Hilaren hasieran, Amazon enpresak paketeak drone hegalarien bidez banatzeko asmoa zuela adierazi zuen. Amazon 1994an hasi zen liburuak interneten saltzen eta gaur egun, munduan, online gehien saltzen duen enpresa bihurtu da. Bitxiak zein janaria, ia edozein gauza saltzeaz gainera, Amazonek beste esparru batzuetan ere badihardu, batez ere sareari eta aparatu elektronikoei lotuta dauden arloetan.
Saltzen dituzten gauzak postaz bidaltzen dituzte eta pakete gehienek 2,3 kilo baino gutxiagoko pisua dutenez, halako aparatuak erabiltzea pentsatu dute. Askok marketin kanpaina baino ez dela pentsatzen dugun arren, enpresak dio etorkizunean drone-ak ikustea gaur egun errepideetan kamioiak ikustea bezain arrunta izango dela. Baina zer dira drone-ak?
Nikola Tesla izan zen hegazkin autonomoei buruzko aipamena egin zuen lehena, 1915ean. Eta haien garapenari Lehen Mundu Gerran ekin zitzaion, tartean helburu militarrak zeudela. Hala, Vietnameko gerran Estatu Batuek piloturik gabeko hegazkinak erabili zituzten etsaien bideoak jasotzeko. Oso hegazkin sinpleak ziren: aurrez definitutako ibilbideak errepikatzen zituzten, erregai barik gelditu eta lurrera jausten ziren arte. Drone hitza —erlamando, ingelesez— orduantxe hasi zen erabiltzen.
Laburbilduz, drone-ak giza piloturik ez duten makina hegalariak dira. Hasieran hegazkin-itxura zuten, baina miniaturizazioak, eta materialak direla-eta gero eta txikiagoak dira eta era askotakoak. Dagoeneko merkatuan gure esku daudenek helikopteroetakoen moduko lau helize edo gehiago dituzte, eta zenbait sentsore eta kako ere bai. Adibidez, badaude smartphone baten bidez kontrola daitezkeenak, webcam-a dutenak eta, gainera, sama txikiak garraiatzeko gai direnak.
Matternet enpresak, Haitin egindako saiakeretan, drone-ak erabili ditu 10 kilometrora dauden errefuxiatuen kanpamenduetara kilo biko zamak eramateko, 20-70 dolar zentimoko kostuarekin. Amazonek erabiliko dituenak antzekoak dira, zortzi helize edukiko dituzte eta 2,5 kilo garraiatzeko gai izango dira. Enpresaren esanetan, era horretan erositakoa 20 minutuan edukiko dugu etxean.
Oztopoak eta arauak
Nolanahi ere, maila teknikoko arazo handirik ez dagoela dirudien arren, badira beste oztopo batzuk: kableak, semaforoak, zuhaitzak, seinaleak... eta drone-ak horiek gainditu eta dagokien ibilbidea egiteko gai izan beharko dira. Gainera, zein lekutan utziko dira paketeak? Etxeetako terrazetan? Balkoietan? Leku berezirik atonduko da, bidaia luzeak egin beharko dituzten gailuak hornitu ahal izateko?
Bestalde, segurtasuna bermatzen duten ziurtagiriak ere egon beharko dira. Amazonen zortzi helizeduna, esate baterako, helizetako bat galdu arren jarraitzeko gai izango omen da. Eta bukatzeko, airean zein baldintzapean mugituko diren ere arautu beharko da. Zeinek edukiko du lehentasuna, gailu bik elkarrekin topo egiten dutenean? Altuera tarterik edo esparrurik mugatuko da traste hauetarako?
Argi dago drone-ek badutela euren nitxoa, errepide bidez garraiatzea zaila edo arriskutsua denean, edo azkar egin behar denean. Baina, nire ustez, zaila izango da, Amazonek esan bezala, drone-ak zerbait arrunta izango balira moduan gure inguruan ikustea.