Kerman Lejarraga, boxeolaria: "Atzera egiten ez da

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 24a, 10:59

Azken bolada honetan boxeorako zaletasuna berbiztu da Txorierrin. Zamudion, boxeo alkarte bat sortu dabe, eta harek burruka batzuk antolatu dauz herrian. Jaialdi horreetan Kerman Lejarragak (1992-02-19) hartu dau parte. “Morgako errebolberra” esaten deutsie eta oso ausarta ei da ringean. Ez daki atzera egiten. Ez da ohikoa Txorierrikoak ez diran lagunak Aikor! aldizkariaren orrialdeetara ekartea, baina Kerman Lejarraga morgarragaz salbuespena egitea merezi dau. Izan be, lotura estua dau bailaragaz. “Derioko institutuan ikasi neban eta txikitan pelotan jokatzen neban Lezamako eskolan. Beraz, jente pilo bat ezagutzen dot bertan. Gainera, askotan joaten naz Larrabetzura zerbait hartzera neskalagunagaz... Morgan bizi izaten jarraitzen dot, baina betidanik ibili izan naz Txorierritik”, esan deusku. Kerman etorkizun handiko boxeolaria da eta dagoeneko egin dau debuta profesional mailan. Guztira lau burrukatan hartu dau parte: guztietan nagusitu egin da eta hirutan denporea agortu baino lehen nokeau dau arerioa. Kermanek jakin badaki lehenengo porrota helduko dala, baina prest dago hori gertatzen danerako. “Altzau egingo naz eta burrukan jarraituko dot; ez dago besterik. Ez dakit zer dan atzera egitea”. Hauxe da Kermanen leloa, eta agian horrexegaitik hatzen dau boxeolari jotzailetzat bere burua. Ausardiaz gain, esfortzua eta diziplina dira boxeolariei eskatzen jakezan ezaugarrietako batzuk. Eta Kermanek hitzez hitz beteten dau boxeoaren arautegi hori. “Egunean bost ordu entrenetan dot. Astean hirutan edo lautan, goizeko 6etan izartzen naz eta ariketa batzuk egin eta gero, mendira joaten naz txakurrakaz korrika egitera. Bataz beste 40-60 minutu emoten dodaz korrika egiten. Gaur, esate baterako, Bizkargi mendira igon dot. Itzel gustetan jat menditik korrika egitea, batez be goiz-goizean: ez dago jenterik eta horrek bakea ekarten deust. Gainera, aldapan gora eta behera ibilten naz eta hori oso onuragarria da sasoian egoteko”. Korrikea entrenamentuaren zati txiki bat baino ez da. “Gimnasiora, Bilbora, 10:30erako noa, eta bertan beste ordu pare bat emoten dot. Gimnasioan danetarik egiten dot, hurrengo burrukea noiz egingo dodanaren arabera. Gertu badot, hainbat ariketa egiten dodaz ringean: entrenatzaileagaz entrenau egiten dot ringean, gimnasioko beste kide bategaz burrukatzen dot, zakuari emoten deutsat...; burrukarik ez badot, ostera, behar fisikoa egiten dot. Arrastian, etxean bazkaldu eta atseden hartu ostean, gimnasiora itzultzen naz, 18:30ean, eta beste ordu bi entrenetan dot. Asteburuetan be ariketak egiten dodaz: korrika, uger egin...”. Gimnasioa bere bigarren etxea da. “Berton emoten dodaz ordu gehienak, eta paradoxikoki, hau da gehien sufritzen dodan lekua. Ringean ondo sentiduten naz, baina entrenamentuak batzuetan sarraski hutsak dira (kar, kar): arerioak, eskuzorroei emon...”. Era berean, profesional maila askoz gogorragoa da, eta entrenamentuak be gogorragoak dira. “Kategoria profesionalean ez dira hainbeste benda eskuetan jarten, eta eskunarruak askoz gogorragoak dira; beraz, kolpeak askoz mingarriagoak. Gainera, zaletuen kategorietan asalto gitxiago jokatzen dabez eta burrukak ez dira hain neketsuak”. Boxeolariek sasoian egon behar dabe, jakina, eta horretarako elikadurea be funtsezkoa da. Normalean kirolariek eurek zaintzen dabe zer jaten daben, baina Kermanek ez deutso horri arreta handirik emoten. “Argala naz eta ez dot arazorik pisua kontroleteko. Burrukea gertu badot, aurreko egunetan erropa gehiago janzten dot entrenamentuetan, izerdi gehiago botatzeko, eta azken bi egunetan ez dot ezer jaten, ezta