopiatu dituzte oholtza gainean. Hau da, beste bat direla erakustea erabili dute estrategiatzat, gizonak bezain indartsuak izan daitezkeela. Maialen Lujanbiok berak esan zuen behin, kasualitatea ez zela ezaugarri konkretu batzuk zituzten emakume bertsolariek aurrera egin ahal izatea: ahots eta gorputz sendoak, erantzuteko gaitasuna, kikiltzen ez zirenak, Lizasori Lizasoren hizkuntzan erantzuten ziotenak... Emakume bertsolari hauek inkontzienteki estali zuten beren gorputza, gizonekin soilik lepotik gora lehiatu ahal izateko. Inkontzienteki bazekiten emakumezkoak izate hutsagatik beren gorputzak bazuela zerbait normatik ateratzen zena, eta emakume armarik erabili gabe gizonezkoek bezain ondo egiten bazekitela publikoari erakusteko beharra zuten. Ainhoaren esanetan, adibidez, 10 urte pasatu ziren kamiseta tirantedun bat jantzita zuela lehen aldiz lehiatu zen arte.
Bidea zabaldu zieten bigarren belaunaldikoei, panpinei.
Patriarkatuari molestatzen ez dioten emakumeak dira: neurtuak; estetikoki atseginak, gazteak; seduktoreak bai, baina putak ez; alaiak bai, baina txolinak ez; seguruak bai, baina zapaltzaileak ez... Belaunaldi honek feminitate markatzat hartzen diren horiek jarri ditu oholtza gainean: ile luzea, takoiak, makillajea, gona... Emakumeen gorputza identifikagarri jarri du, baina horrek badu aje bat: gorputza eszenan jartzen denean, genero dikotomiarekin egiten da talka aurrez aurre. Hala, lehenengo belaunaldikoei gutxitan esango zieten, adibidez, gona moztuko zietela, baina guk halakoak saio guztietan entzuten ditugu. Batez ere landa eremuko saioetan.
Zein da lehenengo belaunaldiaren ajea?
Emakumeen sexualitatea ez dela aipatu eta, ondorioz, emakumeen desioak, emozioak... ez direla bertsolaritzan existitu. Eta existitu ez direnez, jendeak ez du kodigo erreferentzialik eta ez daki benetan ari garen, aldarrikatzen... Esate baterako, Jon Maiarekin egin nuen saio batean objektuak atera behar genituen kutxa batetik. Eta halako batean bibragailu bat atera genuen. Ohituta gaude hainbat gauza eta txiste entzuten gizonen sexualitateari buruz, baina ez emakumeon sexualitateari buruz. Eta nik esan nuen askatasunean egongo ginela zakilaz adina txiste aluaz egiten genituenean, eta isiltasuna egin zen. Jonek jarraitu zidan eta isiltasuna gero eta sakonago egin zen... Ostean, Jonek esan zidan plazatan 25 urte zeramatzan arren lehenengo aldia zela alua hitza erabiltzen zuena.
Estrategia biri buruz egin dugu berba. Badago hirugarren bat?
Pertsonena izango litzateke hori. Pentsatu behar dugu aipatutako estrategiak ez direla askatasunetik aukeratu, beste pertsona batzuek inguratuta bizi garelako eta inguruak baldintzatzen gaituelako. Hirugarren estrategia horrek bertsolaritza mundura askatasunetik sartzeko aukera emango liguke, baina, horretarako, jabetu behar gara mundua nola dagoen antolatuta, zelako botere-harreman dauden, gu non gauden, ahalik eta bertsolari ezberdin gehien kantatzea nahiko genukeen...
Emakume bertsolarion eta publikoaren artean kodigo erreferentzialik ez dagoela aipatu duzu lehen.
Estitxu Izagirrek “emakumera batua” sortzeko beharra zegoela esan zuen eta, nire ustez, bete-betean asmatu zuen. Orain gutxi arte batez ere eremu pribatuetan murgildu garenez, oso erraz ulertzen ditugu haien kodigoak, baina kodigo bat behar dugu publiko orokorrarekin partekatzeko. Bestalde, gure erreferenteei ere ez diegu baliorik ematen. Adibidez, urteetan txapeldun burusoila eduki dugu eta askotan kantatu dugu burusoiltasunari buruz. Baina depilazioari buruz ez. Are gehiago, abesten hasi eta bigarren bertsoan pentsatzen duzu: jendeari interesatzen zaio hau?.
Zelako ekarpena egin diozue emakumeok bertsolaritzari?
