Ahoa digestio-aparatuaren sarrerako atea da. Dagoeneko, guztiok dakigu zein inportantea den hortzak era egokian garbitzea; hala ere, ez dago sobera oinarrizko zaintzak noizean behin gogora ekartzea. Ezta dentistarenera urtean bitan joatea ere. Gaixotasunari aurrea hartzen laguntzeaz gainera, aholkuak emango dizkigu aho-higiene on bat izateko.
Plaka bakterioen eta elikagaien nahasketa bat da eta hortzei, hortzoiei eta mihiari atxikitzen zaie otorduen ostean. Egunero kentzen ez badugu, txantxarra eta hortzoien gaixotasunak ekarriko dizkigu eta denboraren poderioz gogortu egingo da, harik eta lertzo bihurtu arte. Plakak eta lertzoak, besteak beste, arazo hauek sortzen dituzte: txantxarra, gingibitisa, periodontitisa, mina eta halitosia. Era berean, arazoak sor ditzakete gorputzaren beste atal eta sistema batzuetan.
Hortz osasuntsuak garbi daude, eta ez dute txantxarrik. Eta hortzoi osasuntsuak arrosa kolorekoak dira, eta sendoak. Komenigarria da hortzak otorduen ostean garbitzea, hiru aldiz egunean. Garbiketak minutu bi iraun behar du: ahoa lau aldetan zatitu eta alde bakoitzari 30 segundo eskainiko dizkiogu. Eskuilatze-teknikak oso inportanteak dira higiene on bat izateko. Zalantzarik badugu, onena dentistari galdetzea da, berak azalduko digulako zein den hortzak garbitzeko erarik onena.
Hortzak ez ezik haien artean dauden guneak ere garbitu behar ditugu. Horretarako, hortzetako haria edo eskuila interproximalak erabil ditzakegu. Mihia ere garbitu behar da, atzetik aurrerantz. Baina hortzak eta mihia garbitzea ez da nahikoa, eta kolutorioaren bat erabiltzea ere onuragarria da. Merkatuan badaude eskuila mota asko, hortzetako pasta mota asko, hortzetako hariak, eskuila interproximalak, kolutoriak... Bata edo bestea aukeratzeko orduan, dentista da berriro ere gure aliaturik onena, gure beharrizanen arabera, produktu bat edo bestea erabiltzeko aholkua emango digulako.
Prebenitu
Zentzu honetan, aipatu behar da, profesional batzuen ustez, hobe dela hortzetako eskuila elektrikoa eta irrigadorea erabiltzea. Izan ere, eskuzko eskuila erabiltzen dutenetariko askok hori hortzoien kontra estutzeko joera dute. Ondorioz, lesioak edo, ondo eskuilatzen ez jakiteagatik, lertzo handia izaten dute.
Bestalde, dentistarengana ez dugu mina edo arazoren bat dugunean bakarrik jo behar. Komenigarria da kontsultara sei hilabeterik behin joatea, prebentziozko neurri moduan. Izan ere, txantxarra edo beste mota bateko arazoak goiz hartzen badira, askoz larriagoak eta mingarriagoak diren gaixotasunak ekidin daitezke. Gainera, garbiketa profesionala zer maiztasunekin egin behar dugun esango digu, hori ere ezinbestekoa delako aho-higiene egoki bat izateko. Normalean, profesionalek urtean behin edo bitan egitea gomendatzen dute, baina maiztasuna alda daiteke gaixo bakoitzaren arabera.
Txorierrin, non?
-Aldekone hortz-klinika. Uribe 7, behea, Derio. 94 454 15 87.
-Jasone Azurmendi hortz-klinika. Pakearen plaza 1, 1-A, Derio. 94 454 37 05.
-Zainduz hortz-klinika. Txorierri etorbidea 9, lonja, Derio. 94 454 01 01.
-Txorierri hortz-klinika. Mitxine 6, behea, Sondika. 94 471 16 39.
-Idoia Zubieta hortz-klinika. Uribe plaza 1, Zamudio. 94 452 13 70.