Abenturazale erromantikoa

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 10a, 15:20

Alex Txikon arratiarra (Lemoa, 1981-12-12) arriskuari lotuta bizi da, eta hori hainbat arlotan jarten dau agerian: goi-mailako mendiak, base-jauzia, paraxutismoa... Txikon ez dabil ohore edo sari bila; berak bizitzaz gozau gura dau, besterik ez. Helmuga baino, bidea interesetan jako. Alex abenturazale erromantikoa da. Alex Txikonek ondo ezagutzen dau Txorierri. Izan be, azken bolada honetan birritan bisitau gaitu. Irailaren 27an hitzaldia emon eban Lezaman, Gailur mendi taldearen urteurrenaren haritik. Era berean, urtarrilaren 23an Nuptse-Lothse Espedizioa dokumentala aurkeztu eban Sondikan, Altzora euskera alkarteak konbidatua. “Bietan ibili naz oso gustura. Ohore handia da niretzat alkarteak nigaz akordetea. Bereziki polita izan zan Sondikakoa, egun berean Athleticek jokatu eban arren, nahiko jente etorri zalako”, esan deusku Alexek. Txikonek ospea hartu dau, batez be munduko mendirik garaienetatik ibilteagaitik. Bere ibilpidearen ildo nagusia euskerea izan da. “Ni euskalduna naz eta beti saiatu izan naz geure kulturea, hizkuntzea eta nortasuna defendatzen. Adibidez, programa bat egin dot ETB-1ean, baina egia esan, nik bertan parte hartzea onartu neban euskeraz zalako; eurek, ostera, ez dabe benetako apustua egin eta oso baliabide gitxiko saioa izan da. Era berean, Azkue Fundazinoagaz hitzarmena sinatu genduan igaz, baina aurton ez dogu jarraitu, dirurik ez dagoelako. Horren haritik, hitzaldiak emoten ibili naz, bideoak bialtzen... Hitzarmena bertan behera gelditu da, baina nik jarraitzen dot euskeraren alde egiten ahal dodan neurrian”. Alex Lemoakoa da eta Gorbeia hain gertu izanda, ez da harritzekoa mendizalea izatea. “Edozein gazte legez hasi nintzan mendira joaten: Lemoako eskolak urteerak egiten zituan mendi taldeagaz eta apurka-apurka zaletasuna biztu jatan”. Munduan 8.000 metroko 14 mendi dagoz, eta dagoeneko 10 egin ditu Alexek. Everest, K-2, Kanchenjunga eta Nanga Parbat falta jakoz. “Gatxa da horrelako abenturak antolatzea, dirutza balio dabelako eta gero eta gatxagoa dalako diru-laguntzak lortzea. Halanda be, nik espedizinoak egiten jarraitu gura dot, bai horixe”. Igaz etenbarik ibili zan, eta Laila Peak, Nuptse, Lhotse eta K-2 mendietara joan zan. Ezin izan zan guztietara igon, baina horrek ez deutso etsipenik ekarri. “Oso ondo ezagutzen dot mendia, eta batzuetan badakit ezin dana puntaraino iritsi. Niretzat askoz garrantzitsuagoa da ahalegintze, hor egotea, tontorrera igotzea baino”. Bere webgunean dinoen moduan, “Porrota ez ahalegintzea da. Arrakasta... zure etsipenaren erantzuna”. Udabarrian Kan­chen-jungara abiauko dan arren, bere helburua ez da 14 zortzimilak egitea. “Hori Euskal Herrian Juanito Oiarzabalek, Alberto Iñurrategik eta Edurne Pasabanek lortu dabe, eta, nire ustez, kupoa beteta dago. Gaur egun, hamalauak egitea baino askoz garrantzitsuagoa da zelan egiten dozun, nondik igoten zaran... Munduan beste erronka polit batzuk be badagoz eta hareei egin gura deutset aurre”. Base-jauzia Bai, mendia alde batera itxita, Alexek beste arlo batzuetan jarduten dau. Esate baterako, lemoarrak hainbat aldiz hartu dau parte aizkolari txapelketetan, eta Estaduko markarik onena dau base-jauzian. Horretan dabilzanek puntu finko batetik (eraikina, horma...) egiten dabe saltu paraxutagaz. Alexek igaz lortu eban errekorra, Granadan, Veleta tontorrean. Han 3.200 metroko jauzia egin eban. Beste alde batetik, apustu bereziak egiten dauz. Hareetako bat 2010eko martxoaren 1ean egin eban Joseba Otaegi aizkolariaren aurka, Azpeitiko zezen plazan. Bi kirolariek bost herri kirol proba egin ebezan: harri jasotzea, harri tiratzea edo giza proba bakarka, txinga eroatea, aizkora eta korrika. Otaegi nagusitu zan lehian, baina hori Alexi bost. “Nik gura dodana lagunak alboan eukitea eta eurek ondo egotea da. Eta egiten dodazan gauzak egin ahal izatea. Niri helmuga baino, bidea interesetan jat. Sariak eta errekorrak lortu dodaz, eta argi dago batzuk inportanteak dirala, baina nik bizi dodana bizi gura dot... Ez noa ospe edo ohore bila, ez da nire helburua. Niri erronkak gustetan jataz. Batzuetan emoten dau beste baten kontrakoak dirala, Otaegiren aurkakoa legez, baina beti dira nire buruaren kontrakoak: ea gauza izango nazan hori guztia egiteko, maila ona emongo dodan...”. Era berean, barritzailea izan gura dau lemoarrak. “Ni ez naz aitzindaria, ez mendian, ez base-jauzian. Baina neure bidea egiten ahalegintzen naz. Laila Peak mendira neguan joan ginan lehendabizikoak gu geu izan ginan; eta Euskal Herrian 12 lagunek baino ez dabe base-jauzia egiten, eta ni hareetako bat naz. Gauza barriak egiteak motibazinoa ekarten deust. Polita da gauza ezbardinak egitea, lagunakaz biltzea, eurek zuri laguntza emotea... Horrek bizitasuna emoten deust, bizirik nagoala sentiduarazoten nau”. Alex Txikonen hitza, abenturazale erromantiko baten filosofia.