Antonio Rojo, luthierra: Stradivariren urratsen at

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 27a, 14:47

Luthierrek hari-instrumentuak egin, konpondu eta tonuan jartzen dituzte. Oso lan zehatza eta konplexua da. Ogibidea Europan ez da hain arraroa, baina Estatuko eskola bakarra Bilbon dago. Eta Lezaman mota honetako artisau bat daukagu: Antonio Rojo. Antoniok 57 urte ditu. Duela urte bi, aurre-erretiroa eman zioten eta horrek astitsu ibiltzea ekarri zion. Esku-lanak betidanik gustatu zaizkio eta egun batean luthiergintzari buruzko erreportaje bat ikusi zuen telebistan. “Horixe egin nahi dut”, esan zion bere buruari. Luthier hasi baino lehen, egurrezko itsasontziak eta hegazkinak zituen eginda, baina tira, ez da gauza bera. Informazioa eta heziketa nahi zituen, eta Bilboko Artisautza Azokatik zebilela, Luis Artola luthier profesionalarekin egin zuen topo. “Han lehenengo harremana landu genuen, baina gero bere tailerrera joan nintzen, Getxora. Bere atzean ibili nintzen; hasieran liburuak utzi zizkidan, baina azkenean, niri eskola ematea onartu zuen (kar, kar)”, dio Antoniok txantxetan. Luis Artolak luthier egiten du lan eta bera izan zen Juan Crisostomo de Arriaga Bilboko kontserbatorioak duen luthierren eskolako sortzaileetako bat. Maisu ederra, bai horixe. “Gaur egun beste lagun bat ere etortzen da nirekin Luisen tailerrera, Javi. Koadrila polita osatu dugu eta esperientziak trukatzen ditugu. Aholkuak eta laguntza ematen dizkiogu elkarri eta hori guztia oso aberasgarria da, batez ere guretzat, ikasleontzat, baina baita maisuarentzat ere. Izan ere, koadrilakoak gauza berriak egiten saiatzen gara, esperimentuak-eta, eta lortzen duguna, Luisek erabili egiten du eskolan”. Antoniok bere kabuz ikasi du, ekinaren ekinez, eta Luisen aholkularitzapean, baina luthiergintza oso arte konplexu eta garestia da. “Maisuari esker diru gutxiago gastatu dut tresnak erosten, baina denak du prezio altua: bernizak Italiatik ekarri behar ditugu eta pote txiki batek 150 euro balio du; egurrari dagokionez, maila ezberdinak daude, baina bataz bestez biolina egiteko erdi-mailako egur zati batek 150 euro balio du, eta goi-mailakoak, 500 euro. Eta haria ere garestia da”. Dagoeneko biolin bi bukatu ditu Antoniok eta soilik materiala erosten 2.000 euro gastatu behar izan du. Inbertsioa txikiagoa izateko, behin baino gehiagotan Antoniok berak landu ditu osagaiak. “Tresna batzuk nik neuk egin ditut, nire beharrizanetara egokituta. Nik metal arloan egiten nuen lan eta lanabesak metalezkoak dira. Beraz, arazorik ez, niretzat. Beste alde batetik, bernizak ere egin ditugu. Stradivari XVIII. mendeko luthier ospetsuak egiten zituen moduan guk geuk egin ditugu. Beste luthier batzuek geure bernizak probatu dituzte eta esan digute Italiako bernizen antzekoak direla. Oso pozgarria izan zen hori entzutea”. Antonioren lan-eskarmentua metal arloan oso lagungarria izan da bere bokazio berrian. “Luthierren lana oso teknikoa da. Neurriak zehatz-zehatzak izan behar dira eta materialak ezagutu behar dira: egurrak, adibidez, gogorra baina malgua izan behar du. Horrela, erresonantzia polita izango du eta hariek egiten duten presioa (30 kilo) jasateko gauza izango da. Enpresa aditu batzuek lantzen dute musika-tresnei zuzendutako egurra, eta kontuan izan behar da nondik datorren, zelan dagoen moztuta... Esate baterako, Astigar kizkurra eta Alemaniako izeia dira onenak. Izeia oso gogorra, malgua eta arina da. Astigarra oso polita da eta erresonantzia polita eragiten du. Egurra Alemania, Austria, Errumania eta Italiako iparraldean dago”. Zaletasuna Antoniok pasioz hitz egiten du luthierren lanari buruz. “Nik ez dut ogibidetzat hartzen; niretzat zaletasuna baino ez da, baina egia esan, primeran pasatzen dut soinu-tresnak egiten. Tailerra garajeko txoko batean daukat eta han orduak eta orduak ematen ditut, musika entzuten eta zura lantzen. Poz-pozik nabil”. Denbora eta pazientzia oso garrantzitsuak dira lan honetan. “Biolinak oso hauskorrak dira