Katalunia, kateak hausteko garaia

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 24a, 10:45
t: Aitor Badaia
Argi dago azken aldian Kataluniak protagonismoa kendu diola Euskadiri Espainiako haitzuloetako komunikabideetan. Zergatik? Katalanei galdetu nahi zaielako ea nola garatu nahi duten euren etorkizuna. Espainiako familia handiak, konstituzio baten bidez (konstituzio ukiezina, aldaezina, bozkaezina, niri dagokidanez) guztiok araupetzen gaituenak, esaten du katalanek ezin dutela horri buruzko erabakirik hartu, erabaki hori espainiar guztien esku dagoela. Tira, hau, hizkera soilez azalduta da... nik esaten badut ezkondu egingo naizela, ezin dudala hautatu norekin: erabaki hori nire lagun ezberdin eta anitzek hartuko dute; izan ere, batekin edo beste batekin ezkondu, zenbait erabaki gogor eta garrantzitsu horren araberakoak izango dira, hala nola, hil guztietan txokoan egiten dugun bazkaria edo koadrilarekin asteburuko irteeraren bat. Eta, noski, erabaki horiek eragina dute nire adiskideen artean. Etxetik ibiltzeko moduko konparazio hori bazter utzita, argi dago zerbaitek ez duela funtzionatzen espainiar estatu honetan, administrazioz kide garen estatu honetan. Eta ez naiz ari Madrilen ohikoa den kudeaketa txarraz, ezpada egoera bereizgarri bat behin eta berriz ukatzeaz, nahiz eta egoera hori islatuta dagoen euren konstituzio goraipatu, aldaezin eta perfektuan. "Baldintza bereizgarri"-ak identifikatze kolektiboaren zeinuak dira, ahalbidetu egiten dutenak komunitate politiko baten berezitasuna aitortzea eta beste batzuen artean bereiztea. Hori aitortzen du Espainiako konstituzioak Euskadiri eta Kataluniari dagokionez. Bada, hori horrela bada, hilkorren logika komuna baliatuta, pentsatzekoa da komunitate politiko bereizi horrek (ez hobea, ez txarragoa; ezberdina), behin horretara iritsita, kontsulta baten, erreferendum baten edo dena delakoaren bidez, bere etorkizuna erabaki ahal izango duela. Kataluniak prozesu garbiari jarraitu dio, nire ustez, ikuspuntu demokratikotik. 2006ko ekainaren 18an onetsi zen Nou Estatut delakoa, Kataluniako Parlamentuko gehiengo handi baten bidez. Zenbait promesa eta gorabeheraren ondoren, 2010eko ekainean Auzitegi Konstituzionalak estatutu horren aurkako epaia eman zuen. Alfonso Guerrak ondo esan zuen: "eskuila pasatu diogu". Bistan dago Kataluniaren subiranotasunari eginiko burla horrek berehalako isla duela: 2010ean Kataluniako Asanblada Nazionala (ANC) sortu zuen, hots, lehenengo Estatuta onetsi eta 39 urtera berpizten den mugimendua dugu; baina, oraingoan Kataluniako gizartetik bertatik jaio da, alderdi politikoak ez dira gidari. Hilabete igaro aurretik, ANCak milioi eta erdi kataluniar jarri zituen kaleko manifestazio batean, eta manifestazio hori ondoz ondotik errepikatu da 2011ko, 2012ko eta 2013ko irailaren 11n (Kataluniako Diada Nazionala). Ondoren, giza kate bat egin da, eta nazioarteko iturriek adierazitakoaren arabera, 2 milioi pertsona bildu ditu. Hori guztia mahaiaren gainean edukita, Artur Mas presidentak herriak eskatutakoa jaso eta 2014ko azaroaren 9an erreferendum bat deitzea erabaki du, Kataluniako Parlamentaren gehiengoak adostutako galderekin: Katalunia estatu bat izatea nahi duzu? Baietz erantzun baduzu: estatu independentea izatea nahi duzu? Eta, bitartean, Espainian zer? Ezer ez, zaharrak berri: Kataluniako haurrak espainiartu nahi dira (Wert dixit) eta obrak eta azpiegiturak geldiarazi dira. Halaber, Kataluniak ordaindutako zergak, estatuak hitzemanda zituenak, ez dira igortzen eta horrek hainbat eremutako ordainketak egin ezin izatea dakar: farmaziak, egoitzak, eskolak, ospitaleak... Gogora dezagun Kataluniak ez diela ordainsari bikoitzik ordaindu bere funtzionarioei 2010az geroztik, ez duelako jasotzen kataluniarren zergetatik eratorritako dirua, nahiz eta gobernu zentralak emango duela "hitzeman". Kataluniak, nolanahi ere den, bere bideari jarraitzen dio eta hartzen duen edozein erabaki errespetagarria izango da, hala bere kateak haustea erabakitzen badu nola horiekin jarraitzea erabakitzen badu. Eta Espainiako gobernuari galdera umil bat besterik ez: zergatik egiten du autodeterminazioaren alde, horren etekina ateratzen duen herrialdeetan bakarrik?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).