Musikea oso inportantea da berarentzat, eta, bateriaz gainera, bibolina, pianoa eta baxua be badaki joten; halanda guzti be, berak dino ez dala musikaria, “hori garrantzi handiko kontua dalako”. Ane 23 urteko neska bat da, bizitokia Zamudion euki arren, bizitzea Derion egiten dauena. 2012ko martxoan Endemaño musika taldea sortu eban beste adiskide bigaz batera.
Aurkeztu Endemaño.
Musika talde bat da, hiru neskak osatua: Mayi gitarra-jolea, Debakoa; Aitane baxu-jolea, Meñakakoa; eta neu, bateria-jolea. Aitane lehendik ezagutzen neban, saskibaloian jardun gendualako alkarregaz; eta Mayi eta biok orain dala urte bi ibili ginan alkarregaz bizitzen. Musika talde bat osatu behar genduala sentidu genduan, eta halan egin genduan. Mayik bazekien apur bat gitarrea joten, baina Aitanek ez ekien baxua joten; eta nik be ez nekian bateria joten.
Beraz, ekinez ikasi behar.
Nik eurekaz ikasi dot, eta nebak eta lagunek be lagundu deuste, hau edo bestea zelan egin behar neban esanez... Dana dala, nik oso gitxi dakit bateria joten, taldearen abestiak eta kitu.
Gatxa izan da?
Ez. Larrabetzuko Musika Eskolan ibili nintzan eta uste dot han ikasitakoak lagundu egin deustala. Gauza asko ikasi dodaz Musika Eskolan, onerako zein txarrerako.
Adibidez?
Partitureagaz ikasi neban musika joten, eta partitura barik jo behar izan neban lehenengo aldian oso galduta ibili nintzan. Baina askoz atsegingarriagoa da partitura barik jotea, zeure sena erabilten dozulako; barrutik urteten dau musikeak.
Zuei etiketak gustau ez arren, badaukagu danari etiketea ipinteko jokerea. Punk taldea zariela dinoe.
Guk ez dogu berez punk talde bat sortu. Egia esateko, ez dakigu zer musika mota egiten dogun, gure erreferentzia musikalak oso bestelakoak diralako. Guk lau talde edo abeslari doguz komunean: Mikel Laboa, KKK, Spice Girls eta Txirri, Mirri eta Txiribiton (kar, kar). Eta handik abiauta, bakotxak berea entzuten dau: neuk, adibidez, Frantzeska, OGT, RIP, Hertzainak, Kortatu, The Clash... daukadaz erreferentetzat; eta beste taldekideek txunta edo musika komertziala entzun leikie inongo arazo barik. Baita neuk be, momentuaren arabera.
Baina lehenengo abestiak nahiko kañeroak atera omen jatzuezan.
Kontzertu bat egiteko aukerea emon euskuen, taldea sortu eta handik gitxira. Ez geunkan abestirik; eta oso denpora gutxi, ezer prestetako. Abestiak egiteari ekin genion, buru-belarri ibili ginan, eta beharra egin genduan moduan urten euskuen abestiek: azkarrak eta kañeroak. Baina guk ez deutsagu mugarik ipinten geure buruari, eta lehen aitatutako estilo-amalgama hori oso aberasgarria da taldearentzat.
Zelan urten zan lehenengo kontzertu hori?
Ba, azkenean ez genduan emon. Lehenengo kontzertua Bilboko jaietan emon genduan, kalean eta beste talde batzukaz batera. Kontzertuak batez be gaztetxeetan egin doguz. Bilbo eta auzoetako jaietan be jo dogu. Oraindino ez gara oso musikari onak, baina badaukagu adorea, eta moldatu egiten gara.
Eta zelan trataten zaitue musika munduak?
Oso ondo. Gu mugiten garen lekuetan ikusmina sortzen dau emakumezkoa izateak, eta joteko aukerea emoten deutsue. Nahiz eta txarra izan, zeure alde egiten dabe. Emakumea zaranez, ezkertiarra, abertzalea eta feminista izan behar dozula pentsetan dalako. Normalean, mutilek osatutako taldeakaz batera joten dogu, eta ezer falta bajatzu edo beharrizanen bat badaukazu, beti azaltzen dira laguntzeko prest... Mutilek osatutako gainerako taldeakaz ez dabe halan jokatzen. Baina guri bost, gu samintzen ez diran emakumezkoak garalako (kar, kar). Dana dala, ez leuke halan izan behar, emakumezkook gizonezkoak baizen gai eta ezgai garalako. Beste alde batetik, emarock egitasmotik be laguntzen deuskue. Euskal Herriko emakume musikarien beharra bultzatzeko egitasmo bat da hori (emarock.com).
Hamahiru abesti inguru daukazuez amaituta. Zeri buruzkoak dira?
Indarkeriaz egiten dogu berba, Euskal Herriko egoeraz, Endemañoz... Hemendik at! eta KKK taldeen bersinoak be egiten doguz kontzertuetan.
Zer da Endemaño?
Aitaneren familiaren baserria, Gobernuak desjabetu ebana, bertan Soietxeko kuartelaren tiro-zelaia eregiteko.
Badaukazue maketarik grabauta?
Bilboko jaietan, kalean, joten gengozala, mutil bat hurreratu jakun eta diskoetxe bat eban senide bat ebala esan euskun, eta maketa bat pasetako. Ba, ezer be ez, baxu-joleagaz ligau gura ebala uste dogu (kar, kar). Baina maketea grabetako gogoa etorri jakun, eta urrian bost abesti grabau genduzan Frantzeska taldearen lokalean. Ahal izan genduan moduan. Oraindino ez dogu remasterizau. Ahal dogunean egingo dogu, hau dala, bestea dala, ez dogulako entseguak egiteko unerik be topaten. Gu autogestinoaren aldekoak gara: kontzerturik emon gura dozu? Ba, tresnak hartu eta egin; kalean, beharrezkoa bada. Maketarik grabau? Ba, zuk zeuk egin.
Kontzerturik agendan?
Oraingoz kontzertu gehiagorik ez emoteko erabagia hartu dogu. Guk alkarregaz ondo pasetako egiten doguz kontzertuak, baina azken emonaldietan konturatu gara gure artean ez dala sentsazino edo sentimentu hori egon, kontzertuak entzuleei gustu emoteko egin doguzala. Eta hori ez da gure nahia. Noz biztuko jaku kontzertuak barriro emoteko gogoa? Ba, ez dakigu. “Bihar eta behar” da gure filosofia. Ez dakigu bihar zer gertatuko dan, eta beharrizanen arabera hartzen doguz erabagiak, momentu bakotxean zer sentitzen dogun.
Gaztea eta ...
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).