Lortuko al dabe?

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 27a, 14:43

t: Iñaki Eguskizaga, sondikoztarra

Aminek, 13 urteko umeak, Dakha Bangladesheko uriburutik zazpi kilometrora dagoan ehundegi baten egiten dau lan. Teilatua uralitazkoa izanda, eta hormak, txapazkoak, tailerrak laba bat dirudi eta haizea danean eztulka ibilten dira langileak, barruko hautsa altzaten dauelako. Bertako makinen zarata gorgarria da eta Amini itantzen bajako ea tinpanoetarako babesik erabilten dauen, irribarre batez atzamarrez erantzun moduan bere oin ortozik erakusten dauz, gehien kezkatzen deutsana lurrean dagozan orratzak dirala adierazteko. Aminek 11 ordu gitxienez lan egiten dau egunero, sei egun astean, eta eskaera handiak badira, horreek baino gehiago egiten ditu kobrau barik. Bere eguneko soldata 0,70 eurokoa da, baina bera pozik dago holan bere familiari laguntzen deutsalako. Ehundegiko kapatazari itanduta zelan dan posible holako egoeran lan egitea, berehala era garbian erantzuten dau: gure bezeroei, mundu osoan ezagunak diran marka enpresei, axola jakezan gauza bakarrak dira kalidadea, merkantzia emotearen data eta prezioa; ez langileen lan baldintzak. Honen harira hemengo beharginen lan baldintzak okerrera doaz. Krisia hasi zenetik, 7.500 enpresa itxi dira, horreetariko batzuk kanpora joateko, eta 140.000 langile gitxiago dagoz kotizaten, eta ia langabetu erdiek, gainera, ez dabe saririk jasotzen. Aurten, halaber, hegoaldeko 364.000 langile itun barik gelditu dira eta horren eragina zuzena, besteak beste, soldataren urripenak eta lan orduen gehitzea izango da. Bien bitartean, urtarrilaren hasieran ekonomiaz ari dan egunkari batek bainoan Wall Street-en inoizko irabazirik handienak lortzen ari dirala, “maximo historikoak” aitatzen eban, eta badakigu Wall Street-en Amerikako dirua bakarrik ez, hemengoa be han jokatzen dala. XV. mendeko Berreterretxen kanthoriak haltzei buruz inoan lez, diruak ez dau bihotzik, beti diru gehiagoren bila dabil. Bada, etekinak etekin, honeek are handiagoak izango lirateke, hemengo langileen lan baldintzak Aminen antzekoak izango balira. Lortuko al dabe?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).