SmartWatch: apetazko erlojutzarrak ala traste erabilgarriak?

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 24a, 10:39
t: Xabier Díaz, BTEKeko zuzendaria
Ikastolan nintzela, kalkulagailudun erloju bat ekarri zuen behin mutiko batek. Inbidia apur bat sentitu genuen, eskumuturra baino zabalagoa zen eta botoi nanoak zituen traste hori ikusi genuenean, bai! (azterketak egiteko amesten genuen batez ere, haren erabileragatik). Eta erloju digitaletan gero eta aplikazio gehiago ezartzen ibili ziren: kronometroa, barometroa, iparrorratza... Azken urteotan, aldiz, beste joera bat nagusitu da: gero eta erloju sinpleagoak jarri dira modan. Batzuk hain minimalistak ziren, ezen gaitza izaten zen zer ordu zen jakitea. 2013an, beste alde batetik, smartwatchak hasi ziren loratzen mugikor adimendunen eskutik. Mugikorren kopia txikiak dira, GPS, sare sozialak, jokoak eta abar erabiltzeko prestatuak. Pantaila txikiagoa dute, noski, eta mugatuagoa da haien hardwarea ere (kamara, GPS, sentsoreak...). Horregatik, nahiz eta badiren banaka batzuk eurek bakarrik deiak egiteko gai direnak (“omate” erlojua, adibidez), telefonoarekin konektatuta erabiltzeko pentsatuta daude gehienak. Merezi dute? Abisuak jasotzeko erabiltzen dira orokorrean: mezuak, whatsappak, agenda, sare sozialak eta abar, eta bluetooth edo NFC bidez egiten dute telefonoarekiko konexioa. Ahots-ezagutzarako sistemaren baten bidez erantzun ahal zaie halako abisuei. Era horretan gehitu ahal dira, orobat, hitzorduak, edo erabili aplikazio batzuk. Botoitxo pare bat eta ukipen-pantaila izaten dituzte, eta haiek nahikoa dira aukeraketak egiteko, baina idazteko... Pantailari dagokionez, gehienek 1,26 edo 1,6 hazbetean bilatu dute oreka; hau da, 3,2 cm-tik 4 cm bitarteko diagonalean. Izan ere, pantaila handituz gero, erlojua handiegia izango litzateke; eta txikituz gero, txikiegia, erabiltzeko. Aukerak gero eta gehiago dira: fitnessa, bideo eta argazkiak, musika, jokoak, moodinga (erlojuaren pantaila, kaxa eta uhala pertsonalizatzea, alegia)... Eta 120 eurotik gora “bakarrik”, eta gehienez bost edo zazpi eguneko autonomiarekin. Beraz, merezi dute? Etxetik irten baino lehen, aurikularrak hartu ditugu, eta poltsikoan sartu dugu mugikorra. Metroan mugikorreko musika erlojutik entzuten goazela, azken orduko mezuak eta agenda ere jaso ditugu bertan. Zortzietan puntuan irratira pasatu da automatikoki, eta azken albisteak entzun ditugu. Geltokira iritsi garenean, kioskotik hurbil gaudela jabetu da lokalizatze-sistema, eta egunkaria erosi behar dugula gogorarazi digu. Arratsalderako eguraldi ona datorrenez, ahots-ezagutzarako sistemaren bidez mezu bat bidali diogu lagun bati bizikletan buelta bat emateko. Bizikletan goazela, ibilbidearen jarraipena ikus dezakegu erlojuan. Eta, era berean, zer distantzia eta desnibel egin dugun, zer abiadura daramagun, zenbat kaloria erre ditugun... Mendi tontorrera iritsi garenean, argazki bat, noski... Aipatutako guztia egiteko, ez da halako erlojurik behar, baina lan eta bizio batzuk erosoago egiten ditu. Bakoitzak erabaki behar du merezi duen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).