Gogoratzen dut orain dela urtebete, agian bi, Bakioko gaztetxean itzelezko talentua zuen talde bat ikusi nuela. Harrigarriena, hala ere, taldea 18-19 urteko lau gaztek osatzen zutela ikustea izan zen. Azken urteotan gogoratzen dudan kontzertu berezienetako bat dela esatera ausartuko nintzateke, biziki harritu baininduten gaztetxoen talentuak, moldakortasuna (bakoitzak musika tresna bat baino gehiago jotzen zuen) eta gustu on musikalak. Txikikeria batek atsekabetu ninduen, baina: Mungiako neska-mutil euskaldun kontzientziatuak izanagatik, ingelesez kantatzen zuten. Kontzertua bukatu eta berehala, ingelesez galdetu nion gitarra-joleari ea nongoak ziren. Harrituta erantzun zidan mungiarrak zirela.
Norbera libre da nahi duena egiteko, askatasunaren ariketari psikerako dagoen ariketarik osasungarriena deritzot. Ez diot inori zer egin behar duen esan nahi. Horregatik, zintzotasun osoz, pena handia sentitu nuela aitortu behar dut. Eta are penatuago sentitzen naiz euskaldunek osatutako gero eta talde gehiagok euskal musika egiteari uko egiten diotenean.
Ukaezina da ingelesak gure egunerokotasunean duen gero eta indar handiagoa: internet, telebista, ikasleen Erasmus programak, gero eta turista gehiago Bilbon... Denok entzun dugu ingelesez egiten duen talderen bat (ni neu Metallicazale amorratua nintzen), eta estetikoki erakargarria iruditzen zaigu ingelesez kantatzea, nahiz zentzugabeko gauzak esan, entzuten ditugun talde askoren hizkuntza delako.
Irakasle-eskolan ikasten nenbilenean, gure iritzia 1000 aldiz biderkatuko zela esan zigun irakasle batek. Gauza bera gertatzen da publikoari botere postu batetik hitz egiten dion edonoren iritziarekin. Hori ondo dakite aldareari bizkarra ematen diotenek, eta eraikin berrien gero eta altuera beldurgarriagoetatik begiratzen gaituztenek. Baina dezibelioen indarra erabili eta irrati uhinen bidez entzuten ditugun horiek konturatzen ote dira duten botereaz? Sarrionandiaren kateak egiten diharduen errementari esklaboaren irudia datorkit gogora...
Musikari historiko bati entzun nion behin bere komunitatearen hizkuntzan kantatzen ez duen artistak ez duela komunitate horri esateko ezer. Orain bertako gazteak ingelesez abesten hasi zaizkigu.