Lehenengo eta behin, ahotsa jarri diegu emakumezkoen pertsonaiei, izan ere, gizonezko bertsolariek orain arte marraztutako emakumeak oso estereotipatuta egon dira: ama, andrea, maitalea edo alaba. Guk gure bizipenetatik gehitu dizkiegu ñabardurak pertsonaia horiei. Bertsolaritzan hasi ginenean, konplexu asko genituen eta, bertsolari oso bat izateko, zerbait faltatzen zitzaigun ustea bagenuen. Besamotz sentitzen ginen. Ez genekielako gizonezko bertsolariak imitatzen, oso gazte hasi ginelako, umorea ez zitzaigulako hain ondo ateratzen... Beste ekarpen bat izan da konturatzea gu ez garela besamotzak; besamotza dena bertsolaritza dela, eta gu faltatzen zaion beso hori jartzera etorri garela.
Zein izan da publikoaren erantzuna?
Nik esango nuke publikoa, orokorrean, beste ahots batzuen egarri zegoela. Baditugu plazak eta badirudi jendeari interesatzen zaiola esateko duguna. Dena dela, nik arrisku bat ikusten dut: emakume bertsolari batzuk gaudenez eta, gainera, gutariko batek txapela jantzi duenez, pentsatzea dena eginda dagoela, eta final batera ailegatzen ez bagara, hori dela hain onak ez garelako. Pentsatu behar dugu nola dagoen eraikita gizartea, zeintzuk diren arlo batean edo bestean batzuek dituzten zailtasunak, beste batzuek ez dituztenak... Aitona bertsolariak ezagutu ditugun moduan, amama bertsolaririk ere ezagutuko dugu inoiz? Emakume bertsolari gazteak esateko duena merkatuari interesatzen zaio, baina 55 urteko emakume bertsolari batek esateko duena?
Txapelketa Nagusiaren parte-hartzaileen % 30 emakumezkoak izan dira aurten.
Saioetara emakumeoi emakumeak garelako deitzen digutela esaten da askotan, baina ez da esaten gizonei gizonak direlako deitzen dietela. Estitxu Izagirrek galdetu zuen behin ea emakume bertsolariok plazetan genuena kupoa ala betoa zen. Zenbatu puntuazioz sailkatutako txapelketan dauden emakumeak, eta plaza libretan daudenak. Aurtengo urriko agendaren arabera, % 30 eta % 20 hurrenez hurren. Datuei erreparatuta, esan dezakegu, deitzen ez badigute, hori ez dela kalitaterik ez dugulako. Polita izango zen gero eta emakume bertsolari ezberdin gehiago ikustea oholtza gainean, eta gero eta gizon bertsolari ezberdin gehiago ere bai.
Maialenek txapela janztea emakume bertsolari guztion garaipena izan zen?
Izugarri hunkitu nintzen, berak egin duena ia mirari bat izan delako: nola joan den bere burua definitzen, ñabardurak sortzen, bere bertsokera aldatzen, munduari begiratzeko talaia bat sortzen... Lorpen handia da historikoki eta sinbolikoki. Umeei bertsolariarena egiteko esaten zitzaien lehen, eta purua pizten zuten, txapela ondo jantzi...; buruan zapia ipintzen dute, orain. Horrezaz gainera, Maialenen ekarpena eta kalitatea bada ikaragarria, gutxienez Xabier Amuriza eta Andoni Egañaren parekoa. Nire kezka garaipena anekdota bihurtzea da: txapela jantzi zuen emakume hura. Eta nire ustez, aurtengo txapelketa irabazi ala ez, Maialenek baditu gauza asko eskoletan irakatsi eta ezartzeko modukoak direnak.
Euli-giroa
Bertsolaria izateaz gainera, idazlea ere bada Uxue. Esparru biak osagarriak dira gaztearentzat, ezinbestekoak. “Oso pertsona lagunartekoa naiz, parranda gustatzen zait, jendearekin hitz egitea... eta bertsolaritzak alderdi sozial hori ematen dit. Bertsoak dakarren adrenalina ere gustatzen zait, saioa hasi eta zer gertatuko den ez jakitea”. Baina beste alderdi baten beharra ere badu, patxada eskatzen diona, bakardadea, gaiei buruz gehiago pentsatzea...
Ipuinzalea da, irakurtzeko naiz idazteko. Gainera, urte biko neskato baten ama da eta bere egoerara perfektuki egokitzen den genero bat da. “Nobela batek konstantzia handia eta ordu asko eskatzen dizkizu; ipuin bat, berriz, errazago gorde dezakezu buruan, eta handik atera eta hara berriro sartzea ere errazagoa da”. Kaleratu duen azken lana Euli-giroa da, egonezin giro baten kokatutako bederatzi ipuin jasotzen dituena. “Nire emozioetatik abiatutako ipuinak dira. Nik nire emakume gorputzetik ditut munduarekin harremanak, eta gorputza oso presente dago ipuinetan. Egia da ipuin batzuk oso fantastikoak edo surrealistak direla, baina emozioak oso lurrekoak dira, oso benetakoak eta oso fisikoak. Eta emakume baten gorputzetik pasatzen dira. Edade ezberdinetako emakumeak ere agertzen dira ipuinetan, zaletasun ezberdinak dituztenak, beldurtiagoak edo ausartagoak direnak...”.