eta kontu handiz ibili behar da. Lanaz gozatu behar duzu, baina inolako presarik gabe. Erlojuari begira bazaude, seinale txarra! Batzuetan hiru egun ematen dituzu detaile txiki bat egiteko: zura landu, dena ondo neurtu... Geure lana apur bat bohemioa da, presarik gabekoa, eta xehetasun txikiak zaindu behar ditugu”. Antoniok egin dituen biolin biak semeei oparituko dizkie. Baina hori egin baino lehen, kontserbatoriora eroango ditu, bertako musikariek soinu-tresnok probatzeko. “Guretzat oso baliogarria da biolin-joleen iritzia, tresnak behar den moduan jotzen duen ala ez jakiteko. Dena dela, biolin berria izan arren, beti ajustatu behar da, eta hori luthier batek egin behar du. Biolina zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobeto jotzen du. Biolina gitarra baino konplexuagoa da: oporretan musikariek biolina eramaten diote luthierrari, horrek egunero erabiltzeko eta biolinak bere soinua ez galtzeko. Eta bide batez, luthierrek apainketak egin ahal dizkio tresnari”. Biolina hari-instrumentuen familiaren tresnarik txikiena da, eta Antoniok laster egingo dio aurre hurrengo urratsari: biola bat egin nahi du eta ondoren, ziurrenik, txelo bat. Hala ere, txeloa handiegia eta garestiegia da eta baliteke koadrilakoekin batera egitea. “Soilik txelo bat egiteko egurrak 900 euro balio du. Egunen batean gitarra egitea ere gustatuko litzaidake”. Antoniok biolinak-eta egiten jarraitzen badu, musika-tresnak pilatuko zaizkio etxean. Hori ekiditeko, bere maisuari eman beharko dizkio instrumentuak, kontserbatorioko ikasleei saltzeko. “Dena dela, nire asmoa ez da dirua irabaztea, zaletasuna lantzea baizik”. Soinu-tresnak egiteaz gain, luthierren lanaren beste aldea instrumentuak konpontzea da, eta horretan ere jardun du Antoniok. “Konpontzea beste erronka mota bat da, zirraragarria, inprobisatu egin behar duzulako askotan. Dena dela, nik nahiago dut hasiera-hasieratik eraiki, biolina bukatzen duzunean zeurea delako. Konponketek ardura handiagoa dakarte: zer gertatzen da asmatzen ez baduzu? Edo huts egiten baduzu?”. Orain arte Antoniok bere kabuz egin du lan, enkargurik jaso ez duelako, baina ez litzaioke agindupean lan egitea axola izango. “Niretzat beste urrats bat izango litzateke. Nahiko nuke musikari batek esatea neuk egindako biolin batek izugarri jotzen duela. Nik uste dut nire biolinek itxura dotorea dutela, baina batzuetan zalantzak ditut, benetan ez dakidalako biolinek ondo edo txarto jotzen duten”. Enkarguz Samuel Zygmantovich munduko luthierrik ospetsuenetariko batek egiten du lan. Estatubatuarrak hiru biolin egiten ditu urtean, eta bakoitzak 40.000 euro balio du. Zygmantovich Bilbora etorri zen mintegi bat ematera eta Antonio bertan egon zen. “Izugarria izan zen: bera erresonantzian da aditua, eta teknika berriei buruz hitz egin zigun”. Antoniok ez du asmo handirik, ez du Samuel Zygmantovich bezalako artisau handia izateko grinarik, baina gogor egiten du lan Stradivarik XVIII. mendean perfekzionatu zuen artearen aprendiza duina izateko. Beharbada ez dugu ikusiko, baina bere biolinek ozenki zabalduko dituzte lau haizeetara Antonioren pasioa eta trebetasuna. Metaleko langilea Antonioren gurasoak Extremadurakoak dira eta bera jaioberria zela Euskal Herrira etorri ziren. “Lauzpabost urte beranduago, Txorierrira etorri ginen bizitera. Ez naiz euskalduna eta apur bat lotsa ematen dit euskara ez jakiteak, baina tira... Betidanik bizi izan naiz Lezaman: Bixentekuane baserrian, Loroño Txakolinaren alboan hazi nintzen, gero Kurtzera ezkondu nintzen eta azken 15 urteotan Aretxalden bizi naiz, elizaren aurrean”. Lanari dagokionez ere bada inguruan ibilia. “Hasi nintzen Zamudioko gasolindegiaren alboan zegoen enpresa batean; geroago, Torrelarragoitin; eta 25 urte nituela beste enpresa batera joan nintzen. Beti metal arloan aritu naiz, eta horretan denetarik egin dut: galdaragintza, tornua... Lanean beti ikasten ibili behar izan dut. Hala ere, krisia dela-eta hori itxi egin zen eta aurre-erretiroa eman zidaten”.