edaten be. Burrukarako pisau ostean, aldiz, bapo jaten dot pisua berreskuratzeko eta ringean indartsu ibilteko”. Inoiz ez bakarrik Gogortasunari boxeolariaren bakartadea ganeratu behar jako. Baina Kerman ez da bakarrik sentiduten. “Askotan bakarrik entrenaten dot, baina ni gustura nabil: nire munduan sartzen naz, musikea entzuten eta guztiz kontzentrauta ariketetan. Eta konpainia behar izan ezkero, entrenatzaileak eta kideak dagoz gimnasioan”. Eurek dira Kermanen familia. “Giro ederra dogu boxeolarion artean eta beti gagoz alkarri laguntzeko prest”. Kermanek gauza onak baino ez dauz esaten boxeoari buruz, baina, egia esan, kirol horrek oso ospe txarra dau. Morgako gaztea ez dator bat. “Askok eta askok gogor kritikaten dabe nire kirola, baina ziur nago eurak ez dirala inoiz gimnasio baten egon. Ez dakie zer dinoen. Gimnasioetan ez dago jente txarrik; jente txarra futbolean dago: boxeo-burrukaldi baten ez da poliziarik behar, eta futbol partida baten, bai, ostera. Gu kirolariak gara: nik burrukatu aurretik eta ostean besarkatzen dot arerioa. Boxeoan ez dago arrazakeriarik, ez ezer. Ringean bardin deutso baltza, zuria ala txinatarra zaran, bardin deutso aberatsa ala txiroa zaran”. Ospe txar horrengaitik, beharbada, beste kirol batzuetan ibili zan Kerman txikitan. “Pelotan jokatzen neban, baina ez nintzan oso ona. Gero lagunek bultzatu ninduen kick-boxinga egitera. Hasieran, ez neban gura, baina hasi nintzan eta handik boxeora pasau nintzan. Zaletasuna hasi zan bizten eta hemen nago”. Boxeoak bizitzea aldatu deutso Morgako gazteari. “Nik oso bizimodu txarra eroaten neban boxeoan sartu baino lehen: burrukatan nenbilen eta ondorioz, epaiketak euki dodaz... Ezagutzen nabenek dinoe boxeoa eukiko ez baneu, kartzelan egongo nintzela”. Gainera, boxeoak ikasteko gogoa emon deutso Kermani: suhiltzailea izan gura dau eta hori lortu arte, ikastaroak egiten dabil. Boxeoko webgune bateko aditu baten arabera, Kerman Estaduko laugarren boxeolaria da bere pisuan. Morgarrak asmo handiak dauz eta ahalik eta gorenera heldu gura dau boxeoan, baina ezelango presino barik. Izan be, boxeatzea da bere lehentasuna, ez txapeldunen garrikoak lortzea. “Europako txapelduna suertaten banaz, ederto, baina lortzen ez badot, ez da ezer gertatzen. Nik burrukatu gura dot, eta kitu. Nire bizitzea kirola baino askoz garrantzitsuagoa da”. Era berean, badaki boxeolariek Estaduan etorkizun handirik ez daukiela. “Boxeolariei ondo ordaintzen jake, gehien kobraten daben kirolarietakoak izango dira, hain zuzen be, baina ez Espainian. Euskal Herrian be gatxa da boxeotik bizi izatea. Estadu Batuetan gauza ezbardina da, eta dirutza kobraten dabe, baina bertan milaka boxeolari dagoz eta oso gatxa da onenenetariko bat izatea. Nik ez dot kanpora joateko gogorik: nire bizitzea, nire txakurrak, nire familia eta lagunak hemen dagoz eta neuk be hemen egon gura dot”. Eta hemen egongo da “Morgako errebolberra”, burrukatzen eta etenbarik aurrera egiten. Gerra-margoak Kerman aurrez aurre dozunean, oso deigarriak dira bere tatuajeak. Ameriketako indioek arpegia pintaten eben gerratan ibilten ziranean, eta Kermanek be badauz gerra-margo garaikideak. Bere gorputza bere bizitzaren mapa bilakatu da. “Tatuajeak nire drogea dira. Egia esan, ez dakit zenbat dodazan: zortzi edo hamar, beharbada. Lehenengoa lepoan egin neban eta apurka-apurka gero eta gehiago egin dodaz. Ezkerreko besoan aingura bat dot, eta horrek segurtasuna emoten deust; kartak eta pistola bat be badodaz; hiru puntako kurutze bat dot ezkerreko besaurrean. Horrek nire hiru oinarri islatzen dauz: boxeoa, familia eta lagunak. Nire lehengusuaren, amaren eta txakurren izenak dodaz, Euskal Herriko armarria, errebolberra...”.