Sondikako Pentagrama akordeoi taldeak Zuentzat diskoa kaleratu berri du. Bertan oso errepertorio anitza batu dute, eta gaur egungo kantak zein betikoak daude entzungai. Diskoak bost euro balio du, eta herriko dendetan eros daiteke. Bere salmentari esker batzen den dirua, baliabide gutxien duten Sondikako familien artean banatuko da.
Pentagrama hitza entzuten dugunean, eskolako garaia etortzen zaigu burura. Hala ere, Txorierrin, eta batez ere Sondikan, hori baino askoz gehiago da pentagrama, herriko kultur taldea delako. Yolanda Ugartek zuzentzen duen elkarte honek bere lana plazaratu eta betikotu nahi izan du, eta horregatik grabatu du bere lehenengo diskoa. “Taldean beste talde batzuetan dabiltzan taldekideak ditugu, eta eurek beren taldeekin diskoak-eta grabatzen dituzte. Hori dela-eta, gauza bera egitera animatu gintuzten. Gainontzeko taldekideoi ideia polita iruditu zitzaigun eta horrela eman genion hasiera proiektuari”, esan digu Yolandak. Hori otsailean gertatu zen, eta harrezkero lan neketsuari bezain itxaropentsuari ekin diote. “Lana ikaragarria izan da azken 10 hilabeteotan, baina horren truke lortu dugun ordainsaria polita izan da. Merezi izan du!”.
Lehenik eta behin, grabazio estudioa aukeratu behar izan zuten, eta ez zen batere erraza izan. “Zail egin zitzaigun estudioa hautatzea, gehienak nahiko txikiak zirelako. Guk, ordea, leku handi bat behar genuen, partaide pilo bat garelako. Azkenean, Urdulizeko Tío Pete estudioan grabatu genuen diskoa, eta oso gustura ibili ginen hango lagunekin, oso jatorrak izan baitziren. Diskoa oso azkar grabatu genuen, bi asteburutan, 16 ordutan. Oso pozik gara emaitzarekin”.
Bigarren pausoa errepertorioa aukeratzea izan zen. “Taldekide guztiok egin genituen proposamenak, eta azkenean, denon artean erabaki genuen zeintzuk izango ziren diskoan sartuko genituen kantak. Guztira 12 abestik osatzen dute diskoa, oso ezberdinak. Estiloaren ikuspuntutik, oso anitza da diskoa: betiko kantak zein gaur egungoak, abesti atzerritarrak eta bertokoak... Gutxi batzuk aipatzearren, Queen taldeko Show must go on, Coldplay taldeko Viva la vida, Joaquín Sabinaren Y nos dieron las 10; Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean; Maitetxu mia... Gainontzekoak zeintzuk diren jakiteko, diskoa erosi beharko da (kar, kar)”.
Laguntza berezia
Pentagrama taldea 1997an sortu zen, eta gaur egun 25 lagun inguruk osatzen dute elkartea: 20 akordeoilari, bateria-jotzaile bat, perkusionista bat, gitarra-jotzaile bat eta baxu-jotzaile bat. “Diskoa taldekideek eurek eskatu zuten eta horregatik oso jarrera ona adierazi dute. Gogor eta atseginez egin dute lan proiektua aurrera ateratzeko”. Betiko taldekideak alde batera utzita, laguntzaile berezi bi izan dituzte sondikoztarrek diskoa grabatzeko orduan: alde batetik, Txuma Olagüe abesbatzaren kideek kanta bitan hartu dute parte; eta bestetik, Erik Fernandez abeslariak abesti bat kantatu du. “Gainera, azpimarratzekoa da Alain Beaskoetxeak egindako lana, batez ere antolatze-lanetan. Berez, taldekide ohia da, eta behar dugunean etorri egiten da. Hau da, ematen du ez duela inoiz alde egin (kar, kar...)”.
Proiektua erabat landu eta gero, Pentagramako lagunek Sondikako Udalera jo zuten, eta horrek atsegin handiz eskaini zion babesa eta laguntza taldeari. Udalaren eta elkartekideen artean diskoari helburu solidarioa ematea erabaki zuten. Hau da, diskoa saltzeak ekartzen duen dirua Udalak banatuko du baliabide gutxien duten Sondikako familien artean. Helburuak bat egiten du diskoaren izenarekin, Zuentzat. “Esangura bikoitza du: alde batetik, kantak entzungo dituztenak aipatzen ditu, diskoaren erosleak; eta bestetik, “zuentzat” horiek sondikaztarrak dira, diskoa haiei zuzendu diegulako”.
Proiektua abenduaren 11n aurkeztu zen Sondikako Kultur Etxean. “Oso ekitaldi hunkigarria izan zen. Alainek grabaketari eta proiektuari buruzko bideoa egin zuen eta ekitaldian izan genuen ikusgai. Ondoren, taldekideok diskoaren kanta batzuk eskaini genituen zuzenean”. Zuentzat diskoa Sondikako dendetan dago salgai, bost euroren truke.
Taldeak eta Elkarteak